Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

XVIII, XIX eta XX mendeak

XVIII, XIX eta XX mendeak

Gotorleku izaeraren beheraldia.

1638ko setioak eta beronen korolario izan zen Pirinioetako Bakeak ezarri zuen Hondarribia bere punturik gorenean, baina gainbeheraren hasiera ere ekarri zuen. Ordutik aurrera, hiriaren historiak apurka baina etengabe egin zuen behera.

Harresien barruan 2.000 biztanle hartu zituen, eta gutxika-gutxika biztanleak galtzen hasi zen. Plazak militarki zuen garrantzia galtzen joan zen, Donostiaren eta Irunen beraren mesedetan. Oraindik ere XVIII. mendean bi setio jasan behar izan bazuen ere, garrantzi txikiko plaza moduan jo izan zen ordutik aurrera.

Irun oraindik ere Hondarribiaren eskumenean zegoen, Pasaia eta Lezorekin batera. Hiruek eskatu zuten desanexioa XVII. mendearen hasieran, herribildu titulua lortu zuten beste hainbat udalerrik bezala. Baina Hondarribiak irmoki baztertu zuen independentzia hori, aurrera ateratzeko azken aukera baitzen oraindik ere indarrean zuen merkataritza-monopolioari eustea. Koroak behin eta berriz berretsi zuen Hondarribiaren interesa, plaza beti leial eta adoretsuari kalterik egin nahi ez izanagatik.

Baina irundarrek etengabe jarraitu zuten eskaera egiten, eta azkenean 1766an lortu zuen desanexioa, etengabeko auzi eta gatazkaz beteriko urteei amaiera emanez. Ordurako Irunek Hondarribiak baino biztanle gehiago zituen, eta plaza militar garrantzizkoagoan bilakatua zen. Hiribildu zaharraren zoria erabakita gelditu zen.

 

Konbentzioaren gerra

Baina azken kolpea 1794an iritsi zen, lFrantziako iraultzaileek 7 eguneko setioaren ondoren hiria hartu zutenean. Euren lehen helburuetako bat Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza izan zen: bertako hainbat santu uniformez jantzi zituzten eta harresietan jarri zituzten hondatutako plaza defendatzen ariko balira bezala. Gero hirian zehar ibili ziren arpilatu eta hondatzen, gazteluari kalte handiak egin zizkioten eta harresien erdia lehertu zuten.

Plaza militarraren amaiera izan zen hura. Bere historian zehar 9 setio jasan izan zituen hiriak, eta huraxe izan zen azkena. Kalteak ikusteko bisitan etorri ziren jeneralek plaza militarraren azkena berretsi besterik ez zuten egin, hau da, gotorlekurik ez zegoen dagoeneko.

Izan ere, azken setioan hiria oso erraz hartu baitzuten, eta behar besteko adoreaz defendatu zuten ere zalantzan jarri zen. Ikerketa militarra abian jarri zuten, eta hiriak bere egitekoak bete zituela ondorioztatu zenez, 1638an lortutako ohorezko tituluak mantenduko zituela erabaki zen: “Hiri oso prestu, oso leial eta oso adoretsua”. Zalantzarik egon ez zedin, eta behin eta berriz eskatu ondoren, bost urte beranduago erregeak “beti oso zintzoa” titulua eman zion.

Hiriak krisi sakonean ekin zion XIX. mendeari: erabat suntsituta eta bere ekonomia arrantzan eta nekazaritza xumean oinarrituta. Hala ere, mende horren amaieran turismoa indartzen hasi eta aberastasun-iturri berri eta etorkizun handikoan bilakatu zen. Udatiarren kolonia handitzen joan zen heinean hiria zabaltzen eta birdefinitzen hasi zen, goi-mailako plaza turistikoan bilakatzeraino.

Hidroplanoa Paulhan-en hidroplanoa Hondarribia aurrean, 1912ko apirilean egindako erakustaldi-hegaldian.