Aplikazio habiaratuak
Historiaurrea eta erromatarren menderaldia
Historiaurrea eta erromatarren menderaldia
Hondarribia, Bidasoa ibaiaren bokalean kokaturik, toki bereziki polita eta lasaia da. Halere, erreinu arteko mugan kokatuta dagoenez, funtzio oso nabarmena izatera egon da behartuta mendeetan zehar.
Gaur egun, iragan heroikoaren hainbat aztarna daude hirigune historikoan. Izan ere, Euskadin hain ondo kontserbatutako gotorleku bakarra da.
Gutxienez Erdi Paleolitikoko gizakien aztarnak dituzten Euskadiko toki gutxietako bat da Hondarribia. Higerko lurmuturrean daude duela 50.000 urte baino gehiagoko aztarnategi horiek. 2003. urtean M. J. Iriarte eta A. Arrizabalagak Jaizkibel mendiaren itsasaldeko magalean egindako indusketetan, duela 8300 urte "Mesolitikoko maskortegi" baten testuinguruan egindako ehorzketa bat bertan egin zela egiaztatu zuten. Egun, Neolitiko garaia da ezezagunen duguna. Garai hartan iritsi ziren Euskadira ardi-, ahuntz-, behi- eta, beranduago, txerri-aziendak.
Aurrerapen ikaragarri honen ondoren, metalurgia ere iritsi zen. Europan bezala, kobrea izan zen lehenbizi erabilitako metala. Urrearen moduan, elementu hau naturan aurki daitekeelako eta lantzen erraza delako izan zen hala. Aurretiaz urtu beharrik gabe, kobre purua lor daiteke. Garai honetakoak eta, bereziki, Kalkolitiko garaikoak (kobre aroa) eta Brontze Arokoak dira gure dolmenak. Hondarribian, bost eredu aurkitu dira unera arte, eta Jaizkibelen daude guztiak.
Erromatarren menderaldia
Aztarna arkeologikoak
Azken urteotan Burdin Aroari buruzko ikerketa arkeologikoetan lortutako datuak kontuan hartuz, Gipuzkoa hiru eremu kultural batzen zituen tokia zela proposatu da: batetik, akitaniarra, Bidasoaren ingurukoa; bestetik, baskoia, mendebaldeko sektorean Leitzaraneraino zabaltzen zena; eta, azkenik, zeltikoa, kantauriarra edo zeltiberiarra, erdialdeko, ekialdeko eta hegoaldeko eremuak hartzen zituena.
Baskoiei dagokienez, Ebro ibaiaren erdialdeko haranetan ere bizi zirela frogatzen du dugun informazioak; Pirinioetako mandi-adarretan hasita, Bidasoaren inguruko itsasertzeraino iristen ziren. Haien hirietako hainbat ezagutzen ditugu. Pompaelo, adibidez, K. a. 75. urtean sortu omen zuen Pompeiok, bere gudarosteen egonleku izan zedin. Mediterraneo itsasoa, Ozeano Atlantikoa eta Pirinioen mendebaldeko igarobideak batzen zituen galtzada pasatzen zen handik. Tarraco edo Tarragonan hasi eta Oiasso eta Irunen bukatzen zen.
Ondarraitzen (Hendaia), San Martzial eta Jaizkibel mendietan eta San Telmo gazteluaren oinetan, Higerren badian, eta baita Irungo erdigunean identifikatu den hiri-eremua ere.
Erromatarrak bertara iritsi zirenean, Estrabonek esandakotik ondoriozta daitekeenez, baskoien itsasaldeko azken lurraldeetako bat zen, Oiassoren inguruan. Jaizkibeleko harrespil piriniotarrek baieztatzen dute harreman etniko hori.
1926an, Schulten maisua bertaratu zen udalerrira. Avieno olerkariak K.a. VI. mendean Massaliako itsasgizon batek egindako bidaia idatziz jasotzean, Venusen lurmuturra aipatu zuen, eta lurmutur hori Higerren zegoela uste zuen maisuak.
1961ean, erromatarren lehen objektuak aurkitu ziren Asturiagako ainguralekuan; 1984an, aztarnategi berean, «Higerko brontzeak» deritzen aztarnak aurkitu ziren; eta, 1998an, hirigune historikoko Pampinot kalean etxebizitza-bloke bat eraikitzeko hondeaketa-lanak egiten ari zirela, Erromatar Goi Inperioaren garaiko bereizgarriak diren ontziteria eta zeramika piezak aurkitu ziren, I. eta II. mendeetakoak. Erromatarrak Hondarribian izan zirela frogatzen dute hiru aurkikuntza hauek. Lehenbiziko frogek, hala nola ainguralekuko hondoratzeetan aurkitutakoek, haien presentzia aldizkakoa izan zela iradokitzen zuten, baina, Pampinoteko pieza sortari esker, bizileku egonkor izan zutela dakigu.
Higerreko brontzeak