Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Jaizkibel
Jaizkibel
Kantauri itsasoaren kostaldean kokatua dagoen mendilerroa. Natura 2000 Sarean barneratua, 2.470 hektareako zabalera du. Ingurune natural berdingabe honetan monumentu megalitikoak (trikuharri eta harrespilak), aparteko formazio geologikoak, hareharrizko kala lasaiak eta bioaniztasun handiko paisaiak topatuko ditugu.
Natura 2000 Sarea
Europar Batasunak Babesten dituen naturguneen sarea da. Jaizkibel mendiak ondorengo ingurumen-izendapen hau du:
- JAIZKIBEL Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE ES2120017)
Kontserbazio-ekintzak Jaizkibelen
Eremu babestua bilakatu zenetik, urtero gauzatzen dira kontserbazio-ekintzak. Egun, Hondarribiari dagozkion Jaizkibelgo lurren % 20an gauzatu dira horiek.
- Natura-ondarea ezagutzeko ikerketak.
- Bertako habitaten leheneratze-lanak.
- Espezie berezien kontserbazioa.
- Ingurumen-hezkuntza.
Ondare naturala
Geologia aldetik interes berezia pizten duen eremua da Jaizkibel. Batez ere, hareharriz osaturiko mendilerroa izanik, haizearen eta itsasoaren eraginez higatzen joan dira mendeetan zehar, eta hala, bertan hain ezagunak diren forma eta kolore ezberdineko arrokak, historikoki garrantzi handia izan duten harpeak eta paramoudra bezalako egitura bitxiak sortu dira.
Elementu biotiko azpimarragarriak, aldiz, asko dira. Mendiaren kokapen geografikoa, erliebea, klima eta hainbat elementuk eragin dute Jaizkibel biodibertsitate handiko eremu bilakatzea. Mendilerro osoan Europar Batasunak babesten dituen 12 habitat daude, bai eta hainbat eta hainbat espezie ere.
Jaizkibel mendiko habitatak
Itsaslabarrak eta kostako txilardiak
Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoko adibiderik garbienak daude Jaizkibelen. Eguratseko gazitasuna jasan dezaketen landareak daude bertan.
Sastrakadiak eta larreak
Azalera gehien osatzen duten habitatak dira dudarik gabe sastrakadiak eta larreak.
Errekastoak
Jaizkibel mendian jaio eta itsasoratzen diren errekastoak dira. Oso ekosistema konplexua osatzen dute: hari loturiko habitat zein espezie bereziak topatuko ditugu.
Bertako basoak: ameztiak eta baso mistoa
Zuhaitz-landaketengatik eta bestelako erabilerengatik oso ordezkatuak izan dira. Pixkanaka berreskurapen-lanei esker, galdua zuen tokia berreskuratuz doa bertako basoa.
Hezeguneak
Txikiak bezain aberatsak, bertan landare mehatxatu interesgarriak daude, haragijaleak kasu.
Muki-belar argia (Pinguicula lusitanica), Jaizkibelgo hezeguneetan ohikoa den landare haragijalea.
Jaizkibel mendiko espezieak
Euskal Herriko Armeria (Armeria euscadiensis)
Euskal kostaldeko landare endemikoa, Jaizkibelen du populaziorik oparoena.
EAEn: Kaltebera
Uhingorria (Euphydryas aurinia)
Jaizkibelgo habitat aberatsak gustuko dituen tximeleta.
Habitat Zuzentaraua: II. eranskina
Belatz handia (Falco peregrinus)
Ehiztari azkarra eta trebea den hegaztia. Jaizkibel mendian kumatzen du.
EAEn: Bakana
Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus)
Forma liraineko suge azkarra. Harrapakin bila zuhaitzetan gora egin dezake.
EAEn: Interes Berezikoa
Iratze kalparduna (Vandenboschia speciosa)
Hezetasunak eta iluntasunak bat egiten duten tokian, Jaizkibelgo bailaren sakontasunean, topa daiteke iratze zeharrargi hau.
EAEn: Kaltebera
Habitat Zuzentaraua: II. eta IV. Eranskinak
Logos proyecto patrocinado
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa jaso duen proiektua
Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak 2014-2020 Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren (EGEF) bitartez kofinantzatutako eragiketa