Aplikazio habiaratuak
Menu Mugitzenarida
Aplikazio habiaratuak
Ordenanza • Título
Hiri mugikortasun iraunkorraren ordenantza
Onarpena:
2022ko apirilaren 28a
Argitalpena:
2022ko apirilaren 29a
Indarrean jartzea:
2022ko ekainaren 23a
Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Ordenanza • Título sexto
Seigarren titulua. Aparkaldi mugatuko zerbitzua eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-erreserba
I. KAPITULUA. APARKALDI MUGATUKO ZERBITZUA BIDE PUBLIKOAN
56. artikulua. Aparkaldi mugatuko plazak ezartzea
- Aparkaldi mugatuko eremuak dira Udalak bide publikoan aurreikusitakoak eremu horietan eta aldamenekoetan ibilgailuen aparkaldia txandakatu dadin bultzatzeko, mugikortasun jasangarria sustatzeko eta egoiliarrentzat erabilgarri dauden plazen eskaintza handitzeko.
- Aparkaldi mugatuko lurralde-esparrua ordenantza honen II. eranskinean aurreikusitakoa da, eta, aurreko paragrafoan aurreikusitako helburuarekin bat etorriz, auzo edo barruti bakoitzaren beharren arabera mugatu da. Eremu berriak modu iraunkorrean ezartzeko edo II. eranskinean aurreikusitakoak iraunkorki ere aldatzeko, Alkatetzak horretarako dekretua eman beharko du, dagozkion txosten teknikoak jaso ondoren. Dekretu horrek lurralde-esparrua mugatuko du, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta eskuragarri dauden udal- bitartekoen bidez zabalduko da.
- Alkateak edo horrek eskuordetzen duen zinegotziak aparkalekuak zabaldu, aldatu edo murriztu ahal izango ditu aldi baterako, baldin eta mugikortasuna antolatzeko arrazoi justifikatuak badaude, bide publikoan obrak egikaritzen badira, ingurumena babestu behar bada, kirol- edo kultura-ekitaldiak egiten badira edo interes orokorreko beste premia batzuei erantzuteko beharrezkoa bada. Zinegotziaren ebazpenak indarrean egongo den lurralde- eta denbora- esparrua jaso beharko du, aparkatze-zerbitzuaren berariazko baldintzak ezarriko ditu, ofizialki argitaratuko da eta Udalak jakinaraziko du.
57. artikulua. Aparkaldi mugatuko eta seinaleztapeneko eremuen modalitateak
- Aparkaldi mugatuko hiru modalitate hauek ezarri dira:
- Eremu urdineko plazak: txandakako aparkalekua, denbora-mugarekin eta dagokion ordenantza fiskalean aurreikusitako tasa ordainduta.
- Eremu gorriko plazak: txandakatze handiko aparkalekua, denbora-muga handiagoarekin eta dagokion ordenantza fiskalean aurreikusitako tasa ordainduta.
- Eremu berdeko plazak: egoiliarrentzako aparkaleku esklusiboa
- Aparkaldi mugatuko plazak ibilgailuen zirkulazioa duten erabilera orokorreko hiri-bide guztietan ezarri ahal izango dira, baldin eta ibilgailu motordunentzako lur gaineko aparkaleku-zuzkidura nahikoa badute. Aipatutako eremuetan mugikortasun urriko pertsonentzako plazak gaituko dira, irisgarritasunari buruzko legeriak ezarritako proportzioan.
- Aparkaldi mugatuko eremuak zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko araudiaren arabera seinaleztatuko dira, bertikalki zein horizontalki. Haien espazioa eremu bakoitzari dagokion kolorezko lerro eten baten bidez mugatuko da.
58. artikulua. Eremu urdineko eta gorriko plazak erabiltzeko baldintzak
- Eremu urdin edo gorrietan aparkaldi mugatua II. eranskinean. ezarritako ordutegian eta iraupenarekin aplikatuko da. Dena den, Alkatetzak, aparkaldi mugatuko zerbitzuarekin lortu nahi den helburuaren arabera emandako dekretu baten bidez, ordutegi hori aldatu ahal izango du, oro har edota eremu edo urteko aldi jakin batzuetarako. Dekretua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta udalerriak eskura dituen bitartekoen bidez zabalduko da.
- Eremu urdinetan eta eremu gorrietan, dagozkion seinaleen bidez, beste erabilera batzuk edo beste erabiltzaile batzuek baimendu ahal izango dira, ordutegi bereizietan, egunean zehar sortzen diren aparkatzeko beharrak kontuan hartuta.
- Ibilgailua eremu urdinean edo gorrian aparkatzeko, saltzeko makinan aldez aurretik tiketa edo ordainagiria eskuratu beharko da, edo tasa aplikazio telematikoen bidez ordaindu, mugikortasun urria duten pertsonen kasuan izan ezik. Tiketa haizetakoaren barrualdean jarri behar da, kanpotik ikusteko moduko lekuan.
- Aparkatzea librea izango da ezarritako egun eta ordutegietatik kanpo.
59. artikulua. Eremu berdeko plazak erabiltzeko baldintzak
- Egoiliarrek berdegunean aparkatzeko, dagokion identifikazio-txartela eduki beharko dute, Udalak edo aparkaldi mugatuko zerbitzua kudeatzen duen pertsonak edo enpresak emana, ordenantza honen III. eranskinean ezarritakoaren arabera. Identifikazio-txartela haizetakoaren barrualdean jarri behar da, kanpotik ikusteko moduko lekuan.
- Identifikazio-txartelak bere titularrari eskubidea ematen dio bera erroldatuta dagoen auzo edo barrutiko eremu berdeko plazetan aparkatzeko. Muga horietatik kanpo, txartelak ez du eraginkortasunik.
- Egoiliar-txartelaren titularrak izango du haren erabileraren erantzukizuna. Etxebizitzaz edo ibilgailuz aldatzen badu, Udalari jakinarazi beharko dio, bere datuak eguneratu ditzan.
- Egoiliarren plaza batean, ibilgailu bat ondoz ondoko hamar egun natural egon daiteke aparkatuta, gehienez ere.
60. artikulua. Aparkaldi mugatuko eremuetan mugarik eta ordaindu beharrik ez duten ibilgailuak
Honako hauek ez dute aparkatzeko denbora-mugarik izango, ezta tiketa lortu edo tasa ordaindu beharrik ere, berariaz kontrakoa aurreikusi ezean:
- Egoiliar-txartela erakusten duten ibilgailuak, titularra auzo horretan erroldatuta egoteagatik txartela eraginkorra den eremu batean aparkatzen denean.
- Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela erakusten duten ibilgailuak, baldin eta ibilgailua titularrak erabiltzen badu.
- Behar-beharrezko edo larrialdiko zerbitzuak ematen ari diren ibilgailuak, hala nola anbulantziak, suhiltzaileak, polizia, Gurutze Gorria, DYA, hileta- zerbitzuak, etab.
- Bizikletak, bi eta hiru gurpileko zikloak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak.
- Berariaz esleitutako guneetan eta ordutegietan zamalanak egiten ari diren ibilgailu komertzialak.
- Autotaxi-ibilgailuak, gidaria bertan eta zerbitzuan dagoenean.
- Aldez aurretik kontratatutako zerbitzua duten alokairuko ibilgailu gidaridunak (AIG), baldin eta gidaria bertan badago.
- Gidaria edo bidaiariren bat barruan duten ibilgailuak, baldin eta aparkaldia bost minututik beherakoa bada.
II. KAPITULUA. MUGIKORTASUN URRIKO PERTSONEN IBILGAILUAK APARKATZEA
61. artikulua. Mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak aparkatzeko txartela
- Kapitulu honetan aurreikusitako aparkatze-arau bereziak aplikatuko zaizkie, soil-soilik, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak aparkatzeko txartelaren titularrei. Txartel hori administrazio publiko eskudun batek emana izan behar du.
- Txartelaren titularrak egiten dituen joan-etorrieen zerbitzura —horretarako erabiltzen dituen ibilgailuekin— baino ez dago zuzenduta txartel hori. Ibilgailu horietako bat gidatzen duenean edo ibilgailu horietan eramaten dutenean bakarrik erabili ahal izango du.
- Aparkaldi mugatuko eremuetan, erreserbatutako plazetarako eskubidea edota ordu-mugarik gabe doan aparkatzeko eskubidea egiaztatzeko, ibilgailuaren haizetakoan txartelaren originala erakutsi beharko da.
62. artikulua. Aparkaleku-erreserba
- Udalak espazio batzuk mugatuko ditu mugikortasun urriko pertsonentzako txartelaren titularren ibilgailuentzat erreserbatzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako proportzioan; bereziki, haien etxetik eta lantokitik ahalik eta gertuen egongo diren lekuetan.
- Aparkaleku-erreserba mugikortasun urriko pertsonentzako txartelaren titularraren ibilgailuari lotzen zaionean, erreserbaren indarraldia bat etorriko da txartelaren indarraldiarekin.
Kasu horietan, aparkaleku-erreserbaren titularrak Udalari jakinarazi beharko dio ibilgailua aldatu izana, bizilekua edo lantokia aldatu izana eta plaza erreserbatzea eragin zuten eskakizunetan izandako beste edozein aldaketa, gertatzen denean.