Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Natura

Aplikazio habiaratuak

Jaizubiatik bira

Jaizubiatik bira

Jaizubia

Amuteko kirol gunean hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honekin Jaitzubiako padurak ezagutzeko aukera izango dugu. Padura horiek XVIII. mendean lehortu eta nekazal eremu bihurtu ziren arren, 2003an eginiko lanei esker berreskuratu, eta egun ikus daitekeen paisaia lortu zen. Ibilbidean zehar, ekosistema berezi horretako zenbait habitat interesgarri ezagutu eta bereizten ikasiko dugu. Besteak beste, lezkadiak, ur gezako aintzirak eta heskaiak izango dira topatuko ditugunak. Era berean, Txingudi-Bidasoako estuarioan isolaturik bizi den apo lasterkariaren populazio txikia kontserbatzeko sortu eta zaintzen diren putzuak ere ikusiko ditugu. Prismatikoak soinean eramatea gomendagarria da, Jaitzubiako padurak hegaztien behaketarako gune paregabea baitira.

  • Ibilbidearen luzera: 3 km
  • Iraupena: 1.30 ordu
  • Zailtasuna: erraza
  • Track: deskargatu Kml

Jarraibideak

1. Amuteko kirol guneko aparkalekuan emango diogu hasiera ibilbideari. Aparkalekutik atera, eta eskuinerantz hartuko dugu, kirol guneko hesiaren aldamenetik. Kirol gunea pasatu ostean, ezkerreko bidea hartuko dugu bidegurutzean, eta aurrera joko dugu. Segituan, errekasto bat zeharkatuko dugu zubi txiki baten gainetik.

2. Zubia pasa eta berehala, bidegurutzean, ezkerrerantz hartu beharko dugu, Bekoerrota jatetxe alderantz (seinaleztatuta dago).

3. 400 metro ibili ondoren, bizpahiru auto sartzen diren aparkalekuarekin egingo dugu topo, eta parean, Jaitzubiako padura oinezkoentzako ibilbidea adierazten duen seinalea jarraituz, oinezko bidea hartu beharko dugu.

4. Aurrera joko dugu, beste 400 metro, eta errepide batekin egingo dugu topo. Ezkerrerantz hartu, eta zuzen joko dugu errepide nagusiarekin (N-638 errepidea) eta bidegorriarekin topo egin arte.

5. Bidegorrian ezkerrerantz jo eta 600 metro inguru ibiliko gara. Tartean, zubi txiki bat, biribilgune handi bat eta Amute errioko zubi nagusia pasatuko ditugu.

6. Zubia gurutzatu eta berehala, errioa gure ezkerraldean eta etxeak eskuinaldean ditugula jarraituko dugu. Tartean, Santiago Bidea adierazten duen seinalea eta aintzira txiki bat igaroko ditugu.

7. 500 metro igaroko dira hasieran hartu dugun errepide berberarekin topo egin arte. Gure parean (eskuinalderantz) ikusiko dugu Amuteko kirol gunea, gure hasiera puntua.

Jaizubia

Geldialdiak...

Lezkadia (Phragmites australis)

Lezkadia, lezka arruntaz (Phragmites australis) osatutako habitat trinkoa da. 4 m-ko garaiera har dezake, eta paduretan, aintziretan eta ibaiertzetan azaltzen da. Ia planeta osora zabaltzen da lezka arrunta, baina munduko zenbait lekuetan inbaditzailetzat dute espeziea; esaterako, Kanadan. Jaitzubiakoak Gipuzkoako lezkadi zabalenak dira.

Lezkadia; argazkia: Aranzadi Z.E.- Botanika Saila
Argazkia: Aranzadi Z.E.- Botanika Saila

Lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaeus)

Jaitzubiako paduretan dago txori txiki honen Gipuzkoako populaziorik oparoena. Euskal Autonomi Erkidegoko katalogoan dago bakan gisa. Bere izenak dioen bezala, lezkadietan bizi da eta bertan egiten ditu habiak.

Lezkari arrunta; argazkia: Félix Calvo
Argazkia: Félix Calvo

Heskaiak

Zuhaitzez eta zuhaixkez osatutako ilarak baino gehiago dira heskaiak. Paisaia apaindu egiten duten elementu biziak dira. Organismo askorentzat elikagai, babesgune eta ugaltzeko leku ere badira, eta animalia askok erabiltzen dituzte igarobide gisa. Ikusiko ditugun heskaiak paduren leheneratzearekin batera egindako zuhaitz eta zuhaixka landaketen eta horien mantenu lanen ondorio dira. Jaitzubiako heskaietan haltza, lizarra, sahats iluna, tamariz arrunta, zuhandorra, zumartxuria eta zume zuria gailentzen dira. Gai al zara espezie guztiak bereizteko?

Haltza (Alnus glutinosa)

Toki hezeak eta ibaiertzak ditu gustuko zuhaitz honek. Haltzak gailentzen diren basoei haltzadi deritze eta horiek babestuta daude Europar Batasunean.

Haltza; argazkia: Raul Domínguez Pazo
Argazkia: Raul Domínguez Pazo

Putzuak apo lasterkariarentzat

Putzuak apo lasterkariarentzat; argazkia: Ion Garin-Barrio
Argazkia: Ion Garin-Barrio

Apo lasterkariak (Epidalea calamita)

Apo lasterkariak (Epidalea calamita) Iberiar Penintsulan duen banaketa zabala bada ere, euskal kostaldean, Getxoko hondartzan eta Txingudi-Bidasoa estuarioan soilik topatuko dugu. Anfibio honek, ugaldu ahal izateko, belar baxuez inguratutako putzu garbi eta ez sakonak behar ditu. Hori dela eta, eraiki ziren hiru putzuek baldintza horiek betetzen dituzte. Noizean behin, putzuen inguruko belarrak moztu egiten dira apo lasterkariaren mesederako.

Apo lasterkariak; argazkia: Ander Izagirre
Argazkia: Ander Izagirre

San Joakin Aintzira

Euri urak elikatzen duen aintzira da, ur gezakoa, beraz. Urez inguratuta ikusten diren zuhaitzen enbor biluziek aintzirari itxura tristea ematen dioten arren, bizia besterik ez dago bertan. Hegazti ugari biltzen dira, esaterako, lertxuntxo txiki taldeak.

Lertxuntxo txikia (Egretta garcetta)

Erabat zuria den hegazti dotorea, Jaitzubian oso ohikoa dena, eta bertan ugaltzen dena. Europar Batasunak babesten du.

Lertxuntxo txikia; argazkia: Felix Calvo
Argazkia: Felix Calvo

Logos proyecto patrocinado

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa jaso duen proiektua
Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak 2014-2020 Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren (EGEF) bitartez kofinantzatutako eragiketa

Eskualde Garapenerako Europar Funtsa
Logo Hondarribia
Logo Eusko Jaurlaritza
Logo Udalsarea