Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Psilocybe Aretoan

2023-02-01
Psilocybe Elkarteak hogeita hamargarren urteurrena beteko du aurten

Udalak hainbat hobekuntza lan egin ditu Psilocybe Aretoan. Horren berri emateko eta Psilocybe Elkarteak 30 urte bete dituela aditzera emateko, gaur eguerdian bisita egin dute Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Gazteria eta Sustapen Ekonomikoko zinegotziak, eta baita Egoitz Alcaraz Psilocybe Elkarteko presidenteak ere.

Txomin Sagarzazu alkateak Psilocybe Elkartetik egiten den lana goraipatu du. “Hondarribian lehen mailako eraikin bat dugu musika entseatzeko eta kontzertuak eskaintzeko. Udal titulartasunekoa izan arren, Psilocybe Elkarteak kudeatzen du modu koordinatuan. Aurten 30 urte bete ditu eta hemen gaude horri balioa emateko. Duela 30 urte proiektu bat zena, gaur egun oso errealitate bizia da, denok gustura egoteko modukoa”.

Maria Serranok gaineratu duenez, “Psilocybe Elkartea modu autonomoan funtzionatzen duen elkartea da, eta eraikinak izan ditzakeen akatsak hobetu edo konpondu behar direla antzematen dutenean, horren berri ematen digute, eta Udalak, dirulaguntza baten bidez normalki, konponketa burutzen du. Haiek arduratzen dira bizia emateaz eta entseguak eta kontzertuak programatzeaz, eta bistan da emaitzak positiboak direla”.

Hobekuntza desberdinak

Egoitz Alcarazek eskerrak eman dizkio Udalari, “beti baitago prest guk ikusten ditugun eta gure ustez beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko. Gainera, hobekuntza txikiak egin behar direnean, esan behar da guk ere egiten ditugula, eta dirulaguntzak eskatzen ditugu hobekuntza horiek egiteko gai ez garenean, adibidez, tamainagatik.

Duela gutxi, Udalak hainbat lan egin ditu argiztapena hobetzeko, intsonorizazioa hobetzeko, airearen kondultoan eta mantentze-lanak egiteko, Psilocybeko bazkideok egiten ditugun eguneroko hobekuntzez gain.

Gogoratu nahi dut hau eraikin publikoa dela, irekia, eta, egia esan, jende gazte gehiago etortzea gustatuko litzaiguke. Nire ustez, sonoritatearen ikuspuntutik, Euskadin dagoen lokalik onenetakoa da. Gainera, emakumeen presentzia sustatzeko ere lan egingo dugu. Ildo horretan, eraso sexistei aurre egiteko protokolo bat lantzen ari gara.

Aurten Psilocybe Elkarteak 30 urte bete ditu. Hasi gara eskaintza kulturalarekin, 30 urte hauetako bilduma bat egin nahi dugu, baita ekitaldi nagusi bat ere. Barrutik zein Udalarekin lanean ari gara, eta ea laster zerbait itxi dezakegun” amaitu du Alcarazek.