Aplikazio habiaratuak
Menu Kultura - Kultura
Aplikazio habiaratuak
Gabonak
Gabonak

Gospela
Udalak, urteetan, Gospel ziklo bat hiriko hainbat auzoetan antolatzen du, Gabonak hasi baino aste batzuk lehenago. Mendelu, Amute, Alde Zaharra edo Portu Auzoa musika gospeleko agertoki bihurtzen dira.
Mari Domingi - Olentzero
Mari Domingi eta Olentzero eskutitzak jasotzera iristen dira Hondarribira ere, joaldunek lagunduta. Umeen urduritasuna eta ilusioa ezinbesteko bihurtu dira familientzat Gabon bezperan. Portu Auzoko eta Alde Zaharreko kaleetan ilara luzeak izaten dira txikienek Mari Domingiri eta Olentzerori gutuna eman diezaieten.
Koruak
Gabon gauean eta Urtezahar gauean kantatzera ateratzeko ohitura oso bizirik dago Hondarribian. Gabon eguneko goiza txikienentzat da. Aurreko asteetan beraiek sortutako Olentzero eta Mari Domingi lehiaketak ematen die hasiera goizean antolatutako ekintzei, eta ondoren talde txikietan abesten jarraitzen dute denek.
Arratsaldean gabon kantak entzuteko unea da, Alde Zaharreko eta Portu Auzoko kaleetan barrena ibiltzen diren abesbatzen ahotsetan, afaltzera joan aurretik.
Urteko azken egunean, koru taldeek interpretatutako “Dios te salve" koplek osatzen dute amaitzen den urteari agur esateko soinu-banda.
Postaria eta Errege Magoen kabalgata
Magiak eta Errege Magoen etorreraren ilusioak gainezka egiten dute urtero Hondarribiko kaleetan. Urtarrilaren 4an, Erregeen Postaria hiriko kaleetan barrena ibiltzen da txikienen eskaerak jasotzen. Urtarrilaren 5ean, Errege Magoak Mendelu eta Amuteko haurrak agurtzen dituzte, itsasontziz Bentaraino iritsi aurretik. Arrantzaleen Ermandadetik, Meltxor, Gaspar eta Baltasar, zain dituzten haur guztiak agurtzen dituzte.
Kabalgata, hiru errege eta laguntzaile guztiekin, hiriko kaleetan zehar dabil Gernikako Arbolako Jaiotza Bizidunera iristeko. Kale Nagusitik Arma Plazaraino igo ondoren, erregeek Hondarribiko etxeetara opariak banatzen hasteko lanari ekiten diote.
Santo Tomas
Abenduaren 21ean, San Pedro kalea landa-ingurune bihurtzen da, eta bertako produktu eta ohiturak protagonista bhiurtzen dira: fruta eta barazkien merkatua, kontserbak, gozokiak, artisautza... Aizkolariak eta harri-jasotzaileak dira protagonista euskal herri kirolen erakustaldian.
Euskal dantza tradizionalek beren lekua dute arratsaldean. Baina guztiaren gainetik... Txistorraren eguna da, taloz eta sagardoz lagunduta.
Jaiotza Biziduna
Gernikako Arbolako lorategiak Euskal Herriko herri txiki baten eszenatoki bihurtzen dira, bertako etxetxo tradizionalekin, Hondarribiko eraikinen erreplikekin, non arrantzale eta baserritarrek Gabonaren historia antzezten duten. Txalaparta, txistulari eta trikitixen soinuak eta euskal gabon kanta tradizionalek ingurune magiko batera eramaten gaituzte.
Abenduko azken larunbatean eta urtarrilaren 5ean Jaiotza Biziduna antzeztu egiten da, azken egun honetan Errege Magoen bisitarekin, Musika Bandarekin batera.
1965etik Hondarribian ospatzen den Jaiotza Biziduna Gabonetako tradiziorik magikoenetako bat bihurtu da.
San Silbestre solidarioa
Hamalau edizio egin dira dagoeneko, eta urteko azken eguneko klasiko bihurtu da. Urtetik urtera gero eta jende gehiagok hartzen du parte 6 kilometroko lasterketa honetan. Ongintzazko kausa batekiko elkartasuna, urteari agur esateko asmo onak eta umore ona biltzen dira bertan.
Tokiko merkataritza
Eguberrien aurreko asteak dira herritarrek gehien kontsumitzen duten garaia. Hori dela eta, Udalak aspaldidanik apustu bat egiten du herritarrei mezu bat helarazteko erosketa horiek hurbileko merkataritzan egin daitezen.
Hondarribia merkataritza-sektorea azken urteetan indartu den udalerria bihurtu da, eta gure ingurunean erreferente izaten hasi da, berezko nortasuna duten boutique txikien eskaintza nabarmendu delako.
Saltokiekin kaleak bizirik mantentzea herritar guztien esku dago, eta Gabonetako Kanpainak tokiko merkataritzaren eskaintza ezagutarazteko aukera paregabea dira.




