Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Aurrera egiteko ezinbestekoa da hitzarmen berri bat adostea garbiketako langile eta enpresaren artean
Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldeak prentsaurrekoa eskaini nahi izan du udal eraikinetako garbitzaileen greba mugagabearen harira. Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan agertu dira Txomin Sagarzazu Alkatea, Juan Mari Altuna Ogasun eta Kontratazio zinegotzia eta Juan Luis Silanes Hezkuntza zinegotzia.
Txomin Sagarzazu Alkateak, hasteko, garbi utzi nahi izan du “Udalaren asmoa garbiketa-zerbitzu egokia eskaintzea dela. Orain arte egin dugun bezala, behar diren baliabideak jartzen jarraituko dugu. Garbitzaileentzako baldintza duinen alde gaude, eta behin eta berriz adierazi dugunez, grebarako eskubidea errespetatzen dugu. Ikastetxeen egoeraren jarraipen zehatza egiten ari gara, eta oso kezkatuta gaude sortzen ari den egoerarekin.
Joan den ostiraleko manifestazioan familiek azaldutako kezken inguruan, Sagarzazuk honako hau adierazi du: «Haiekin bat egiten dugu. Hala adierazi diegu Talaiako zuzendaritzari eta familien elkarteari behin baino gehiagotan bildu garenean, abuztuaren 25ean eta pasa den astean.
Proposamenak eta kontraeskaintzak
Halaber, zenbakiei buruz hitz egiteko unea dela uste dugu. Jokoan dauden kopuruen inguruan, langileen ordezkaritza sindikalak aurkeztu dituen proposamenak, eta garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunak aurkeztutako kontraeskaintzak hain zuzen. Gogoratu behar da abian dagoen kontratua 2021eko abenduaren 29an sinatu zela.
Juan Mari Altuna Ogasun eta Kontratazio zinegotziak xehetasun gehiago eman ditu. “ELA sindikatuaren eta ISS enpresaren arteko negoziazio-prozesuan, ELA sindikatuaren lehenengo eskaera, ekainekoa, KPI gehi %8ko igoera izan zen 2022rako, eta kopuru horri Udalak bere langileentzat onartutako % 2 gehituko lioke. Guztizko batura %16'4ko berehalako igoera izango litzateke, eta uste dut denok ulertzen dugula ezinezkoa dela.
Ondoren, ISS enpresak beste plataforma edo kontraeskaintza bat aurkeztu zuen, bi proposamenekin. Lehena, Udal Mahaian (funtzionarioei dagokiena) onartzen den igoera + 0’75 fijo urtero datozen 5 urteetan. Bigarren proposamena, Udal Mahaian onartzen dena urtero gehienez %3 fijoak igotzea. Beharrezkoa dugu denok erantzukizuna edukitzea. ELA sindikatuaren ezezkoa jaso zuen.
Ondoren, irailaren 19an, ELAk proposamen bat aurkeztu zuen, 2022, 2023 eta 2024rako %5eko igoerarekin, gehi Udalean aplikatzen den igoera, lizentzia, bosturteko edo antzinatasunekin lotutako beste eskaera batzuez gain.
Ostiralean, hilak 23, ISS enpresak beste kontraeskaintza bat aurkeztu zuen, bi proposamenekin. Lehenengoa, hurrengo 5 urteetarako urteko %3,5eko igoera izango duena, eta bigarrena, hurrengo 5 urteetarako urteko % 3ko igoera finkoa eta ordaindutako hainbat lizentzia.
Ogasun eta Kontratazio zinegotziak nabarmendu duenez, “batez beste garbitzaile batek 22.700 euro kobratu zituela Hondarribian iaz, inguruko hirien gainetik dagoena, Zarautz eta Errenteria izan ezik. Era berean, beharrezkoa iruditzen zait azpimarratzea enpresako 20 langiletik 11 greban daudela eta 9 greban ez daudela.
Hitzarmen eguneratua
Azkenik, Txomin Sagargazuk azpimarratu du “gaur kontratu berri bat egin behar badugu, eta ez badago aldez aurreko akordiorik langileen eta enpresaren artean, Udalak legez, ezin dituela baldintzak aldatu lehiaketara ateratzen duenean. Ezin dugu beste kopururik jarri gure kontura. Ezinbestekoa da enpresa eta langileak akordio batera iristea. Hitzarmen eguneratu batetik abiatu behar dugu.
Ez dugu konponbide erraza ikusten, egoera ere ez baita erraza, baina gutxienez proposamenak daude mahai gainean. Joko-arauak konplikatuak dira. Positiboena da PRECOren barruan bilerak egiten ari direla, eta horrela jarraitzea nahi genuke. Alde guztien borondate onaz fidatzen naiz, gero Udalak bere egin dezakeen akordio batera irits daitezen”.