Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Mugitzenarida

Aplikazio habiaratuak

Ordenanza • Título

Hiri mugikortasun iraunkorraren ordenantza

Onarpena:
2022ko apirilaren 28a

Argitalpena:
2022ko apirilaren 29a

Indarrean jartzea:
2022ko ekainaren 23a

Aplikazio habiaratuak

Aplikazio habiaratuak

Ordenanza • Menu Título decimo

Ordenanza • Título decimo

Hamargarren titulua. Legezkotasuna berrezartzea eta zehapen-araubidea

HAMARGARREN TITULUA. - LEGEZKOTASUNA BERREZARTZEA ETA ZEHAPEN-ARAUBIDEA

78. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea, kentzea eta gordailuan uztea

  1. Udaltzaingoak ibilgailuak ibilgetuko ditu, baita horiek kendu eta udal-lokaletan utzi ere, trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko legeriak aurreikusitako kasuak gertatzen direnean.
  2. Halaber, ibilgailuak kendu eta gordailuan utziko ditu edo, hala badagokio, ibilgetu, jabari publikoko bide eta espazioen erabilera eta osotasuna bermatzeko edo segurtasun, osasungarritasun eta lasaitasun publikoa babesteko beharrezkoa denean. Zehazki, ordenantza honetan baimendutako egun kopurutik gora bide publikoan aparkatuta dauden ibilgailuak kendu ahal izango ditu.
  3. Udaltzaingoak motozikleten, ziklomotorren, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen, bizikleten edo beste edozein ibilgailuren kateak edo segurtasun- elementuak moztu ahal izango ditu, baldin eta hori beharrezkoa bada ibilgailua kendu eta gordailuan uzteko, edo beste leku batean ibilgetzeko, aurreko atalean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

79. artikulua. Bizikletak kentzea

  1. Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko legerian aurreikusitako kasuetan ez ezik, Udaltzaingoak bizikletak bide eta espazio publikoetatik ere kendu ahal izango ditu, horretara behartuta dagoen pertsonak hala egiten ez badu, honako kasu hauetan:
    • Aparkatzeko berariaz egokitutako espazioetatik kanpo 72 ordu baino gehiago jarraian aparkatuta dagoenean.
    • Bizikleta abandonatuta dagoela jotzen denean, nahiz eta ondo aparkatuta egon. Ondorio horietarako, bizikleta abandonatutzat joko da gurpilak falta zaizkionean, trakzio-mekanismoa deuseztatuta duenean edo bizikletaren egoerak abandonatuta dagoela argi eta garbi aditzera ematen duenean.
    • Ibilgailua ibilgetzea legez bidezkoa denean, baina hura ibilgetzeko leku egokirik ez dagoenean.
  2. Kendu aurretik, udaltzainak bizikletaren argazki bat egingo du, eta bizikleta erreklamatzen duenak eskatu ahal izango du. Bizikleta kendu ondoren, abisua jarriko du haren lekuan, jabeari horren berri emateko.
  3. Udalak bizikleta-gordailu bat ezarriko du jabeek bizikleta berreskura dezaten errazteko edo, hala badagokio, irabazteko asmorik gabeko erakunde bati entregatzeko, hura kendu zenetik hiru hilabetetik gora igaroz gero.

II. KAPITULUA. ZEHAPEN-ARAUBIDEA

80. artikulua. Aplikatzekoa den zehapen-araubidea

  1. Ordenantza honek ezartzen dituen jokabide-arauen aurkako egiteak edo omisioak arau-hauste administratiboak dira. Horiek oso astuntzat, astuntzat eta arintzat sailkatzen dira, eta kapitulu honetan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.
  2. Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko legerian edo ordenantza honetan berariaz edo inplizituki aipatzen den beste edozein xedapenetan aurreikusitako arauak ez betetzea arau horietan aurreikusitakoaren arabera zigortuko da.

81. artikulua. Arau-hauste oso astunak

Arau-hauste oso astunak dira:

  1. Jabari publikoa seinaleztatzea, okupatzea edo beste edonola erabiltzea, ordenantza honetan xedatutakoaren arabera hura aprobetxatzeko, baimena eman gabe edo dagokion erreserba ezarri gabe.
  2. Erreserbaren edo okupazioaren baldintza fisikoak baimenik gabe aldatzea, horren ondorioz Udalaren jabari publikoa larriki hondatzen bada.
  3. Ordenantzan aurreikusitako txartel edo baimen manipulatuak edo faltsutuak erabiltzea, horrek delitua ez dakarrenean.
  4. Ordenantza honetan aurreikusitako txartelak edo baimenak lortzeko eskatutako datuak edo dokumentazioa ezkutatzea, manipulatzea edo faltsutzea, horrek delitua ez dakarrenean.
  5. Titularrak ordenantzan aurreikusitako txartelak edo baimenak beste batzuei lagatzea.
  6. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten kamioi eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko arauak ez betetzea.
  7. Bide publikoetako kirol- eta kultura-ekitaldiei buruzko arauak ez betetzea.

82. artikulua. Arau-hauste astunak

Arau-hauste astunak dira:

  1. Bide publikoan ezarritako bizikleta-aparkalekuetan bidegabe aparkatzea, gainerakoek aparkatzea zailtzen edo oztopatzen duenean edo gainerako bide-erabiltzaileei eragiten dienean.
  2. Bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak alokatzeko sistemei buruzko arauak ez betetzea.
  3. Automobilak, motozikletak, ziklomotorrak eta beste ibilgailu motordun batzuk erabiltzeari, gelditzeari eta aparkatzeari buruzko ordenantza honetako arauak ez betetzea.
  4. Ordenantza honetan taxiei eta garraio-ibilgailu gidaridunei buruz aurreikusitako arauak ez betetzea.
  5. Titularra ez den pertsona batek mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-txartela erabiltzea.
  6. Alde Zaharrera, Apezpiku plazara, Santiagora eta Maddalen karrikara ibilgailu motordunekin sartzeko arauak ez betetzea.
  7. Zamalanei buruzko arauak ez betetzea.
  8. Ibiei buruzko arauak ez betetzea.
  9. Ordenantza honetan aipatzen diren autokarabanak, karabanak, camper-ak edo antzeko ibilgailuak sartu, zirkulatu eta aparkatzeari buruzko arauak ez betetzea.

83. artikulua. Arau-hauste arinak

Arau-hauste arinak dira:

  1. Oinez igarotzen diren pertsonek ordenantza honek ezartzen dizkien betebeharrak ez betetzea.
  2. Bizikleten erabilerari eta aparkatzeari buruzko arauak ez betetzea, arau- hauste astuna ez denean.
  3. Bizikleta-aparkalekuak hondatzen dituzten egintzak.
  4. Motorrik gabeko irristailuak, patineteak eta gurpil-oholak erabiltzeko arauak ez betetzea.
  5. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak erabiltzeko eta aparkatzeko arauak ez betetzea.
  6. Bizikletan eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetan doazen talde turistikoei buruzko arauak ez betetzea.
  7. Egoiliar- edo jabe-txartel eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatze-txartel iraungia erabiltzea, baldin eta txartela emateko unean eskatutako baldintza guztiak indarrean mantentzen badira.
  8. Dagokion bizileku-eremutik kanpo egoiliar- edo jabe-txartela erabiltzea, txartela eman zeneko ibilgailuaren titulartasuna transferitu ondoren edo hura iraungi denean.
  9. Aparkaldi mugatuko eremuetan aparkatzea dagokion tasa ordaindu gabe, tiket baliodunik gabe, ikusteko moduko leku batean tiketa ipini gabe; onartutakoa edo baimendutakoa baino denbora luzeagoz aparkatzea; eta, oro har, ordenantza honetan aparkaldi mugatuaren inguruan aurreikusitako arauak ez betetzea, II. eranskinean jasotakoak barne.
  10. Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku-erreserbari buruzko arauak ez betetzea.
  11. Ordenantza honen aurkako beste edozein ekintza edo ez-egite, aurreko manuetan arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta ez badago.

84. artikulua. Zehapen-arauen konkurrentzia edo konkurtsoa

Ordenantza honetako bi manuren edo gehiagoren arabera arau-haustetzat jo daitezkeen egitateak, hurrengo artikuluan jasota ez badaude, zigortuko dira egindako arau-hauste bakarrari zehapen astunena aurreikusten duen manua aplikatuta.

85. artikulua. Arau-hausteen konkurrentzia edo konkurtsoa

  1. Konkurtso erreala. Konkurtso medialaren edo arau-hauste jarraituaren kasuan izan ezik, bi arau-hauste edo gehiago egiten dituztenei egindako arau-hauste guztiei dagozkien zehapenak ezarriko zaizkie.
  2. Konkurtso mediala. Arau-hauste bat egiteak nahitaez dakarrenean beste bat edo batzuk egitea, egindako arau-hauste astunenari dagokion zehapena baino ez da ezarriko.
  3. Konkurtso ideala. Egitate bakar batek bi arau-hauste edo gehiago dakartzanean, egindako arau-hauste astunenari dagokion zehapena ezarriko da.
  4. Arau-hauste jarraitua. Arau-hauste jarraituaren egiletzat joko da aldez aurretik pentsatutako plan bat gauzatzean edo aukera bera baliatuz izaera bereko edo antzeko arau-hauste bat baino gehiago egiten dituena, eta gradu gorenean aurreikusitako zehapenik astunena ezarriko zaio.

86. artikulua. Zehapenak eta mailakatze-irizpideak

  1. Trafikoari eta segurtasunari buruzko legerian eta toki-araubideari buruzkoan aurreikusitako zenbatekoen arabera, ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehapen hauekin zigortuko dira:
    • Arau-hauste oso astunak: 201 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.
    • Arau-hauste astunak: 101 eurotik 200 eurora bitarteko isuna.
    • Arau-hauste arinak: 100 eurorainoko isuna.
  2. Zehapenak zehapen mota bakoitzerako gutxieneko eta gehieneko zenbatekoaren barruan zehazteko, trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko legerian eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean aurreikusitako zehapenak mailakatzeko irizpideak hartuko ditu kontuan Udalak. Arau- hauslearen egoera ekonomikoa ere kontuan hartu ahal izango du.

87. artikulua. Isunen ordez gizartearentzako lanak egitea

Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteagatik ezarritako isunen ordez, tokiko komunitatearen aldeko lan baliokideak egin ahal izango dira, zehatutako pertsonarekin ados jarri ondoren, dagozkion udal-xedapenetan aurreikusitako modu eta baldintzetan.

8. artikulua. Kalteak ordaintzea eta legezkotasuna berrezartzea

  1. Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik ezarritako zehapenak bateragarriak izango dira arau-hausleari aldatutako egoera bere jatorrizko egoerara leheneratu dezan exijitzearekin eta haren portaerak Udalari eragindako kalte-galerak ordainaraztearekin.
  2. Aldatutako egoera bere jatorrizko egoerara leheneratzeko eta eragindako kalte-galeren ordaina emateko betebeharra hasitako zehapen-prozedura berean ezarri ahal izango da. Horretarako, ez da beharrezkoa izango arau-hauslea zehatzea. Aldiz, nahikoa izango da prozeduran egiaztatzea egitatezko aurresuposizioa edo zehapenik gabeko neurri horiek ezartzea justifikatzen duten betekizunak daudela.
  3. Gauzak jatorrizko egoerara leheneratzeko eta eragindako kalte-galeren ordaina emateko betebeharrak berehala betearaztekoak izango dira, baita betebehar horiek zehapen-ebazpenean zehapenarekin batera ezarri badira ere.

89. artikulua. Zehapen-prozedura administratiboa eta zehatzeko eskumena

  1. Ordenantza honetan aurreikusitako zehapenak ezartzeko prozedura tramitatuko da trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide- segurtasunari buruzko Estatuko araudian eta, osagarri gisa, administrazio- prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.
  2. Prozeduraren instrukzioa alkateari edo horrek eskuordetzen duen zinegotzi eskudunari dagozkion organoek egingo dute.
  3. Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteengatik zehapenak ezartzea alkateari edo horrek eskuordetzen duen organoari dagokio.

90. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa

Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak eta zehapenak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean aurreikusitakoaren arabera preskribatuko dira.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea

Ordenantza hau indarrean sartzen denetik aurrera, indargabetuta geratuko da Araututako Aparkamenduaren Udal Zerbitzuari buruzko Ordenantza, 2015eko ekainaren 24koa (2014ko urriaren 2an onartutako aldaketen eta 2015eko ekainean egindako zuzenketen araberako testu bategina).

Indargabetuta geratuko dira, halaber, Ordenantza honen edukiaren aurka edo horrekin kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Eranskinak aldatzea

Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiaren bidez, ordenantza honen eranskinak eguneratu ahal izango dira, baita isunen zenbatekoa ere, kontsumoko prezioen indizearen arabera, haien edukia arau-aldaketetara edo berrikuntza teknologikoetara egokitzeko, eta Ordenantzan aurreikusitako prozeduretan administrazio-kargak etengabe sinplifikatzeko, arintzeko eta murrizteko tramiteak edo dokumentuak ezabatzeko.

Gobernu Batzarraren erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratu beharko da.

Azken xedapenetako bigarrena. Ordenantza fiskalak egokitzea

Udalak ordenantza fiskalak arau honetan xedatutakora egokituko ditu, bereziki tasa bat ezartzea eragin dezaketen tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiborako edo aprobetxamendu berezirako moduei dagokienez.

Azken xedapenetako hirugarrena. Argitaratzea eta indarrean jartzea

Ordenantza hau, Udalbatzak behin betiko onartu ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 15 egun baliodunera jarriko da indarrean.

boton pie