Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Datos • Euskal azoka 2025
Hondarribiko Euskal Azoka

Berrikuntzekin dator Euskal Azoka! Hogeita hamaikagarren edizioa Itsas Etxea Auditoriumean porturatuko da lehendabiziko aldiz, eta, orain arte ikusi gabeko formatu batean, egun bakarrekoa izango baita.
Liburuak eta euskal sortzaileak izango dira protagonista, eta, nola ez, zuek, bisitariak. Itsas Etxea Auditoriuma liburutegi erraldoia bihurtuko da, hamabost salmenta posturekin; bertan, azken nobedadeak, eta bestelako perlak, erosteko aukera izango da. Aurten, gainera, Udalak eta Blagan Euskara Elkarteak, elkarlanean, erosketa-txartelak banatuko dituzte, eta, 15 €-tik gorako erosketetan, 3 €-ko beherapena eskuratzeko aukera izango da. Bonook Euskal Jaien baitako ekitaldietan banatuko dituzte.
Azokaren osagarri, liburu aurkezpenak izango dira ordu erdiro. Idazleak gonbidatu ditugu, eta, haien ahotik, sormen prozesuaren gorabeherak ezagutzeko aukera izango da, baita beraiekin hitz egiteko aukera ere.
Euskal Azokara gerturatu eta gozatu euskal sortzaileen lanekin!
Goizez: 10:00 - 14:00
Arratsaldez: 16:00 - 19:30
Hondarribiko Euskal Azoka 2025
Abenduaren 13ko egitaraua (larunbata)




Dinamizatzaile: Aitziber Zapirain Etxaniz.

Hondarribiko erraldoiak ezagutzeko eta haiekin jolasteko ipuina.

Erraldoiak hegan? Hori ezinezkoa da! Alajainetako haurrek jaietan bat ikusi zuten, ordea. Nola liteke? Abentura berri honetan, Izarrek, Ainubik eta Etxahunek aspaldi-aspaldi gertatutako kontuak ezagutuko dituzte. Eta, orain bai, erraldoi hegalariak badaudela sinetsi beharko dute gurasoek.


Bizitza xumea izan zuen Mauriziak, eta xumetasun horretatik bihurtu zen ezinbesteko euskal kulturaren ikono. Mauriziaren doinuek erraietan egiten dute dardara. Lurrari atxikia sentitzen da haren ahotsa, sua bezain gobernaezin. Maurizia Aldeiturriaga katebegi bat da, eta bere panderoaz batera, denborari egiten dio desafioa, baina beti da gaurkoa. Zeberioko panderojolearen bizitzan oinarritutako komikia da.

Poesia-lan kolektibo bat da, Euskal Herriko egile askoren ekarpenak biltzen dituena, tartean, Behe Bidasoa honetako poetak ere: estilo, begirada eta sentiberatasun ezberdinak uztartzen dituen lan zaindua. Liburu honek gaur egungo sormen poetikoaren isla aberatsa ematen du, eta irakurlea euskal poesiaren gaurkotasunera hurbiltzen du modu argi eta dotorean.

Pascali bezala, Markos Zapiaini ere aski gorrotagarria zaio Ni-a. Liburuan, erlijioarekin harremana duten pasarte biografikoen ondoan, laikotasunaren aldeko aldarria egiten duten orrialdeak bildu ditu, jendarteari dagozkionak erlijiotik askaturiko giza autonomiak erabaki beharko lituzkeela jakitun. Adimen artifizialak sekula idatzi ezingo lukeen liburu honek, sinestuna zein fedegabea, guztiak ere aseko ditu.

Zahartzaroari buruzkoa da liburu hau. Erdi Aroko mapetan, mapagilearentzat ezezagunak ziren lurraldeak seinalatzeko, hic sunt dracones jartzen zuten. Hemen herensugeak daude. Bada, belaunaldi oso bat abiatu da herensugez jositako lurralde ezezagun horietan, maparik gabe, baina iparrorratz bat eskuan. Autonomia da iparreko izarra, zaharrok pertsona orok dituen eskubideen jabe garela.

Alfabetizazioaren helburu gorena errealitatea irakurtzen erakustea baldin bada, zer da Herri menderatuan euskal irakaslea izatea, euskaraz egitetik harago?

Gure iragana hurbiletik ezagutu, orainaren hobeki ulertzeko, eta, herri giza, zapalkuntza egoeratik ateratzeko bide-orria diseinatzen entseatzeko.

Zerk bultzatzen du euskara ikastera Euskal Herritik kanpo bizi eta jatorri euskaldunik ez duen pertsona bat? Uruguaitarrak, Sketchbook mintzabide, euskararekiko bere ibilbidea azaltzen digu marrazkiz eta hitzez.

Mundu berri batera egokitu beharra. Aurrean lainoa. Eskuetan eskasia. Bihotzean kezka. Ongi etorria emanen digute? Estu besarkatu gintuzten agurtzerakoan. Beso zabalik aurkituko dugu norbait? Galderak kolkoan. Erantzunak etorkizunean. Gure patuak mendietara eraman gintuen. Elurra, hotza, negu luzeak. Hala eta guztiz ere, gure zai, han, jende ona zegoen.

Jaiotzetik erreboltari poesia soziala jorratzen duen poema-liburu autobiografiko bat da. Injustiziak salatzea du helburu. Era berean, oso zehatza eta gordina dela esango nuke. Nire esperientzia propioetatik sortua da, eta nire bizitzan eragina izan duten egoerak deskribatu eta nire ikuspuntua ematen eta sinesten dudana aldarrikatzen saiatu naiz.
Abenduaren 14ko egitaraua (igandea)























