Aplikazio habiaratuak
Menu Mugitzenarida
Aplikazio habiaratuak
Ordenanza • Título
Hiri mugikortasun iraunkorraren ordenantza
Onarpena:
2022ko apirilaren 28a
Argitalpena:
2022ko apirilaren 29a
Indarrean jartzea:
2022ko ekainaren 23a
Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Ordenanza • Título preliminar
Atariko titulua. Xedea, aplikazio-esparrua, helburuak eta printzipioak
1. artikulua. Xedea
Ordenantza honen xedea da Hondarribiko bide eta hiri-espazio publikoetan mugikortasuna erregulatzea, bateragarri izan daitezen oinezkoen igarotzea, joan- etorriak bizikletaz, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta aparkatzea, pertsonen garraioa, salgaien banaketa eta espazio horietako beste edozein jolas-, kirol- edo kultura-erabilera, horiek egonleku eta harreman-leku gisa duten egokitasuna barne dela.
2. artikulua. Aplikazio-esparrua
- Ordenantza honen manuak Hondarribiko udalerri osoan dira aplikatzekoak, eta nahitaezkoak dira hiri-bide eta -espazio publiko zein pribatuetan mugikortasunarekin zerikusia duten erabilerak eta jarduerak egiten dituzten pertsona guztientzat, baldin eta bide eta espazio horiek erabilera komunerako irekita badaude edo kolektibitate zehaztugabe batek erabil baditzake.
- Ordenantza hau aplikatuko da, halaber, hiri-bide bihurtzeagatik Udalari transferitutako zeharbideetan, baita erabilera publikokoak diren nahiz erabiltzaileen kolektibitate zehaztugabe batek erabil ditzakeen udal-mugarte barruko bide, landa-bide edo bestelako espazioetan ere, horien titulartasuna edozein dela ere, baldin eta horien erabilera erregulatzeko eskumena beste administrazio bati ez badagokio..
3. artikulua. Aplikatu beharreko arauak
- Ordenantza honetan edo berau aplikatzekoa den xedapen eta egintzetan erregulatzen ez den guztia trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide- segurtasunari buruzko araudiaren arabera arautuko da, baita aplikatzekoak diren mugikortasunari buruzko gainerako arauen arabera ere.
- Ordenantza honek xede dituen bide eta espazio publikoak erabiltzearen ondorioz ordaindu beharreko zerga eta ordainarazpenekin zerikusia duten gaiak dagozkion ordenantza fiskaletan eta prezio publikoei buruzkoetan arautuko dira.
4. artikulua. Helburuak
Ordenantza honen helburu nagusiak honako hauek dira:
- Irisgarritasun unibertsala bermatzea, pertsonen mugikortasunean era guztietako oztopoak kentzea eta adineko pertsonen edo mendekotasuna duten pertsonen, haurren, desgaitasuna duten pertsonen eta mugikortasun urriko pertsonen mugikortasun-premia espezifikoei erantzutea.
- Hiriko bide eta espazio publikoek izan ditzaketen erabilerak bermatzea, eta horiek egonleku eta harreman-leku eroso, seguru eta kalitatezko bihurtzea.
- Mugikortasunari lotutako ezbeharren kopurua murriztea
- Mugikortasuna deskarbonizatzea, airearen kalitatea hobetzea eta hiri-ingurunea babestea.
5. artikulua. Printzipio informatzaileak
Ordenantza honen araubide izango dira jarraian adierazten diren printzipioak, zeinak kontuan hartuko diren haren manuak —eta manu horiek aplikatzeko ematen diren xedapenak eta egintzak― interpretatu eta aplikatzeko garaian:
- Jasangarritasuna eta motorizatu gabeko moduen lehentasuna: Ordenantzak mugitzeko modu jasangarrienak bultzatu nahi ditu, eta mugikortasunaren hierarkia berri bat ezartzen du. Hierarkia horretan, piezarik garrantzitsuena oinezkoen igarotzea da, eta ondoren honako hauek: bizikleta bidezko joan-etorriak, garraio kolektiboa, salgaien banaketa eta, azkenik, ibilgailu pribatu motordunen erabilera (motozikletak eta, azken batean, automobil partikularra).
- Hurbiltasuna: Ordenantzak joan-etorri motorizatuen beharrak murriztu nahi ditu, eta oinez edo bizikletaz egiten diren joan-etorriak sustatzen ditu, ingurune seguru eta kalitatezkoan.
- Irisgarritasuna: Ordenantzak hartzen duen espazio publikoa erregulatzearen helburua da mugikortasun errazagoa, merkeagoa eta bidezkoagoa ahalbidetzea, bide-azpiegituretan hesiak eta oztopoak ezabatzea (bereziki, desgaitasuna duten pertsonentzat), eta herritar guztiek espazio publikorako, azpiegituretarako eta garraiobideetarako duten eskubidea bermatzea.
- Ekitatea: ordenantzak pertsonek joan-etorrian ibiltzeko dituzten beharrei erantzuten die, haien errentaren, generoaren edo adinaren arabera, eta mugikortasunaren erregulazio berdinzaleagoa eta inklusiboagoa txertatu behar du.
- Segurtasuna eta osasunaren babesa: Ordenantzarekin segurtasun- baldintza orokorrak sortu nahi dira espazio publikoan eta joan-etorrietan, helburutzat harturik joan-etorri seguru, sano eta osasungarrienak sustatzea.