Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Emakumeen izenak eta kale-izendegiaren eguneratzea
Emakumeen izenak eta kale-izendegiaren eguneratzea
Emakumea ahalduntzeko eta ikusarazteko jarduera-ardatzaren barruan, zeina Hondarribiko Berdintasun Planak definitzen baitu, Udala eta EMEKI Emakume Elkartea kale-izendegia eguneratzeko eta hiriko zenbait gune udalerriko emakume nabarmenen izenekin berrizendatzeko elkarlanean ari dira.
Alde horretatik, EMEKI Emakume Elkarteak gaiari buruzko txostena prestatu du, gure hiriko kaleetan emakumezko izen gutxi daudela nabarmenduz. Txosten horrekin batera, gure kale-izendegiaren izenak eguneratzeko hainbat proposamen egin dira, udalerria eta emakumearen egoera sozioekonomikoa hobetzeko lan egin duten emakumeei ikusgarritasun handiagoa emanez.
Martxoak 8 Plaza
Horrela, lehen berrizendatutako gunea San Pedro eta Bernat Etxepare kaleen artean dago, eta Martxoak 8 Plaza izena jaso du. Iragarpen hori Txomin Sagarzazu alkateak, Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziak eta EMEKI Emakume Elkarteko Maria Jesus Berrotaran, Tzane Carrillo eta Kontxi Imaz ordezkariek egin dute, eta Hondarribiari forma ematen lagundu duten emakumeak ikusarazteko eta ahalduntzeko lehen urratsa da.
Martxoak 8 Plazaren inaugurazioa
Agustiña Genua Saralegi Plaza eta Petra Laborda Zuzuarregui Plaza
Lehenengo gune hori Martxoak 8 plaza izendatu ondoren, hurrengo bi guneak izen femeninoekin izendatzeko erabakia hartu da. Horrela, Denda kaleko bi plazak izendatu dira. Beraz, Denda kalearen hasieran dagoen plazari "Agustiña Genua Saralegi Plaza" deituko zaio, eta aurrerago kale horretan bertan dagoen espazioari "Petra Laborda Zuzuarregui Plaza" deituko zaio. Garrantzitsua da azpimarratzea aldaketa horiek ez dutela eragin handirik izango inguruko bizilagunentzat, ez baitira aldatuko kale horretan dauden etxebizitzen zenbakiak.
Plaza horiek izendatzeko ekitaldian Hondarribiko Berdintasun Zinegotzia, Gotzone Larrarte, EMEKI Emakume Elkarteko zenbait ordezkari eta Agustiña Genuaren seme Juan Pablo González Genua izan ziren. Alde horretatik, Juan Pablok eskerrak eman nahi izan zituen familiaren izenean, “urte askoan kale honetan egon baikara, ama ia azken egunera arte egon zen hemen lanean baserritik barazkiak ekartzen, eta ilusio handia egiten digu plaza honek bere izena izatea”.
Agustiña Genua Saralegiren txokoa
Agustiña Genua Saralegi Plazaren inaugurazioa
Petra Laborda Plazaren inaugurazioa
Petra Labordaren familiari oroigarria
Sare Konpontzaileen Plaza
Itsasora iraulita bizi den Hondarribia bezalako herri batean, arrantza-sektoreak ezin izango luke hutsik egin emakumea ikusarazteko lan horretan. Horrela, orain arte izenik ez zuen eta izen femeninoekin izendatu den beste gune bat San Pedro eta Zuloaga kalearen artean dagoen plaza izan da, Ermandadearen aurrean.
Horrela, gune horri "Sare Konpontzaileen Plaza" deituko zaio.
Ekitaldian Hondarribiko Udaleko, EMEKI Emakume Elkarteko eta Kofradiako ordezkariak izan ziren.
Horrela, Kofradiako abade nagusiak, Norberto Emazabelek, izendapen hau ospatu nahi izan zuen esanez arrantzaleentzako “egun handia dela eta saregileek egiten duten lan hain garrantzitsua betirako eskertuko dugun eguna dela, bai oraingoak bai lehengoak”.
Era berean, ekitaldian saregileen ordezkaritza ere izan zen, jardunean daudenak zein erretiratutakoak, eta izendapen horren bidez omenaldia egin zitzaien. Pilar Goikoetxeak emakumeen kolektibo horren izenean hitz egiteko aukera izan zuen, aintzatespen hori eskertzeko: "Duela urte batzuk saregile gisa lan egin zuten emakume askok emozioz negar egingo lukete hau beren begiekin ikusiko balute. Hainbeste urtetan hainbeste emakumek egin duten lan gogorra eta beharrezkoa baloratzen da, ehunka orduko dedikazioarekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu Emeki Elkarteari, Udalari eta gure arrantzaleei”.
Sare Konpontzaileen Plazaren inaugurazioa
Sare Konpontzaileak
Anttoni Etxeberria Mendizabal Plaza
Emakumeak gure gizartean duen eginkizuna ikusarazteko eta ahalduntzeko lan horrekin jarraituz, Amuteko plaza berrizendatzeko erabakia hartu da. Horrela, plazari “Anttoni Etxeberria Mendizabal Plaza” deituko zaio, 1914an Aiako Lokate baserrian jaio baina bere bizitzaren zati handi bat Hondarribian bizi izan zuen emakume honen omenez. Anttoni 105 urterekin hil zen pandemia garaian, bizitza osoa bere tabernan zerbitzua ematen eman ondoren, gure hiriko bizilagun eta bisitariei egindako irribarrerik onenarekin.
Ekitaldian udaleko ordezkariak izan ziren, Txomin Sagarzazu alkatea, EMEKI Emakume Elkarteko kidea, Amute-Kostako Auzo Elkartea eta Anttoniren familia bera.
EMEKIk nabarmendu nahi izan zuen “Anttoni pertsona adeitsua zela, izaeraz, oso maitekorra eta besteen ideiekiko begirunetsua, eta ondare izugarria utzi zuela erresilientzia, ausardia eta tinkotasunaren bidez”; familiak, berriz, Anttonik beraientzat suposatu duen guztia eskertu nahi izan zuen. Maria Luisa Lertxundi, Anttoniren alabaren hitzetan, “zuri esker gara gaur egun”.
Anttoni Etxeberria Plazaren inaugurazioa
Anttoni Etxeberria Plazaren plaka
Bienvenida Emazabel Susperregi Plaza
Arrantzalea eta Portuari bereziki lotua, urte askotan zehar auzoko jaietan arima izan zen. Jakina, bizilagunen laguntzarekin, baina bera zen jaiak bideratzen zituena. Ospakizunak antolatzen zituen, laguntzak bilatzen zituen, eta jokuen antolaketarekin zerikusia zuen guztiaren ardura hartzen zuen.
Bienvenida Emazabel Plazaren inaugurazioa
Bienvenida Emazabel Susperregi
Hurrengo aldaketak eta esker ona
Hondarribiko kale-izendegia eguneratzeko lan hori hasi besterik ez da egin. Udalak badaki aldaketa horiek oso garrantzitsuak direla emakumeak gure gizartean duen papera ikusarazteko eta balioesteko, eta hainbat proposamen ditu Hondarribiko beste gune batzuk berrizendatzeko. Azterketa eta erabakiak hartzeko lan horrek datozen hilabete eta urteetan jarraituko du, gure hiriari emakumeen izen eta/edo kolektibodun espazio gehiago emateko.
Era berean, alkateak eta berdintasun zinegotziak publikoki eskertu nahi izan dute emakumeen izenak ikertu eta proposatzeko lan hau, baita EMEKI Emakume Elkarteak azken 30 urteetan egunero egindako lana ere. Lan nekaezina emakumeen ongizatea ikusarazteko eta defendatzeko.
Aplikazio habiaratuak
Footer Berdintasuna
Herritarrentzako arreta
943 11 12 13 - BAZ Herritarrentzako arreta-zerbitzua
Tramiteak eta zerbitzuak