Aplikazio habiaratuak
Hondarribiko landa-ingurunean banda zabala (zuntz optikoa) ezartzeko proiektua
Hondarribiko landa-ingurunean banda zabala (zuntz optikoa) ezartzeko proiektua
Hirigunetik urrun kokatzen diren etxebizitza-guneetako komunikazioak hobetzeko prozesuaren barruan, banda zabala (zuntz optikoa) ezartzeko prozesua hastear dago, Hondarribiko hirigunetik urrun dauden etxebizitza-guneei estaldura eskaintzeko helburuarekin.
Ildo honetan, banda zabala ezartzeko proiektua sei eremu zehatzetan hasiko da, eta etorkizunean beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko da.
Lehenengo fase honetarako definitutako sei eremuak honako hauek dira:
- Bottika
- Llobregat
- Justiz-Akartegi
- Artzu
- Bekoerrota-Amute
- Santiagotxo-Arkolla
Ezarpen-prozesua
Teknologia hau ezartzeko, gaur egun dagoen azpiegitura erabiliko da. Hau da, ez da beharrezkoa izango telekomunikazio-zutoin gehigarririk instalatzea.
Horrela, Bottika, Llobregat eta Justizi-Akartegi eremuei dagozkien lehen hiru instalazio-proiektuak dagoeneko esleitu dira. Kasu hauetan, Fointel, zuntz optikoa instalatzeko lanetan espezializatutako enpresa, eta Eleknor, azpiegituretan, ingeniaritzan eta telekomunikazioetan aditua, arduratuko dira lan hauek garatzeaz.
Alde honetatik, enpresa esleipendunak dagoeneko Bottika inguruko etxebizitzen jabeekin harremanetan jartzen ari dira, lanak lehenbailehen hasi ahal izateko. Gainerako hiru eremuak (Artzu, Bekoerrota-Amute eta Antiagotxo-Arkolla) laster esleituko dira, eta lehen fase honetarako zehaztutako sei eremuetan egindako lanek gutxi gorabehera 3 eta 4 hilabete arteko iraupena izango dutela estimatzen da.
Banda zabaleko sare berriak estalitako eremuak
Banda zabaleko sarea ezartzeko, telekomunikazio-kutxa batzuk jarriko dira proiektu honetarako definitutako eremuetan. Kutxa horietatik airetiko konexio bat egingo da alta eskatzen duten etxebizitzekin. Ildo honetan, aire bidezko konexioek telekomunikazio-kutxetatik 400 metroko luzera izan dezakete gehienez.
Horrela, banda zabaleko zerbitzu batean alta eskatu ahal izango duten kokapenak honako hauek izango dira:
- Domingotxoenea kalea, Kondonea, Lujunea, Etxetxiki, Legia Saraberdi eta Artzu
- Llobregat, Laia, Ballestanea, Bekoerrota, Ellizazpi eta Elizberri
- Montañenea, Txapelin, Bottika eta Txiplao
- Santa Engrazia, Politenea eta Llobregat (Kostako goialdea)
- Jaizkibel kanpina, Txanikaenea, Goiznabar, Mikelenea, Postigu, Guadalupe eta Justiz
Zer egin behar duzu etxean banda zabaleko internet-a izateko?
Ez kezkatu, zure etxean banda zabaleko internet-a edukitzeko prozesua oso erraza da. Zuntz optikoko sarea instalatzeko lanak amaitutzat emandakoan, kontratatu nahi duzun telekomunikazio-hornitzailearekin (Movistar, Euskaltel, etab.) harremanetan jarri beharko zara. Zure banda zabaleko linea kontratatzen duzun enpresa arduratuko da telekomunikazio-kutxetatik zure etxebizitzara arteko konexioa egiteaz, herriguneko gainerako instalazioetan egin ohi den bezala.