Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Mintzalaguna 2025
Mintzalaguna
Mintzalaguna egitasmoan parte hartu
Lagunak egin eta ondo pasa euskara praktikatu edo praktikatzen lagunduz

- Zer da Mintzalaguna?
- Mintzalagun izateko arrazoiak
- Funtzionamendua
- Ekintza osagarriak
- Hondarribiko mintzalagun taldeak
Zer da Mintzalaguna?
2013. urtetik Udalak doan eskaintzen duen zerbitzu bat da, Taupa Mugimenduaren eskutik.
Ordutik ehundaka Hondarribiarri euskaraz aritzeko aukera eskaini die. 2024 urtean adibidez 88 izan dira mintzapraktikan aritu diren kideak, esan liteke herriko kale erabileran eragiten duela herrian zehar euskaraz aritzeko guneak saretuz.
Mintzalagun izateko arrazoiak
Euskara praktikatu edo praktikatzen lagundu nahi duen edonori dago zuzenduta egitasmoa; euskaraz aritzeko inguru egokia ez duenari, hizkuntza erdi ahazturik duenari eta berreskuratu nahi duen horri, euskaltegian ikasle den eta hizkuntza erabili nahi duenari, bai eta egunerokotasunean euskaraz hitz egin ohi duenari, eta besteei laguntzeko prest dagoen horri ere.
Hemen herriko kide batzuen bizipenak eta iritziak:
Mariano San Jose
Orain dela hiru urte hasi nintzen. Nire euskara maila hobetzeko; hasiera batean, B2 maila lortu nahi nuen, eta, behin hori lortuta, C1 mailan hasi naiz. Nire maila hobetzeaz gain, euskararen erabilera indartzeko eman nuen izena. Normalean, bezero batzuen salbuespenarekin, egunerokotasunean erdaraz egiten dut. Mintzalaguna programak euskara ez ahazten lagundu dit, are gehiago, mintzapraktikak euskararekin jarraitzeko gogoa eragiten dit. Taldeko giroa da gehien gustatzen zaidana; ondo pasatzen dut, ez da ikastetxera joaten zarenean bezala, hemen ez dago derrigortasunik. Lagun artean, gai ezberdinei buruz aritzen gara eta ondo pasatzez gain, asko ikasten dut. Beti ateratzen dira hitz edo esamolde berriak. Nik izugarri gozatzen dut, eta, horixe da, nire gomendioaren arrazoi nagusia. Lehen esan dudan bezala, ez da derrigorrezkoa, eta, horrek, huts egiten duzunean lasaitasuna ematen dizu.
Karmen Larrañaga
Mintzapraktika nire uztez behar-beharrezkoa da leku askotan eta arlo askotan. Kalean mintzatzen, eskulanetan, bertsotan, mendian... Faltan botatzen dut beste ekimen batzuetara zabaltzea, adibidez, kirolean (ping pongean, kriketean, frontoian edota musean).
Ana Lloves
Aurtengoa bigarren urtea izango dut, iaz hasi nintzen. Orain, astean behin elkartzen naiz mintzapraktika taldearekin, baina, egunero, saiatzen naiz gutxienez tarte bat hartzen euskaraz hitz egiteko. Euskarako ahozko proba prestatzeko hasi nintzen; orain, ordea, euskara maila mantentzeko eta euskaraz mintzatzea gustatzen zaidalako jarraitzen dut. Bai noski, dudarik gabe; euskaraz hitz egiteko aukera ematen dit, eta, horrela, pixkanaka maila hobetzen noa. Agian, euskaraz hitz egiteko beldurra kendu didala. Euskaldunekin zailagoa egiten zait, nire mailarekin ez da erraza eta lotsatu egiten naiz. Baina mintza talde batean, nire egoera berean dauden lagunekin, errazagoa zait euskaraz hitz egitea. Eta gozatu egiten dut nire burua gai ikusten dudalako. Niretzat onuragarria denez, besteentzat ere lagungarria izan daitekeela pentsatzen dut. Nire euskaltegiko lagunei gomendatzen diet izena emateko.
Ruben Toribio
Orain dela bi urte hasi nintzen mintzapraktika saioetan parte hartzen. Interesgarria iruditu zitzaidan nire euskara maila hobetzeko eta, horrez gain, HABEko ahozko azterketak gainditzeko. Hasieran, hori zen nire asmoa. Oraindik falta zait, baina, esango nuke, euskaraz hitz egitean ziurtasun handia irabazi dudala. Horrela nabaritzen dut behintzat. Asko gustatzen zait euskaraz hizketan aritzea. Era berean, jende ezberdina ezagutzeko aukera ematen du, haien ikuspuntua entzutea pozgarria da. Gainera, hizkuntza partekatzeak eta, nolabait esanda, babesteak, animatzen nau ere. Edonori gomendatuko nioke. Batez ere, hainbestetan entzuten den euskaldunak oso hermetikoak garela gezurtatzeko. Izan ere, mintzapraktika taldeetan ikusi dudan gauza garrantzitsuenetako bat hori izan da.
Kemen Mauleon
Orain dela urte eta erdi hasi nintzen mintzapraktika taldean. Euskaltegian nenbilen, eta, euskara praktikatzeko beharra nuelako hasi nintzen. Izugarri lagundu dit; astero ordubetez elkartzen naiz nire taldekideekin, eta eragina nabarmena izan da. Taldean oso gustura nabil: harreman berriak egin ditut, jende berria ezagutu dut, giroa paregabea da eta horrek taldekideak ia lagun bihurtu gaitu. Aipatu ditudan arrazoiengatik, jende askori gomendatu diot mintzalagun taldean hastea. Egitasmoaren bueltan antolatzen diren Mintzodromo eta antzeko ekintzak ere lagungarriak dira.
Inma Rivero
Orain dela urte bete hasi nintzen mintzapraktika egiten. Kalean euskaraz hitz egiteko praktikatu nahi nuelako hasi nintzen. Lagundu dit, bai. Lehen, kalean ez nuen euskaraz hitz egiten, eta, orain, berriz, beldurra galdu dut. Ekintza osagarriak asko gustatzen zaizkit: antolatzen diren sagardotegiak, Mintzodromoak, ibilaldiak, eta beste hainbat ekintza. Ba, euskara maila hobetzeko aukera onena dela uste dudalako.
Jon Jauregi
Aurtengoa, nire bosgarren urte izango da mintzapraktika taldean. Nire euskara maila hobetzeko asmoz hasi nintzen. Dudarik gabe, mintzapraktikari esker hobeto hitz egiten dut euskaraz. Egiten ditugun irteera batzuk eta nire taldekideekin hitz egitea da gogokoen dudana: Sagardotegi eguna, Mintzalagunen Topaketa, aurten Erandion egin den “MintzaEguna”... Nire esperientzia kontuan hartuta, guztiei gomendatuko nieke.
Funtzionamendua
Lauzpabost pertsonako taldeak izaten dira, eta astero elkartzen dira ordu, edo ortu eta erdi inguru. Lekua erabakitzeko askatasun osoa dute: tabernan, hondartzan, paseatuz, kiroldegian edo gogoko duten edozein ekintza praktikatuz.
Talde bakoitzak bidelaguna izaten du, egunerokotasunean euskara erabiltzen duen herritarra izaten da; astean ordubete duen eta besteei laguntzeko prest dagoen edonor izan daiteke. Bere egitekoa ez da irakastea, euskara erabiltzen laguntzea baizik, elkarrizketa sortuz, falta diren hitzak erraztuz eta abar. Hondarribian Bidelagunak ditugulako daude horrenbeste mintzapraktika talde, eta talde gehiago sortzeko bidelagun gehiago behar ditugu.
Urtean zehar familientzat ekintzak ere antolatzen ditugu hauek euskaraz aritzeko guneak sortuz.
Ekintza osagarriak
Astero egiten diren bilkura hauetaz gain, hilero, ekintza osagarriak antolatzen dira (txangoak, tailerrak...), euskaraz arituz ondo pasatzea, jendea ezagutzea, eta, batez ere, asteroko taldetik haratago ere euskara erabiltzeko gaitasuna hartzea da helburu, Hondarribian euskaraz aritzeko gune berriak sortu eta saretzea.
Hauek dira urtero egiten diren ekimen batzuk:
Mintzodromoa
Mintzatxotx
Mintzaeguna
Mendi irteerak
Gau beltza
Parketarrak
Hondarribiko mintzalagun taldeak
Gaur egun 16 talde dira herrian astero elkartzen direnak; batzuk ekimen berezi baten inguruan sortu dira, adibidez:
Kakorratz taldea
Kakorratza eginez mintzapraktika egitera elkartzen dena.
Mendi irteerak taldea
Mendian bilaldiak eginez euskara praktikatzen dutenak.
Hitano laguna
Hika/noka aritzea helburu duena.
Irakurketa erraza eta mintza
Euskara ikasten ari direnei edo irakurketan trebatu nahi dutenentzako saioak.
Eta laster hasiko diren talde berriak:
Rol jokoen taldea.
Hondarribiko hizkera laguna.
Baina guztiek dute helburu berdina, ondo pasatuz, konfiantza giroan, eta akatsak egiteko beldurrik gabe euskaraz aritzea.
Guztira 88 lagunek osatzen dute Hondarribiko Mintzalagun egitasmoko taldea: 75 kide dira euskara praktikatu nahi dutenak eta 13 haiei laguntzeko dauden bidelagunak.
Badira astero elkartzeko konpromezurik hartu ezin duten herritarrak ere (ordutegia dela eta, edo beste arrazoien batengatik), hilero egiten diren ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten dute. Azken finean, egitasmoak ez du inor derrigortzen, borondatezko ekintza da, horregatik, erraztasunak ematen dira bakoitzaren ordutegira eta euskara mailara gehien egokitzen den taldea aukeratzeko.
Hauek dira Hondarribiko taldeak eta bakoitzaren ordutegiak:
Taldea | Eguna | Ordua |
---|---|---|
1 | Astelehena | 16:00 |
2 | Asteartea | 11:00 |
3 | Asteartea | 17:00 |
4 | Asteartea | 18:30 |
5 | Asteazkena | 12:30 |
6 | Asteazkena | 16:30 |
7 | Asteazkena | 19:00 |
8 | Osteguna | 09:30 |
9 | Osteguna | 10:30 |
10 | Osteguna (HIKA) | 16:30 |
11 | Osteguna | 17:00 |
12 | Osteguna (Kakorratz taldea) | 18:00 |
13 | Osteguna | 19:00 |
14 | Ostirala (Kiroldegia) | 15:00 |
15 | Ostirala | 19:00 |
16 | Igandea | 09:00 |
Euskara praktikatu nahi baduzu, edo bestei laguntzeko prest bazaude eta bidelagun izan nahi baduzu eman izena!!