Aplikazio habiaratuak
Menu Mugitzenarida
Aplikazio habiaratuak
Ordenanza • Título
Hiri mugikortasun iraunkorraren ordenantza
Onarpena:
2022ko apirilaren 28a
Argitalpena:
2022ko apirilaren 29a
Indarrean jartzea:
2022ko ekainaren 23a
Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Ordenanza • Menu Título primero
Ordenanza • Título primero
Lehen titulua. Bide eta espazio publikoen motak, mugikortasunaren antolamendua eta seinaleak
I. KAPITULUA. BIZIKIDETZA ESPAZIO PUBLIKOAN ETA JOKABIDE-ARAUAK
6. artikulua. Bizikidetza hiriko bide eta espazio publikoetan
Hiriko bide eta espazio publikoak partekatutako guneak dira, eta herritarrek egoteko, elkartzeko eta harremanetan jartzeko erabiltzen dituzte, baita oinez, bizikletaz, hiri-garraioan edo ibilgailu motordunean ibiltzeko ere.
7. artikulua. Jokabide-arauak espazio publikoan
Ordenantza honen aplikazio-esparruan hartutako bide eta espazioen erabiltzaile guztiek honako betebehar hauek dituzte:
- Gainerako erabiltzaileekiko bizikidetza errespetatzea, justifikaziorik ez badago besteek bide eta espazio publikoak erabiltzea ez eragozteko moduan jokatzea, eta haien segurtasuna zaintzea, bereziki honako hauen kasuan: pertsona kalteberenak, oinez igarotzen direnak, bizikletaz ibiltzen direnak eta bidaiariei babes txikiena ematen dien ibilgailua erabiltzen dutenak.
- Ordenantza honetan jasota eta haiei zuzenduta dauden mandatuak eta debekuak betetzea.
- Udaltzaingoaren eta gainerako agintaritza-agenteen zirkulazio-seinaleak eta agindu orokorrak eta partikularrak betetzea, eta haiei laguntzea beren eginkizunetan.
- Ezarritako abiadura-mugak errespetatzea, baita lehentasun orokorrari, pasatzeko lehentasunari edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako bestelako betebeharri buruzko beste edozein arau ere.
- Ibilgailuaren eta bidearen erabilera egokitzea norberaren eta gainerako erabiltzaileen baldintza fisiko eta psikikoetara, bidearen ezaugarrietara eta egoerara, ibilgailu motara eta horren zamara, egurats- edo zirkulazio- baldintzetara, igarotzen deneko ingurunera eta, oro har, une bakoitzean suertatzen diren inguruabar guztietara.
- Indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatzekoak diren Estatuko, Autonomia Erkidegoko edo tokiko gainerako arauak betetzea, bereziki trafikoari eta bide-segurtasunari buruzkoak.
8. artikulua. Babes bereziko kolektiboak
- Ordenantza hau interpretatzean eta aplikatzean, bereziki babestuko dira haurrak, adineko pertsonak edo mendekotasuna dutenak, desgaitasuna duten pertsonak eta mugikortasun murriztua duten pertsonak.
- Babes-neurriak hartuko dira —bide-diseinuari, antolamenduari, seinaleei eta bide-diziplinaren kontrolari dagokienez— haurtzaindegietan, ikastetxeetan, adineko pertsonentzako zentroetan, ospitaleetan, osasun-zentroetan eta kolektibo horiek bereziki erabiltzen dituzten beste zentro edo zerbitzu batzuetan.
II. KAPITULUA. BIDE ETA ESPAZIO PUBLIKOEN MOTAK
9. artikulua. Oinezkoen espazioak
- Oinezkoen espazioak pertsonak egoteko eta harremanetan jartzeko eta oinez igarotzeko bereziki konfiguratutakoak dira. Egonlekuak eta harreman-lekuak, espaloiak eta oinezkoen kaleak izan daitezke.
- Egonlekuak eta harreman-lekuak dira —hala nola plazak, parkeak eta pasealekuak— topaketarako, aisialdirako, jolaserako, egonaldirako edo beste pertsona batzuekiko harremanetarako eta oinez igarotzeko espazioak.
- Espaloiak kaleen luzetarako espazioak dira, eta pertsonak egoteko eta oinezkoak igarotzeko baino ez daude konfiguratuta. Horietan ezin izango da ibilgailurik aparkatu, ezta haiekin ibili ere.
- Oinezkoen kaleak oinez joateko bereziki konfiguratu eta egokitutako espazioak dira. Oinezkoen kaleetan, aldi berean izan daitezke joan-etortzeko modu motorizatu gabeak eta oinezkoen igarotzea, espresuki baimenduta badago, baina beti errespetatu beharko dira oinez igarotzen diren pertsonak, eta horien ibilerara egokitu.
- Oinezkoen kaleetan debekatuta dago ibilgailu motordunekin zirkulatzea eta horiek aparkatzea, honako kasu hauetan izan ezik:
- Eremu horietara oinarrizko edo ezinbesteko zerbitzuak emateko sartu behar duten ibilgailuak. Zerbitzu horien artean daude larrialdi-zerbitzuak, segurtasun-kidegoak, udal-garabia, garbiketa-zerbitzuak, etab.
- Eremu horietan kokatutako merkataritza-lokalen edo etxebizitzen beharrei erantzuteko zamalanak egiten dituzten ibilgailuak, dagokion seinalean ezarritako egun eta ordutegietan.
- Eremu horietako egoiliarrek ibilgailu motordun bat badute eta ibilgailu horrekin garaje-plazara sartu behar badira, baldin eta sartzeko gaitzen duen udal-agiria badaukate.
- Pertsona gaixoak edo mugikortasun urrikoak eremu horietan kokatutako eraikinetan jasotzen edo horietara eramaten dituzten ibilgailuak.
- Beste edozein ibilgailu, justifikatutako arrazoiengatik dagokion baimena baldin dauka.
- Justifikatutako arrazoirik ezean, kale horietatik zirkulatzeko baimena duten ibilgailuek horretarako gaitutako pasabideak erabili beharko dituzte, abiadura oinezkoen martxara egokituko dute, horiei lehentasuna emango diete betiere, eta horiei eragozpenik ez sortzen eta beren segurtasuna arriskuan ez jartzen saiatuko dira.
- Oinezkoen sare jarraitua, erosoa, segurua eta gainerako bideetatik bereizia sortuko da. Sare horrek irisgarritasuna ahalbidetuko du egonleku eta harreman- lekuetarako, ekipamendu eta zerbitzu publikoetarako, merkataritza-guneetarako, berdeguneetarako eta antzeko ekipamenduetarako, eta udalerriko bideekin eta landa-bidezidorrekin lotuta egongo da.
10. artikulua. Bizitegi-kaleak
- Bizitegi-kaleak bereziki egokitutako eremuak dira, oinezkoak igarotzera zuzendutakoak. Horietan, bizikletan eta ibilgailu motordunean ere ibil daiteke. Kale horiek Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean aurreikusitako S-28 seinalearen bidez mugatuko dira.
- Bizitegi-kaleetarako sarbidea seinalerik gabe ezagutzeko moduan egongo da antolatuta. Kale horien konfigurazio fisikoaren, zoladuraren, hiri-altzarien, zuhaitzen eta argien bidez, saiatu behar da kale horiei zuzendutako erabilerarekin koherentea eta egokia izango den bide-ingurunea eratzen.
- Bizitegi-kaleetan, lehentasuna dute egonaldiak eta oinezko erabilerak. Baimenduta daude jolasak, baita bizikletan korrontearen kontra zirkulatzea ere, berariaz bestelakorik aurreikusi ezean. Ibilgailuek ezingo dute 20 km/h-ko abiadura gainditu, eta behar bezala gaitutako eta seinaleztatutako lekuetan bakarrik aparkatu ahal izango dira.
11. artikulua. 30eko eremuak
- 30eko eremuak ere oinez igarotzeko egokitutako espazioak dira, baina horietan gehieneko abiadura —gainerako bide eta hiri-espazioetan bezala— 30 km/h-koa izango da. Horietan, lehentasuna dute oinez ibiltzen diren pertsonek, eta galtzada zeharkatu ahal izango dute eremu seinaleztatuetatik kanpo, baldin eta zirkulazioa bidegabe oztopatzen ez badute. Jolasak eta kirolak ez daude baimenduta eta ezin izango da bizikletan korrontearen kontra zirkulatu, salbu eta hori baimenduko duen berariazko seinalerik badago.
- 30eko eremuetarako sarbideak antzemateko modukoak izango dira, eta ibilgailuak gidatzean —batez ere, motordunak— portaera aldarazteko konfiguratuta egongo dira. Abiadura moteltzera bultzatzeko moduan diseinatuko dira galtzadaren eta espaloiaren dimentsioak eta trazadura, zoladura, hiri- altzariak, zuhaitzak eta argiak. Bidegurutzeetan, oinezkoek gurutzatzeko lehentasuna eta erraztasuna egongo da adierazita, eta haien inguruan ez da aparkatutako ibilgailurik izango. Eremu horiek S-30 seinalearen bidez mugatuta egongo dira, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean aurreikusita dagoenez.
12. artikulua. Bizikletentzat egokitutako bideak eta espazioak
- Bizikleta-bideak dira bizikletaz ibiltzeko bereziki gaitutako eremuak.
- Bizikletaz igarotzeko erreserbatutako bideek beren trazadura izango dute, behar bezala seinaleztatua. Bizikletez gain, motorrik gabeko patinek eta monopatinek eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute bertatik. Horiek ezarritako jokabide- eta lehentasun-arauak errespetatu beharko dituzte.
- Bizikletaren erabilera sustatzeko, eta Mugikortasun Jasangarriaren Planean aurreikusitakoarekin bat etorriz, bizikleta-sare jarraitua, behar adinakoa, funtzionala eta segurua sortuko da, bereziki erabiltzaile kalteberenentzat. Bizikleta-sareak bermatu egingo ditu hiriko auzo eta eremuen arteko joan- etorriak, osasun-, hezkuntza-, kirol-, gizarte- edo kultura-arloko zentro edo ekipamendu nagusiekiko lotura eta garraiobide publiko kolektiboekiko intermodalitatea. Bizikleta-sarea udalerriko bideekin eta landa-bidezidorrekin ere lotuta egongo da.
- Bizikletak eroso eta segurtasunez aparkatzea bermatzeko behar den espazio publikoa gaituko da, bereziki aipatutako zentro eta ekipamenduen eta garraiobide publiko kolektiboetako azpiegituren inguruetan.
13. artikulua. Garraio publikorako bideak eta eremuak
Garraio publikora zuzendutako bideak dira bidaiarien garraio kolektiboko zerbitzu publikoa autobusez egiten duten edo autotaxi-zerbitzua ematen duten ibilgailuentzat bereziki egokitutakoak eta erreserbatutakoak.
14. artikulua. Plataforma bakarreko kaleak eta espazio bereizietako kaleak
- Beren egituraren ikuspegitik, kaleak izan daitezke plataforma bakarrekoak edo erabilera bakoitzerako espazio bereizietakoak.
- Erabilera bakoitzerako espazio bereizietako kaleetan, banandu egiten dira, batetik, ibilgailuak zirkulatzera eta aparkatzera zuzendutako galtzada nagusi bat, eta, bestetik, oinez igarotzeko erreserbatutako espaloi bat. Horietan, bizikleten zirkulaziora edo garraio publikora soilik zuzendutako errei bereziak erreserbatu ahal izango dira.
- Plataforma bakarreko kaleetan espaloia eta galtzada maila berean daude. Horietan, edozein ibilgailuk zirkulatu ahal izango du, baina abiadura ezin izango da 20 km/h-tik gorakoa izan.
15. artikulua. Ordenantza aplikatzen zaien gainerako bide, espazio eta landa-bideak
Ordenantza hau aplikatu behar zaien baina aurreko tipologian sartuta ez dauden gainerako bide, espazio eta landa-bideetako mugikortasuna arautuko du alkateak edo horrek eskuordetzen duen zinegotzi eskudunak seinale bidez xedatzen duenak.
16. artikulua. 30eko hiria
Hondarribiko udalerriak “30eko hiri” deklaratu da. Hortaz, bertako edozein hiri- bide edo -espaziotan, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran zirkulatu edo lekualdatu ahal izango da edozein motatako ibilgailuarekin, salbu eta hortik gorako muga ezartzen bada berariaz, salbuespen gisa eta justifikatuta baldin badago. Helburu horrekin, dagokion seinalea ipiniko da hirirako sarbide guztietan.
III. KAPITULUA. BIDE ETA ESPAZIO PUBLIKOEN, MUGIKORTASUNA ANTOLATZEAREN ETA SEINALEZTAPENAREN GAINEKO ESKUMENAK
17. artikulua. Hiriko bide eta espazio publikoak mugatzeko eta horien erabilerak baimentzeko eskumena
- Hiriko bide edo espazio publikoaren mota mugatzeko edo zehazteko ahala alkateari edo horrek eskuordetzen duen zinegotzi eskudunari dagokio, eta, horretarako, ordenantza honetan eta udalerriko Mugikortasun Jasangarriaren Planean aurreikusitakoari jarraitu beharko dio.
- Ordenantza honetan xedatzen bada mugikortasunarekin zerikusia duen espazio publikoaren erabilera edo jarduera baterako berariazko baimena behar dela, baimena emateko eskumena, era berean, alkateak edo horrek eskuordetzen duen zinegotziak izango du.
18. artikulua. Mugikortasuna antolatzea eta kontrolatzea Udaltzaingoaren bidez
- Hondarribiko udaltzainei dagokie, agintaritzaren agente diren heinean, ordenantza hau aplikatu behar den bide eta espazio publikoetan bizikidetza eta mugikortasuna bermatzea eta horietan trafikoa antolatzea, zuzentzea, seinaleztatzea eta zaintzea, baita ordenantza honetan edo aplikatzekoak diren gainerako arauetan tipifikatutako arau-hausteengatik bidezkoak diren salaketak egitea ere.
- Partikularrek ezin izango dute ibilgailuen zirkulazioa eta aparkaldia edo oinezkoen igarotzea antolatu, ezta mugikortasunarekin lotutako bestelako eginkizun edo jarduerarik gauzatu ere, salbu eta Udalaren berariazko baimena badute, aplikatzekoak diren arauen arabera.
- Aparkaldi arautuko eremuen ardura duen pertsonalak eremu horiei buruzko arauak betetzen direla zainduko dute, eta bidezko salaketak jartzeko ahalmena izango dute.
19. artikulua. Seinaleak
Udal-zerbitzu eskudunei eta Udaltzaingoari dagokie zirkulazio-seinale bertikalak, semaforoak, bide-markak, aldi baterako seinaleak eta mugikortasuna erregulatzeko gainerako elementuak instalatzea, finkatzea eta kontserbatzea, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoa den araudiaren arabera horretarako baimena duten beste pertsona batzuei ere egokitzea eginkizun horiek.