Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Guazemizia
Guazemizia
Gure hizkuntza, gure herria
Hondarribiko hizkera balioan jarri eta herritarren artean zabaltzeko egitasmoa
Guazemizia herriko euskara berreskuratu, balioan jarri eta belaunaldi berriei transmititzeko egitasmoa da.
Hondarribian bertan sortu eta erabili izan diren hitzak, esapideak eta ateraldiak ditu ardatz.

Zer da Guazemizia?
Hondarribiko hizkera herriaren kultur ondarearen parte da. Hala ere, gero eta gutxiago entzuten da. Ahozko transmisioak atzera egin du, eta, arrazoien artean, bertako hizkera elikatzen zuten itsasoko eta nekazaritzako ofizioek pisua galdu izana dago. Egitasmoak bertako euskararen berezitasunak ezagutarazi nahi ditu, herritarrak saretu, eta erabilera sustatu eta indartzeko. Horiek herritarrekin batera mahaigaineratu eta eguneroko hizkerara itzultzea da proiektuaren helburua.
Aurrekontu parte-hartzaileetan egindako proposamen batetik sortu da Guazemizia. Proposamenak berak erakusten du Hondarribian badagoela bertako euskara jaso eta berreskuratzeko nahia. Hondarribiko euskara herriaren nortasunaren parte da, eta gure eguneroko hizkeran bizirik egotea nahi dugu. Proiektua prozesu parte-hartzailetik sortu denez, herritarrekin batera egin nahi dugu.
Herriko ahozko ondarea eguneratu eta herritarren artean zabaltzeko nahi batetik hasi da lanketa. Izan ere, hainbat arrazoirengatik eten bat gertatu da Hondarribiko hizkeraren transmisioan, eta Guazemiziaren asmoa ondare hori herritarrei itzultzea da.
Hondarribiak kultur ondare aberatsa du, eta hizkuntzaren beraren oparotasunak ere argi erakusten du hori.
Hala ere, ahozko transmisioan atzerakada nabari da eguneroko erabileran. Horregatik, herriko hizkeraren aberastasuna agerian jarri eta haren erabilera sustatu eta indartzea da egitasmoaren erronketako bat.
"Hizkuntza kalean dagoelako bizi da, jendearen ahotan dagoelako. Bildutako hitz eta esapideek herritarren eguneroko hizkeran berriz lekua egitea nahi dugu."
Ikertzaileen lana, abiapuntu
Hondarribiko hizkeraren ezaugarriak jasota daude, neurri handi batean. Hainbat ikertzailek lan handia egin dute hura bildu eta dokumentatzeko. Horren adibide dira Txomin Sagarzazuk 2000. Urtean ondutako “Hondarribiko eta Irungo euskara” lana - Hondarribiko eta Irungo udalek sustatuta -, baita Ketxus Poncek bertako hitzak bildu eta haien esanahia ezagutarazten egindako lan eskerga, Hondarribia aldizkarian. Horregatik, Guazemiziak ez du datu-bilketa berririk egingo.
Helburuak
Dagoen lan horri balioa ematea, egileei aitortza egitea eta altxor hori herritarren eskura jartzea. Horretarako, ikertzaileek bildutako materiala identifikatu eta sailkatzen hasia da, jada, lantaldea.
Ondoren, hitz eta esapide horiek herritarrekin batera landuko dira, ttopara eta beste dinamika partehartzaile batzuen bidez.
Azkenik, prozesu horretatik ateratakoa bildu eta aztertuko dute, eta herritarren artean zabaltzeko euskarriak sortuko dituzte.
Hizkuntzaz gain, belaunaldien arteko harremana, herri-kohesioa eta hiztunen autoestimua lantzeko aukera ere emango du egitasmoak
Mugarriak
Lehena Euskal Azokan Hondarribiko hizkeraren inguruan egingo dutena.
Bigarren mugarria, berriz, lehen ttopara izango da. 2027ko urtarrilaren 30ean egingo da. Herriko hizkeraren inguruko lanketa parte -hartzaileari ekiteko lehen aukera izango da, bakoitzak bere ezagutza partekatu eta ekarpenak egin ahal izan ditzan.


Jakin-mina pizteko kanpaina
Lehenengo ekintza bezala herritarren artean egitasmoaren interesa pizteko zirikatze edo jakin-min kanpaina abiatu zen. Hainbat bideo argitaratu dira sortu den @guazemizia Instagram profilean. Bideo horietan, Hondarribiko hitz eta esapideei buruzko galderak egin zaizkie herritarrei, herriko hizkeraren inguruko ezagutza eta oroitzapenak azaleratzeko.
Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da Guazemiziaren garapenean. Horregatik, herriko hizkera ezagutu eta urteetan erabili dutenen testigantzak eta ekarpenak jaso nahi dira
Zure testigantzak eta ekarpenak jaso nahi ditugu!
Hondarribiko hitz edo esapide bereziren bat ezagutzen duzu? Herriko hizkeraren inguruko oroitzapen edo bizipenen bat partekatu nahi duzu?
Zure ekarpena oso baliagarria izango da herriko hizkeraren aberastasuna osatzeko.
Bidali zure ekarpena
Egitasmoaren nondik norakoak ez galtzeko eta kanpainako bideoak ikusteko, @guazemizia Instagram kontua jarraitu
