Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Hapo

Aplikazio habiaratuak

Plana ulertzeko

Plana ulertzeko

Udalbatzak behin-behinean onartu du Plan Orokorra

Etxebizitza larrialdia arintzeko 1.500 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko duen Plana

1.500 etxebizitzen eraikuntzak herritarren bizi-proiektua herrian egiteko lagunduko du

Ostegunean udalbatzan onartu genuen HAPOak 2040. urtean Hondarribiaren zein nolako argazkia izango dugun arautuko du. Hau da, eraikitzeko orduan zehaztuko du zenbat eta non eraiki daitekeen eta nolako eraikinak izango diren, libreak, babes ofizialekoak, tasatuak, kooperatibak…

Igor Enparan Araneta
Hondarribiko alkatea

Beraz, Hondarribiak HAPO honekin bide bat egingo du.

Hala da. Gizarte eredu zehatz bat sustatuko dugu. Gobernua osatzen dugun bi alderdiok oso garbi dugu nolako Hondarribia nahi dugun, nolako HAPO egin dugun: herritarrak gustura eta pozik bizi diren herria nahi dugu. Ondo bizitzeko Hondarribia bat nahi dugu: euskalduna, jasangarria, elkartasunean eta berdintasunean oinarritua, justua, garbia, gure kaleetan haurrak seguru jolas daitezen, gazteek aisialdirako aukera izan dezaten, gure nagusiek merezi duten bizi-baldintza duinak izan ditzaten. Eta Hondarribia bizi batean bizi nahi dugu kanpora joan beharrik gabe, kultura sustatuko duena, auzoen arteko orekari eutsiko diona, herritarrak herritarrekin saretzeko ahalbidetuko duena.

Nola definituko zenuke udalbatzak onartutako HAPOa

Guk duela bi urte ez genuen gobernua hartu gauzak zeuden bezala uzteko. Gu ohiko dinamikari buelta emateko lanean ari gara Hondarribia hobetu nahi dugulako. Abiatu gara HAPOa zegoen fasetik, aurreko agintaldian hasierako onarpena izan zuen planetik, jatorrizko testuek jasotzen duten irizpide eta helburuekin bat egiten dugulako baina aldaketak egin dizkiogu plan hark jasotzen dituen irizpide eta helburuek gauza bat esaten dutelako baina gero hasieraz onartutako dokumentuak beste bat egin nahi zuelako. Gu ez gara horrelakoak.

Beraz, ez da guk zerotik hasita egingo genukeen Plana baina aldaketak eginda planteamendu onena da, errealistena, herritarren interes orokorraren alde egiteko, zuhurtzia politiko handiz jokatuta.

"Gobernuak oso garbi du nolako Hondarribia nahi dugun, nolako Plana egin dugun

Zein dira HAPOaren ardatz nagusiak?

Herritarrak. Herritarren beharrak. Ahalmen ekonomiko ez handiko herritarren, hau da, gazteen eta euren bizi-proiektua Hondarribian txertatu nahi duten familien hautuak ezin du izan Irunera, Hendaiara, Lezora, Pasai Antxora edo urrunago bizitzera joatea gure herrian etxebizitza eskasia dagoelako edota horien prezioa eskuraezina delako.

Herritar askok dute arazo hori?

Datu lazgarri bat emango dut: azken hamarkadan 30-45 urte arteko hondarribiarren herenak herritik kanpora joan behar izan du aipatzen ari naizen etxebizitza larrialdi horregatik. Hori drama bat da, onartezina da. Guk konpromiso bat dugu gazte eta familia horiekin eta egoera hori zuzentzeko urratsak egiten hasi gara HAPO honekin, bestela Hondarribia zahartu bat geldituko zaigu, pixkanaka bizitasuna galduko duena.

Eraiki egin behar da orduan.

Zalantzarik gabe. Eta gainera guk fokoa babestutako etxebizitzan jarriko dugu. Plan honek etxebizitza publikoari emango dio lehentasuna. 1.500 etxebizitza eraikiko ditugu eta horietatik 900 inguru publikoak izango dira: lehen fasea Montañenean, Kubo Madalena-Labrederren eta Etxanikenean hasiko da, gero Karmeldarretan jarraituko dugu eta azkenik Tudelenean-Botikan eraikiko da etxebizitza larrialdi horri aurre egiteko.

Etxebizitza eredu hauen artean denetarik egongo da. Babes publikokoak eta ekimen pribatukoak. Gazteentzat, familientzat eta adineko pertsonentzat ere. Alokairuan, salmentan eta erabilera lagapen bitartez kooperatiba modukoak.

Hau da, beharra duten herritar guztientzako moduko aukerak eskainiko dira.

"1.500 etxebizitza eraikiko ditugu eta horietatik 900 inguru publikoak izango dira

Basakon, aldiz, ez duzuelako eraikiko esan duzue.

Basakok, orain arte bezala, natur-eremu izaten jarraituko du. Bertan ez da etxebizitzarik eraikiko. Eraikitzekoak ziren luxuzko etxebizitzak, askotan bigarren etxebizitzak izango liratekeenak, baimenik gabe gelditu dira. Gurekin inork ez du pelotazorik joko. Ez dugu lehen eta bigarren mailako hondarribiarrak izateko politikarik bultzatuko.

Ingurumenaren babes ikuspegitik ezegokia zen aurreko proposamena. Mugikortasun ikuspegitik ere ezegokia zen. Paisaia ikuspegitik eragin handikoa zen, eta segurtasun ikuspegi batetik ere oso arriskutsua ikusten genuen bizirik dagoen mendi-labar batean kokatzen zelako.

Herritarren arteko mixturaz hitz egin duzue. Zer da hori?

Ez dugu edozein moduan eraikitzeko baimenik emango. Herritarren mixtura bermatuko dugu eraikiko diren auzoetan babes ofizialeko etxeak, tasatuak eta libreak egingo direlako elkarren ondoan. Planak ez du utziko eremu batzuk etxebizitza librez osatuta soilik egotea eta beste batzuk babes ofizialeko etxebizitzez eta tasatuez soilik. Lehen esan dudan bezala ez da lehen eta bigarren mailako hondarribiarrik izango, ahalmen ekonomiko desberdineko herritarren mixtura izango da auzoetan

Auzo-bihotzak zer dira?

Hondarribia bizia eta bizitzeko nahi dugu. Inor kanpora bizitzera joan behar ez izateaz gain, merkataritza, zerbitzuak, aisialdi guneak, auzoen arteko komunikazioa… Hau da, Hondarribia bizitzeko planteamendua daukagu. Auzo bakoitzaren topaguneak indartu eta beste auzokoekin sarean lotzeko bideak bilatzeko tresnak izango dira Auzo-bihotzak, Hondarribia osoaren bizitza soziala berpizteko, Hondarribia taupada berriaz bizitzeko.

"Lehen fasea Montañenean, Kubo Madalena-Labrederren eta Etxanikenean hasiko da, gero Karmeldarretan jarraituko dugu eta azkenik Tudelenean-Botikan

Zaldunborda-gainean egitekoa zen Makroutleta historia da?

Bai. Aurreko gobernuak 38.000 m2ko Makroutlet bat aurreikusten zuen han. Guk, ordea, hori baztertu eta eremu horretan 40.000 m2 jarduera konomikoetarako bideratuko ditugu. 40.000 horietatik 15.000m2 soilik merkataritza-aktibitaterako izan daitezke, gainera hor saltoki singularrak bakarrik ezarri ahal izango dira, hau da, dekorazio saltokiak, auto-kontzesionarioak… horrelakoak soilik, inoiz ez makroutletak. Herriko merkatariekin adostu dugu, eta oso garrantzitsua dena, garapen plangintza ez duela balizko sustatzaileak idatziko udalak baizik.

Herriko merkataritzarekin adostasunera iritsi zaretela aipatu duzu.

Lehen esan dut herritarrak direla HAPOaren ardatza. Bigarren ardatza herriko merkatariak dira, horregatik oso kontuan hartu ditugu ere euren kezkak. Zaldunborda gaina planteatuta zegoen bezala iluntasun handiago zekarren oraindik, konpetentzia garaitezina. Bildu gara merkatariekin, azaldu diegu gure proposamena, etorri dira ekarpenekin, eztabaidatu dugu, berriro eztabaidatu dugu, eta azkenik bat egin dugu, proposamen ahalik eta onena eta errealistena lortuz merkatarien mesederako, gu guztion mesederako.

Kritikak ere jaso ditu zuen Plan honek.

Begi bistako da Hondarribia oso anitza dela. Pentsaera desberdineko pertsonek osatzen dugula. Udalbatza da horren lekuko. Nik garbi daukat gu denon ongizatea bada gu denon lehentasuna, batzen gaituen horren inguruan akordioak lortu behar ditugula. Pentsamolde desberdinak ditugunon artean ekarpen eraikitzaileak egin behar ditugu herritarren interesak gailentzeko. Kasu honetan etxebizitza larrialdi dramatiko honi erantzuteko.

Hondarribiko HAPO berriak 1.500 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du, gehienak jabetza publikokoak, etxebizitza-larrialdiari aurre egiteko

Hondarribiko Udalak joan den osteguneko osoko bilkuran onartu zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berriaren behin-behineko onarpen proposamena. HAPO tresna funtsezkoa da hiriaren epe luzerako hiri-eredua definitzeko.

Plaza

Dokumentua aurreko legealdiko azken osoko bilkuran hasieraz onartutako HAPOn oinarritzen da, baina berrikusi eta eguneratu egin da herritarren beharrei hobeto erantzuteko. Plan berriaren ardatz nagusietako bat da Hondarribiak bizi duen etxebizitza-larrialdiari erantzutea. HAPO berriak 1.500 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du, gehienak babes publikokoak. Igor Enparan alkatearen hitzetan, “etxebizitzak Hondarribiko biztanleen profil ezberdinetara egokituta izango dira: babes publikokoak eta ekimen pribatukoak; gazteentzat, familientzat eta adinekoentzat; alokairuan, salmentan eta erabilera lagapenean, kooperatiba moduan. Hau da, hemen bizi diren pertsonen etxebizitza-beharrei erantzungo diegu”.

Etxebizitza babestu publikoan fokua jartzeaz gain, Plan honek ez du biztanleria segregatzea onartuko; hau da, ez da onartuko auzo batzuetan etxebizitza librea soilik eraikitzea eta beste batzuetan soilik etxebizitza babestua. “Gizarte-eredu berdinzale baten alde gaude; Hondarribia bidezkoago eta orekatuago bat nahi dugu, non auzo guztiek zerbitzu eta azpiegitura egokiak izango dituzten,” nabarmendu du alkateak.

Etxebizitza-larrialdiari aurre egiteko, Plan honek aurreikusten du etxebizitza librea eraikitzeagatik dagokion diru-konpentsazioa jaso ordez sustatzaileen eskutik jabetza publikoko etxebizitza eraikiak jaso eta kudeatuko dituela udalak. Ideia hori da egunotan udalak eta enpresa eraikitzaileek Montañenea eta Kubo Madalena-Labreder auzoetarako sinatu dituzten bi hitzarmenen oinarria. Hain zuzen ere, bi hitzarmen horietan jasotzen da udalak erabat eraikita 50-60 etxebizitza inguru jasoko dituela alokairu sozialerako. HAPO berriak “Auzo-bihotzak” kontzeptuaren aldeko apustua ere egiten du, auzo guztietan zerbitzuak eta bizi-kalitatea bermatzeko helburuarekin. Ez da soilik etxebizitzak eraikitzea, baizik eta Hondarribia bizigarri eta kohesionatu bat bermatzea: kultura sustatuz, lurralde oreka eta komunitate-loturak indartuz.

"1.500 etxebizitza eraikiko ditugu eta horietatik 900 inguru publikoak izango dira

Etxebizitza publikoaren aldeko apustu sendo eta erreala

Plan Orokorrak hirigintza ikuspegitik lan-ildo askobiltzen ditu bere baitan. Etxebizitza larrialdia arintze aldera, batez ere, bost eremutan aurreikusten du etxebizitzak eraikitzea. Hori bai, segregaziorik ez da izango, beraz, etxebizitza publikoak nahiz pribatuak elkarren ondoan eraikiko dira. Ez da eremu bat etxebizitza publiko hutsez osatuko, ezta pribatu hutsez ere. Hasierako Planean Basakon luxuzko etxebizitzak eraikitzea aurreikusita bazegoen ere, egungo gobernu taldeak proiektu hori bertan behera uztea deliberatu du, eta udalbatzak berretsi.

Basakon ez da eraikiko

Eremu hau ez da urbanizagarria izango eta naturgune izaten jarraituko du.

Hondartza

2023ko maiatzean hasieraz onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) Basako eremua urbanizagarritzat jotzen zuen. Sustapen librea izango zen. Basakon 236 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen, guztiak erosahalmen handiko pertsonentzat. Etxebizitza horietako asko bigarren etxebizitzak izango lirateke, eta horien ondoan ez zen inolako babes sozialeko etxebizitzarik eraikiko, gune elitista bat sortuz.

Hala ere, joan den ostegunean onartutako HAPOarekin proposamen hori baztertu da. Basakon ez da etxebizitzarik eraikiko. Erabakia ingurune naturala babesteko beharrari erantzuteko hartu da, eta paisaian eragin negatiboak saihesteko, interes paisajistiko bereziko gune gisa sailkatua baitago. Ingurumen ikuspegitik ere, proposamena ez zen egokia, eta mugikortasunari dagokionez, ibilgailu pribatua sustatzen zuen. Gainera, etorkizuneko luxuzko etxebizitza horiek eraiki nahi ziren lursaila egonkortasunik gabeko malda bat zen, eta horrek arriskuak zekartzan pertsonentzat.

Horregatik guztiagatik, Basako eremua naturgune izaten jarraituko du eta ez da urbanizatuko.

Basako ordez, egungo gobernu taldeak udalerriko beste eremu batzuetan etxebizitzak garatzea lehenetsi du: Montañenea, Labreder, Etxanikenea, Karmeldarrak eta Tudelenea-Botika, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzan eta hiri-antolaketa orekatu eta iraunkorra sustatzean oinarrituta. Horrez gain, “Auzo-bihotzak” eredua jarri da martxan, auzo guztiei oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko eta herritar guztiei bizitza duina bermatzeko, lehen edo bigarren mailako hondarribiarik gabe.

Zaldunborda

Zaldunborda: garapen iraunkorra tokiko merkataritza babestuz

Zaldunbordako hasierako proiektuak outlet motako merkataritza-gune handi bat eraikitzea aurreikusten zuen, 100 dendatik gora eta 38.000 m²-ko azalera batekin. Proiektua EAJren botoekin bakarrik onartu zen. Hasieratik bertatik, aurreko agintaldiko oposizioa osatzen zuten alderdiek (Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE) eta tokiko merkataritzak euren aurkakotasuna adierazi zuten.

2020ko ekainean, Euskadiko Auzitegi Nagusiak 2017an onartutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) baliogabetu zuen, eta ondorioz, hasierako proiektu hori behin betiko bertan behera geratu zen.

Aldiz, joan den ostegunean udal osoko bilkuran onartutako HAPOk jasotzen duen Zaldunbordarako egungo proiektuak tokiko merkataritzaren defentsa aktiboa egiten du, aurreikusitako merkataritza-gune handiaren moduko mehatxuen aurrean.

2023ko maiatzean Hasierako onarpena eta gero, gobernu aldaketarekin, herritarren parte hartzea indartu eta alegazioak egiteko epea zabaldu zen. Jasotako erantzunetan modu nabarmenean ikusi zen etxebizitza-larrialdi baten aurrean geundela.

Honek erabaki garrantzitsu bat hartzera eraman zituen gobernu taldea osatzen duten bi alderdiak (Abotsanitz eta EH Bildu). “Hartu zen erabakia izan zen Hasierako onespeneko dokumentuari aldaketak egitea, aurreko gobernuak egindako okerrak zuzenduz, dokumentuaren oinarrizko helburuei erantzuten zien herri eredu batera berdifinituz eta guzti hori legeak ahalbideratzen zizkigun aldaketak guztiak eginez, HAPO izapidetze prozesuan aurkitzen zen fasetik aurrera egin zezan” azaldu du Garoa Lekuona euskara eta ingurumen-energia zinegotziak.

Honen aurrean beraz, “Zaldunbordan legeak ahalbideratzen dizkigun aldaketa guztiak sartu dira, bertan garatuko den hori garapen iraunkorrekoa eta bertako merkataritza babestuko duela ziurtatzeko” Lekuona zinegotziaren arabera.

Horrela, oraingo proiektuak 40.000 m²-ko azalera garatzea planteatzen du jarduera ekonomikoetarako. 40.000 horietatik, 15.000 m² bakarrik bideratuko dira jarduera komertzialetara, eta soilik ezohiko saltokiak ezarri ahal izango dira: dekorazio-dendak, auto-kontzesionarioak… baina inoiz ez outlet erraldoiak. Beste 23.000 m² industrialak izango lirateke.

Planifikazio honek tokiko merkataritzaren oniritzia jaso du, izan ere, Garoa Lekuonaren iritziz, “gobernu taldeak tokiko merkatariekin harreman-prozesu bat izan du euren ekarpenak entzuteko eta jasotzeko”. Denon artean erabaki dute garapen honen planifikazioa ez duela sustatzaile posible batek idatziko, baizik eta udalak berak; beraz, kontrola udalaren esku egongo da.

Auzo Bihotzak: Hondarribiko auzoen bihotzaren taupadak

Hondarribia auzoz auzo eraikitzeko proiektua

Hondarribia aldatzen ari da 2023ko ekainaz geroztik. Eta aldaketa hori ez da soilik obra handietan ikusten; eguneroko bizitzaren taupadak senti daitezkeen espazio txikietan ere islatzen da. Udalak bultzatzen duen proiektu ilusionagarrienetako bat Auzo Bihotzak da: bizitza eta kohesioa auzoetara eramateko ekimena, pertsonak ardatz izango dituzten espazio publikoak sortuz, bizikidetza eta ongizatea erdigunean jarriz.

Auzo-bihotzak

ZER DIRA AUZO BIHOTZAK?

Auzo Bihotzak proiektuak helburu argi bat du: Hondarribiko auzoak biziberritzea kalitatezko espazio publikoak sortu eta hobetuz, hurbileko, irisgarri eta iraunkorra izango den hirigintza sustatuz. Ideia da auzo bakoitzak bere erreferentziazko espazioa izatea, komunitatea sortzen den bihotz bizia.

Proiektua Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) txertatua dago, eta hiria ikuspegi polizentriko batekin planteatzen du: ez da dena Portuan edo Alde Zaharrean gertatu behar. Auzoak ere bizitzaren erdigune izan daitezke eta izan behar dute.

Beraz, Auzo Bihotzak tresna urbanistiko bat dira, auzo bakoitzeko espazio publikoak identifikatu eta indartzen dituena, elkargune eta jarduera sozialerako leku bihurtzeko. Helburua da bizitza urbanoaren deszentralizazioa bultzatzea, jarduera guztiak erdigunean pilatzea saihestuz eta hiriko txoko guztietan bizitasuna sustatuz.

Estitxu Urtizberea, Hirigintza zinegotziak, honakoa azaldu du: “Hondarribiko paisaia berriz pentsatu nahi dugu espazio publikoa humanizatzeko, topaketa.

ARIMA DUTEN ESPAZIOAK

Auzo Bihotzek baldintza batzuk bete behar dituzte:

  • Kokapen ona eta auzotarren onarpena: komunitateak ezagutzen eta baloratzen dituen espazioak.
  • Kalitatezko espazio publikoa: berdeguneak, hiri-altzari egokiak eta irisgarritasuna.
  • Hurbileko zerbitzuak: ekipamendu publiko eta tokiko merkataritzatik gertu.
  • Oinezko eta bizikletentzako konexioa: auzoen arteko mugikortasun jasangarria ahalbidetuko duen sare batean integratuta.

Proiektuaren xedea da espazio publiko partekatuen sare konektatua sortzea, gizarte-interakzioa eta komunitatearen erabilera sustatzeko.

HERRITARREN PARTE-HARTZEA: PROIEKTUAREN GILTZARRIA

Auzoko bihotza ez da taupadatuko auzotarrak ez badira horren parte. Horregatik, Auzo Bihotzak proiektuak hasieratik herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egin du. 2024ko urtarrila eta otsailean zehar, Hondarribiko hainbat auzotan topaketak antolatu ziren, non auzotarrek beren ideiak partekatzeko, leku estrategikoak adierazteko eta etorkizuneko espazioetarako erabilera zehatzak proposatzeko aukera izan zuten.

HONDARRIBIA BIZIA ERAIKITZEKO URRATS BAT GEHIAGO

Udalak argi dauka proiektu hau hirigintzaz harago doala. Auzo Bihotzak gizarte-kohesioaren, jasangarritasunaren eta tokiko merkataritzaren aldeko apustu ere bada. Hiri orekatuagoa eraikitzea du helburu, non auzo guztiak kontuan hartuko diren.

Hirigintza zinegotziaren hitzetan “kalea ez da soilik igarobide bat; topagune bat, ikaskuntza-leku bat eta komunitate espazio bat ere bada. Funtzio sozial hori berreskuratu behar dugu, hiri biziago eta bateratuago bat eraikitzeko.”

Zubietako campus teknologikoa: lehen sektorea lehen lerroan

Agintaldi amaieran onartutako HAPOak zioen Zubietan jarduera ekonomiko teknologikoki kaulifikatuak joango zirela eta orain gehitu zaio berrikuntza aktibitateak lehenengo sektorearekin lotu behar dela. Lotura honek eremuaren izaerarekiko begirune handiagoa izatea ahalbidetuko du eta onuragarria izango da etorkizuneko gizarte-beharrei erantzuteko garrantzia hartuko duten aktibitateei toki egingo zaielako.

Etxebizitza bat izateko eskubidearen eta jarduera turistikoaren arteko oreka

Plan Orokorrak erabilera turistikorako etxebizitzak ordenatzeko neurriak jasoko ditu.

ET

Hondarribiko Udalak etxebizitza turistikoak (ET) eta ostatuaren beste forma batzuk —hala nola hotelak, ostatuak edo apartamentu turistikoak— arautzen dituen neurri zehatz bat sartu du HAPOren behin-behineko onespenaren dokumentuan. Neurri horrek jarduera mota hori ordenatzeko beharrari, hiriaren eguneroko bizitzan izan ditzakeen eraginak murrizteko beharrari, eta jarduera segurtasun juridikoarekin eta arau argiekin garatzearen beharrei erantzuten die.

ZERGATIK ARAUTUKO DA?

Azken urteotan, etxebizitza turistikoen gorakadak etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, bizitegi eraikinen erabilera-aldaketak eta auzoetako eguneroko bizimoduan eraldaketak eragin ditu. Udalaren ustez, beharrezkoa da oreka bat bilatzea Hondarribian bizi diren pertsonek hiri bizigarri bat izateko eskubidearen eta jarduera turistikoaren artean.

Jarduera turistikoek eragin ditzaketen elkarbizitza arazoak murriztea da helburua. Horrez gain, jarduera hori garatzen dutenentzat argitasuna eta segurtasun juridikoa eskaini nahi dira, gatazkak saihesteko eta araudia betearazteko arau komun batzuk ezarriz.

NON EZARRI AHAL IZANGO DIRA?

Ostatu turistiko berriak etxebizitza eraikinetan ezarri ahal izateko baldintza espezifiko batzuk zehazten dira. Besteak beste:

  • Kasuz kasuko salbuespen gisa, lehen solairuan, beheko solairuan edo solairuarte batean ezarri ahal izango dira, betiere baldintza hauek betetzen badira:
    • Ez badago etxebizitzarik beheko solairuetan.
    • Eraikinaren egitura ez bada egurrezkoa.
    • Eraikinak igogailua badu.

Baldintza hauek betetzen ez dituzten jarduerak HAPOren behin betiko onarpena ematen denetik lau urteko epe izango dute egokitzeko.

HIRI OREKATUAGO BATERAKO URRATSA

Araudi honen bidez, Hondarribiko Udalak hiri orekatu eta bizigarriago baten aldeko urratsak eman nahi ditu, jarduera turistikoaren garapena hirian bizitzeko eskubidearekin, auzokideen arteko bizikidetzarekin eta etxebizitza-parkearen erabilera iraunkorrarekin uztartuz.