Aplikazio habiaratuak
Santo Tomas egunerako txosna jartzeko eskaera
Santo Tomas egunerako txosna jartzeko eskaera
Baldintza-plegu honek arautuko ditu 2024eko SANTO TOMAS EGUNEAN, abenduaren 21ean, Arrantzale Auzoko Plazan ezarriko den txosnaren eskaera, esleipena, instalazioa eta egonaldia, ondoren zehazten diren baldintzen arabera.
Eskaerak
Eskaera egin ahal izango dute nahi duten eta indarrean dagoen legediaren arabera osatuta egon eta Eusko Jaurlaritzako Elkarte eta Erakundeen erregistroan erroldatuta dauden kultura, kirol, aisialdi edo gizarte mailako entitate edo elkarte guztiek, irabazi-asmorik gabeek, baita ikastetxeek ere, beti ere beraien egoitza Hondarribian izanik.
Deialdi honetan ezin izango dute parte hartu:
- Alderdi politikoek, koalizioek eta sindikatuek.
- Kultura Sailaren iritziz, txosnekin lortutako dirua beraien helburua gauzatzeko erabiltzen ez duten elkarteak.
Eskaerak onartuko dira eta ondoren zozketa bidez esleituko dira, baldintzak betetzen dituzten eta Bidasoa Eskualdean kokatuta edo ordezkatuta dauden kultura, kirol eta aisialdi elkarteak eta ikastetxeak, baldin eta Hondarribian kokatutako edo ordezkatutako elkarte eta ikastetxeekin aurreikusitako txosna betetzen ez bada.
Interesatuek Udal Erregistro Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dituzte beren eskaerak. Horretarako azken eguna abenduaren 2a izango da. Eskaera egiteko eskabide orokorren inprimakia bete beharko da, eta eskatzailearen datu pertsonalak eta ordezkatzen duen Elkartearenak edo ikastetxearenak adieraziko dira. Lortutako dirua zein helburutarako erabiliko den ere zehaztu beharko da bertan.
Esleitua izan denak, arduradun bat izendatu beharko du, sor litezkeen arazoak udal teknikariekin koordinatu eta erabakitzeko. Era berean, eta hala behar izanez gero, berekin harremanetan jartzeko telefono-zenbaki bat eman beharko du. Telefono-zenbaki hori ezingo da ordezkatzen ari den Erakundearen edota ikastetxearen telefono-zenbaki bera izan.
Izapideak non egin
|
BAZ Javier Ugarte 6. 20280 Hondarribia 943 11 12 13 - 943 11 12 11 Faxa: 943 11 12 50 Irailaren 16tik ekainaren 14ra: astelehenetik ostegunera: 8:30 - 14:00 / 16:00 - 18:00 • ostiralak: 8:30 - 14:00 • larunbatak: itxita. Udalaren leihatila bakarra izatea eta informazioa, izapideak egiteko laguntza eta herritarrek gehien eskatzen dituzten udal-zerbitzuak ematea da biztanlearen arreta-zerbitzuaren xedea. |
Eskaeren onarpena eta postuen esleipena
- Eskaerak onartuak eta baztertuak bezala sailkatuko dira eta Kultura zinegotziak sinatutako ebazpen baten bitartez onartuko dira, zozketa egin baino lehen.
- Elkarte edo sail beraren izenean eskaera bat baino gehiago aurkeztuko balitz, hauetako bat bakarrik onartuko da.
- Txosna bat jartzeko baimena emango da. Hondarribikoak diren elkarte batek baino gehiagok eskaera egin eta baldintzak beteko balitu eta kultura departamentuak hala erabakiko balu, bigarren txosna bat jartzea baloratu ahal izango da.
- Jendearen aurrean egingo den zozketa batean esleituko da txosna. Zozketa Udaletxeko Areto Nagusian egingo da abenduaren 9an 13:30etan.
- Ezinbestekoa da elkarte guztietako ordezkariak zozketara agertzea. Ordezkariren batek bertaratzerik ez badu, aldez aurretik justifikatu beharko du eta telefono zenbaki bat eskaini beharko du Udalaren deia jasotzeko.
- Esleitu zaionetakoren batek zozketan egokitu zaion postuari uko egingo balio, Udalak postua bete gabetzat joko luke, eta ondorioz ordezkoei esleituko die.