Aplikazio habiaratuak
Hondarribiko leinuak eta abizenak
Hondarribiko leinuak eta abizenak
Kulturaren sustapena, Udal Agiritegiko Udal Zerbitzuak duen berezko ekintzen artean dago, funtsezko helburu batekin: Hondarribiko historiaren inguruko ikerketak bultzatu eta indartzea.
Horren inguruan, genealogiari buruzko hainbat ikerketa argitaratu ditugu, Fermin Olaskoaga Ortiz idazle hondarribiarrak sortutakoak. Ikerketa hauek Hondarribiko familia askoren erroak berreraikitzen laguntzen dute eta, ondorioz, gure hiriko historiaren inguruko informazio ugari ematen digute.
Argitalpen digital honetan gauzatzen den proiektua, ikerketa historiko zorrotz eta arretatsu baten emaitza da, agiritegietako dokumentu ugariren ikasketa ordu (urte) asko behar izan dituena eta bibliografia espezializatua erabili duena.
Leinu bateko burutzat hartzen den pertsona aukeratu eta, modu ordenatu eta jarraitu batean garatzen da zuzeneko ondorengoen arteko erlazioa. Batzuetan, abizenaren jatorria testuinguruan kokatzeko asmoz, abizena Hondarribira sartu zuten pertsonen arbasoekin hasten da, pare bat belaunaldi atzerago begiratuz. Pertsona hauekin hasiz, haien ondorengo guztiak garatzen dira, bai Hondarribikoak eta baita beste lekuetako familia hauen ondorengoak ere. Logikoki, bere oinordeko guztiek dute abizen berdina; gizonezko oinordekoa bada, lehenengo abizena izango da eta emakumezko oinordekoa bada, bigarrena.
Leinuen aukeraketa, abizenak aukeratzeko ondorengo irizpideak kontu hartuz burutu da:
- Hondarribiko jatorrizko abizenak, bertako oinetxeetan jatorria dutenak edo bertan sortu direnak, adibidez, Arsu, Berrotaran, Fuenterrabía, Justiz...
- Jatorria beste udalerri batean duten abizenak, baina Hondarribian oinetxeak dituztenak, adibidez, Casadevante, Ubilla, Zuloaga...
- Jatorria beste leku batean izan arren, gure hirian grafia aldaketak jasan dituztenak, hortaz, hein batean jatorria hirian bertan dutela kontsideratzen direnak. Adibidez, Higos, Iridoy, Tife...
- Hondarribiko alkatearen edo epaile arruntaren aurrean kaparetasuna eta odolezko noblezia frogatu zuten pertsonen arbasoen abizenak, adibidez, Berra, Elduayen, Iza, Lazcanotegui, Lecuona, Olaizola, Oronoz, Sagarzazu, Sorondo…
- Jatorria Euskal Herrian ez izan arren, gure hirian 200 urtetik gora daramatzaten abizenak, eta ondorioz hiriaren nolabaiteko parte direnak, adibidez, González, Ortiz, Pérez, Ramery...
- Aurreko irizpideak betetzen ez dituzten abizenak, baina hirian oso integraturik daudenak eta Hondarribian ondorengo asko dituztenak, adibidez, Lapiz, Virto...
Kontuan hartu behar da leinu hauek, askotan, ustez Irunen jaioak diren pertsona ugaritan azaltzen direla, benetan, Jaitzubian jaioak direnean. Jaitzubia Hondarribiko eskumenaren barnean dagoen auzoa da, eta 1880. urtera arte, auzo honen zati handi bat Irungo Junkaleko Andre Maria Parrokiari zegokion. Gertakizun honen adibide dira kasu askotan, Berrotaran, Aguinaga eta abar.
Orain arte garatutako abizenak
Leinu hauek aurkezpen bikoitza dute. Lehen zatia belaunaldiek garatutakoa da, eta bigarrena, familiek garatutakoa, leinu berdinak eskematikoki azalduz. Hori dela eta, bi zatiek eduki berdinak dituzte.
Lehen zatian, pertsona bakoitzak zenbaki esklusibo bat dauka. Honek (sigue) hitza badarama, bere azpian eta pertsona zenbaki berdinarekin azalduko diren ondorengoak dituela esan nahi du. Beste alde batetik, pertsona batzuen izenaren ondoren parentesi artean dauden pertsona izenek, haien arbasoenak direla esan nahi dute, hurbileneko belaunaldietatik hasita. Lehena aita edo ama izango da, bigarrena aitona edo amona, hirugarrena birraitona edo birramona, eta horrela hurrenez hurren.
Bigarren zatian, pertsona bakoitzaren aurrean dauden zenbakiek leinuko lehenengoari dagokionez belaunaldi gradua zein den esan nahi dute.
Azkenik, bizirik dauden pertsonen jaiotze edota ezkontza datak enkriptaturik daudela erreparatu dezakegu, datu horiek babesteko, beraz, ez dira eskuragarriak.
Eduki publikatzailea
Alcain
Oso abizen zaharra da, Alcaingo Santa Maria toponimoari lotutakoa. Izendapen horixe izan zuen antzina Gabiriak, Gipuzkoako Goierrin kokatuta dagoen landa-udalerriak.
Amunarriz
Hondarribian hedapen zabalekoa bada ere, herrian kokapen berantiarrekoa da Amunarriz abizena. Zehaztasun handiz baiezta dezakegu 1780ko hamarkadan iritsi zela abizen hau gure herrira.
Arbelaiz
Arbelaiz deitura oso zaharra da. Irunen du jatorria, eta oso hedatutua dago nazio askotan. Aipatzekoa da Hego Amerikan kokatu zen familia batek Arbelaez-era aldatu zuenela abizena.
Ausan
Oso abizen berezia da, bere ortografian bertsio ezberdinak dituelako eta bere jatorria denboran eta tokian zehaztea zaila delako.
Berra
Abizen honek Donostiako Altza auzoan dagoen izen berdineko oinetxean du jatorria. Nicolas Francisco izan zen Hondarribian bizi izan zen lehen Berra, 1707an hondarribiar batekin ezkonduz.
Berrotaran
Oso abizen zaharra da, eta zaila da sorrera Lesakan edo Hondarribian izan zuen jakitea. Ezbairik gabe, XVI. mendearen hasieratik aurrera abizen hau Hondarribian garatu zen bereziki, Lesakan garatzeari utzi zion heinean.
Campandegui
Hondarribian Campandegui abizena, berez Urruñakoa zen Juan Campandegui Echeverriaren ondorengoekin hasi zen.
Casadevante
Casadevante oso abizen zaharra da eta XVII. mende erdialdera arte ia esklusiboki Hondarribikoa. Posible da jatorriz gaskoia izatea.
Elduayen
Elduayen abizenak, izen bereko herrian zegoen oinetxe primitibotik hartu zuen seguruenik bere izena, gaur egun, ofizialki Elduain izena duena.
Emparan
Emparan abizena oso zaharra da, Bidasoaldean Irunen eta Hondarribian dagoen izen bereko baserrian sortu zen. Leinu honetan 17 belaunaldi garatzen dira.
Errazquin
Errazquin abizenaren jatorria izen berereko nafar udalbatzaren deituratik dator. XVII. mendean zabaldu zen Gipuzkoako hainbat eskualdetan eta baita Hondarribian ere. Harrigarria da bere armarriaren jatorria.
Fuenterrabia
Herritar gehienok ezagutzen ez dugun abizena da. Lehen datuak 1825eko biztanleen erroldan topatu dira. Zalantzarik gabe, kalean utzitako haurrei edo ongintza-erakunde batean utzitako haurrei jarritako abizena da.
González
González antzinako abizena da eta gure hirian oso errotuta dago. Bere jatorria aurkitu ezin izan den arren, abizen bereko herrikide ugarien artean zeintzuk diren leinu honetakoak jakitea interesgarria da.
Higos
XVIII. mende erdialdean Hondarribian itxuraldatu zen abizena da Higos. Jatorrizko forma Figols zen, Hondarribia eta Irunen Guibolz, Figole eta Figos formak hartu zituena, Higos bilakatu zen arte.
Iridoy
Iridoy Hondarribian eta Irunen ia esklusiboki garatu den abizena da. IHIDOY edo DIHIDOI abizen originalaren deformazio bat da, jatorria Béhorléguyn duena (Behe Nafarroa).
Iza
Nafarroako Iza/Itza udalerrian du jatorria, eta berehala zabaldu zen Hego Euskal Herriko herri askotara. Baina Hondarribian bere ezarpena nahiko berria da, 1750eko hamarkadan iritsi zen, eta gaur egun bizitasunarekin mantentzen da.
Lapitz
Lapitz Ipar Euskalerritik datorren abizena da, eta berandu etorri zen Hegoaldera, hedatuz gaur arte batez ere Hondarribian.
Lazcanotegui
Deitura hau Ataunen sortu zen, izen bereko armarría dun oinetxean, baina XVIII. mendearen hasieratik Hondarribian halako moduan garatu da, eta, hain zuzen ere, abizena hondarribiarra dela ematen du.
Lecuona
Lecuona abizen oso ugaria da eta hispaniar mundu osoan zabaldua dago. Jatorria zehaztea zaila da Oiartzundik datorren, edo Legazpitik datorren, edo bi herrietatik datorren, nahiz eta Hondarribikoen Lecuona, zalantzarik gabe, Oiartzuni dagokion.
Martínez
Martinez abizen patronimikoa da, eta oso zabalduta dago mundu osoan. Adar bat 1700eko bigarren hamarkadan errotu zen Hondarribian, eta etenik gabe irauten du gaur egun arte.
Olaizola
Baserri edo leinu-etxe baten izena da Olaizola, baina baita Oiartzungo bailaran jatorria duen abizena ere. Sorrera XV. mendearen erdi aldean kokatzen da.
Olascoaga
Oso abizen zaharra da eta izen bereko oinetxe primitiboan du bere jatorria, dudarik gabe. Aia herrian kokatzen da, Orio eta Zarautzen artean, Gipuzkoan.
Olazabal
Olazabal euskal abizenik zaharrena eta hedatuena da Euskal Herrian. Lan honetan, XV. mendean Irun eta Hondarribitik abiatutako leinua garatzen da.
Oronoz
Oronoz oso abizen zaharra da, geografia osoan oso zabaldua dagoena. Hala ere, argi dago haren jatorria Oronoz-Mugairi dela, udaletxearen kokalekua edo Nafarroako Baztango Bailara.
Sagarzazu
Hondarribiko abizen nagusietako bat. Oiartzungo bailaran du jatorria seguru asko, XV. mende amaieratik dokumentatuta dagoen lekuan.
Sorondo
Sorondo Behenafarroatik etorritako abizena da, nahiz eta adituen iritziak oiartzuarra dela baieztatu. Sorondo abizeneko hondarribiar asko izan ziran euren noblezia eta kaparetasuna frogatu zutenak.
Susperregui
Susperregi, Oiartzualdean oso ugaria den abizena izan arren, heraldista eta genealogistentzat hain da ezezaguna, aipatu ere ez dutela egiten.
Tife
Oso abizen berezia izanik ere, Hondarribiarekin lotura estua duena da. Jatorriz Herbehereetakoa, sortzezko ortografia Tis zena, gero Tif izatera pasa zen, eta orain ezagutzen dugun Tife iritsi zaigu.
Ubilla
Ubilla Hondarribiko familia ospetsu baten abizena zen, zazpi belaunaldiz bakarrik iraun zuena eta XVIII. mendearen amaneran desagertu zena.