Aplikazio habiaratuak
Karroza eta Konpartsen lehiaketaren oinarriak 2026
Karroza eta Konpartsen lehiaketaren oinarriak 2026
Hondarribiko Udalak 2026ko "Inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketa" antolatu du. Ondorengo oinarriak ditu lehiaketa honek:
Parte hartzaileak
Edonork edo edozein taldek har dezake parte, adina edo nazionalitatea edozein izanik ere.
Konpartsak
Ez dago gutxieneko neurririk, ez eta derrigorrezko baldintzarik ere. Lau talde handitan banatzen dira:
- A taldea: pertsona bakarrak
- B taldea: 2 eta 5 lagun bitartean
- C taldea: 6 eta 15 lagun bitartean
- D taldea: 15 lagun baino gehiago. Lehiaketan gehienez D taldeko 15 konpartsak parte hartu ahal izango dute, Hondarribiko taldeak lehentasuna izango dutelarik.
D talde honetan ondorengo banaketa egingo dugu:
Hondarribiko D taldeak
Hondarribian erroldatutako talde antolatuak eta parte hartzaileen gutxieneko %71 Hondarribian erroldatuak edo Hondarribian jaiotako lagunek osatzen duten talde ez antolatuak.
Hondarribikoak ez diren D taldeak
Egoitza soziala Hondarribian ez duten talde antolatuak edota partehartzaileen %70 edo gutxiago Hondarribian sortuak edo erroldatuak dituzten taldeak.
Karrozak
Ez dago ez derrigorrezko baldintzarik neurriari dagokionez, ibilgailu baten gainean egina edo atoian eramana izan daiteke; soinu ekipoa izan dezake eta sua edo elektrizitatea duten karrozetan su-itzalgailu bat eraman beharko da.
Izena emateko
Izen-emate orria eta beharrezko dokumentazioa elektronikoki Hondarribiko Udalaren web orriko Sarrera Erregistroren bitartez aurkeztu ahalko dira. Horrez gain Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluan zehaztutako beste edozein bidetatik.
Bide elektronikoa erabili beharko dute horretara behartuta dauden subjektuek (39/2015 legearen 14. artikulua): besteak beste, pertsona juridikoek eta izaera juridikorik gabeko erakundeek. BAZen bulegoan horretarako laguntza emango zaie tramite hau era elektronikoan egiten ikasteko.
Eskabidea formalizatzeko eskaera orria behar bezala beteta aurkeztu beharko da.
Izenematea doakoa da eta onarpen epea 2026ko urtarrilaren 19an irekiko da eta urtarrilaren 30ean itxiko da (biak barne). Ezarritako epetik kanpo bidalitako izenemate orri guztiak gutxietsita geldituko dira.
Izapideak non egin
|
BAZ Javier Ugarte 6. 20280 Hondarribia 943 11 12 13 - 943 11 12 11 Faxa: 943 11 12 50 Irailaren 16tik ekainaren 14ra: astelehenetik ostegunera: 8:30 - 14:00 / 16:00 - 18:00 • ostiralak: 8:30 - 14:00 • larunbatak: itxita. Udalaren leihatila bakarra izatea eta informazioa, izapideak egiteko laguntza eta herritarrek gehien eskatzen dituzten udal-zerbitzuak ematea da biztanlearen arreta-zerbitzuaren xedea. |
Epaimahaia
Epaimahaia Hondarribiko Udaleko ordezkariek eta Hondarribiko eragile kulturalek osatuko dute.
Sariak
Epaimahaiak ondoko ezaugarriak kontutan hartuz: Originaltasuna, Aurkezpena, Giroa (umorea, musika, etab.), ondorengo sari bereziak emango ditu:
- A Talde onenari garaikurra eta 150,00 €
- A 2. Talde onenari 90,00 €
- A 3. Talde onenari 60,00 €
- B Talde onenari garaikurra eta 200,00 €
- B 2. Talde onenari 120,00 €
- B 3. Talde onenari 70,00 €
- C Talde onenari garaikurra eta 300,00 €
- C 2. Talde onenari 140,00 €
- C 3. Talde onenari 100,00 €
- Hondarribiko D Talde onenari garaikurra eta 800,00 €
- Hondarribiko 2. D talde onenari 600,00 €
- Hondarribiko 3. D talde onenari 400,00 €
- Hondarribiko 4-15 arteko D talde sailkatu bakoitzari 230,00 €
- Hondarribiko karroza onenari garaikurra eta 800,00 €
- Hondarribiko 2. karroza onenari 600,00 €
- Hondarribiko 3. karroza onenari 400,00 €
- Hondarribikoa ez den D talde onenari (karroza izan ala ez) garaikurra eta 800,00 €
- Hondarribikoa ez den 2. D talde onenari (karroza izan ala ez) 600,00 €
- Hondarribikoa ez den 3. D talde onenari (karroza izan ala ez) 400,00 €
- Hondarribikoa ez den 4-10 arteko D talde sailkatu bakoitzari (karroza izan ala ez) 230,00 €
Sarien baturaren gehienezko kopurua ezin izango du 11.000€ baino handiagoa izan.
Epaimahaiak gutxiengo ezaugarriak betetzen ez dituen taldea sari gabe utzi edota zenbatekoa aldatu ahal izango du.
Ez da sarituko lehiaketan izenik eman ez duen karroza edo konpartsarik.
Sari hauei dagokien PFEZ kenduko zaie.
Sari hauek dagokion 2026ko partidatik ordainduko dira, 1 0206.481.06.338.00 2026 (9007)
Epaia eta sari banaketa
Lehiaketaren emaitzak 2026ko otsailaren 16an arratsaldeko 19:30ean udaletxeko Areto Nagusian gauzatuko den ekitaldian emango dira jakitera. Bertan saridunei garaikurrak emango zaizkie.
Besterik
- Saritua izateko ezinbestekoa izango da parte hartzen dutenek inauteriko igandean zehaztuko den ibilaldia egitea.
- Ekitaldiak ahalik eta azkarren egin daitezen, konpartsa bakoitzak ordezkari bat izendatuko du eta hau arauak betetzeaz arduratuko da. Gainera berarekin harremanetan egoteko telefono mugikor baten zenbakia eskainiko digute.
- Konpartsa bakoitzaren partehartzea esleitzen zaien ordenaren arabera izango da. Orden hori kultura sailak erabakiko du eta konpartsa bakoitzari jakinaraziko dio.
- Desfilea 2026ko otsailaren 15eko goizean izango da, irteera ordua eta leku zehatza partehartzaileei konfirmatuko zaie
- Aurtengo ibilbidea ondorengoa izango da: Arma Plaza (konpartsa txikientzat), Minasoroeta, Sabin Arana Goiri, Bernat Etxepare, Zuloaga eta San Pedro Kalea. Aldaketak egongo balira partehartzaileei jakinaraziko zaie.
- Erakunde beraren izenean ezin izango da karroza bat baino gehiago aurkeztu.
- Parte hartu nahi duten konpartsen partaideek, gai berbera adierazi beharko dute. Karroza, konpartsa edo talde bakoitzak kartel bat bere izenarekin eraman beharko du epaimahaiak jakin dezan zein den bakoitza.
- Talde bakoitzak musika bakar bat eramango du, soinu ekipoak gehienez 1.500 W izango ditu eta konpartsara zuzendua jarrita egon beharko du beste konpartsei enbarazurik ez egiteko.
- Debekatuta dago konpartsa edo karrozan publizitatea egitea.
Lehenengo azken xedapena
Irudien erabilera ez-sexista eta inklusiboa eta ez-arrazista bermatuko da. Bereziki pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatuko dira. Honetaz gain, partaideek 1/2023 Legegintzako Dekretua bete beharko dute, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
Bigarren azken xedapena
Hautaketa prozesuan 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak agindutakoaren baitan jardungo du udalak. Horren 21. Artikuluari jarraituz, hautaketa-epaimahaiaren osaketan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da eta guztiek ere trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia izango dute.
Hirugarren azken xedapena
Lehiaketan parte hartzeko izena emateak berekin du arautegi hau onartzea. Epaimahaiaren eskumena da lehiaketa honetan sortu daitezkeen arazoen gaineko erabakia hartzea.
Informazio gehiago
Deskargatu dokumentuak
- Karroza eta Konpartsen lehiaketaren oinarriak (pdf)
- Izena emateko orria
- Hirugarrenen alta fitxa (pdf)
Online Tramitazioa