Aplikazio habiaratuak
Aste Santua 01
Merkataritza eta Turismoa Arloak Hondarribiko Udalaren beste arlo batzuekin batera Aste Santuan burutuko diren hainbat ekintza bultzatuko ditu.
Gaur egun egiten den Hondarribiko Sate Santuaren erritua 1602. urtekoa da gutxienez. XX. mendean zehar arrakasta handia eskuratu zuen, eta ibilbide osoan ikusle ugari biltzen ditu. Hainbat pertsonaia entzutetsu hurbildu izan dira Ehorzketa Santua ikustera, hala nola Ingalaterrako Victoria erregina, Eduardo VII Prusiako Alberto printzearekin batera, baita zenbait famatu ere, André Citröen Ignacio Zuluaga margolaria lagun edo Rostchild baroia.
Ostiral Santuan, arratsaldeko 5etan, ekintza liturgikoak egiten dira Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria Elizan, presbiterioan egiten den Eraistearen auto sakramentalaren antzezpena tarteko.
Antzezpenari Udaletxeko arkupeetatik abiatzen diren 19 soldadurekin hasiera ematen zaio, eta antzinako martxa solemne eta erritmiko batean Kale Nagusiaren puntan dagoen Elizara joaten dira. Kaskoarekin, sare-begizko gonarekin, gerrikoarekin eta polainekin apainduta egiten dute bidea. Bi nagusik ezpatarekin ezkutuari kolpeak emanez pausoa markatzen dute -gainontzekoek lantzarekin lurra kolpatzen duten bitartean-, eta behin elizan, biak aldarearen ondoan kokatzen dira. Bertan Kristoren Eraistea gurutzetik antzezten da. Kristo giltzatuaren eta gurutzearen irudiak fray Jerónimo de Estellak oparitu zion hiriari 1777an. Ondoren, erabateko isilunean murgilduta, arantzazko buruntza, gurutzeko inskripzioa eta iltzeak kentzen dira, eta gorpua errezel batekin estalita dagoen kristalezko zerraldoan sartzen dute.
Arratsaldeko 6ak inguruan bijilia amaitu ondoren, elizatik bertatik abiatuta, isilik eta poliki-poliki, XIV. eta XVII. mende bitarteko irudiak dituzten 7 pausoek alde zaharreko kaleak zeharkatzen dituzte. Isiltasunaren Prozesio ezaguna dugu.
Prozesioaren pausoak, aita-semeen oinordeko direnak eta 42 pertsonaren esku daudenak, hilabeteetan zehar konpondu eta apaintzen dituzte. Parte hartzen duten 227 pertsonen artean herriko arrantzaleek eta baserritarrek 12 apostoluena egiten dute eta hauek ez dute inoiz huts egiten. Horiei hainbat penitentzia-kofrade eta Jaunqoiko Gaurdatzaileak gehitu behar zaizkio, 19 erromatar zenturioiak antzezten dituztenak.
Aplikazio habiaratuak
Aste santua 02
Prozesioak ondorengo ordenari heltzen dio
- Jasotako Gurutzeak segiziori ematen dio hasiera albo banatan zutargiak dituela;
- Baratzezko Otoitzaren Pausoa sei gizonek eramaten dute eta apostoluek laguntzen dute, azkeneko hauek togaz eta tunikaz jantzita, eta ezberdintzen dien sinbolo bana eskuan daramatela: San Pedro bere giltzekin, San Andres X itxurako gurutzearekin, Santiago Nagusia erromesaren pordoiarekin, San Juan kalizarekin, Santo Tomas eskuadra edo makilarekin, Santiago Txikia liburuarekin, San Mateo pikarekin, San Simon zerrarekin, San Tadeo palmarekin, San Matias aizkorarekin, San Bartolome liburua eta ganibet txikiarekin eta San Felipe gurutze latindarrarekin;
- Jesusen Pausoa, zutabeari lotuta eta erromatar-eskuadra batez inguratuta; Veronicaren Pausoa;
- Kristoren Pausoa gurutzea gainean daramala edo Nazarenoarena;
- Zortzi gizonek eramaten duten Kristo gurutziltzatua, dagokion erromatar-eskuadrarekin; Santa Maria Magdalena Pausoa;
- San Juan Pausoa; etzanda dagoen Kristoarena edo Hilobiarena, beste erromatar talde baten babesean;
- Doloretako Pausoa edo Bakardadearen Birjina, urre eta beltz koloretako tunika ederrarekin jantzita eta erromatar zaintzaileak lagun;
- Ondoren, elizjendeak, agintariek eta hiriko musika-bandak ematen diote amaiera desfile ikusgarriari.
Elizaren abesbatza leku estrategikoetan kokatzen da segizioa pasa ahala zenbait pieza abesteko. Pauso bakoitza lau lepakarik eramaten dute, lehenengoa eta gurutziltzatutakoa izan ezik, seik eta zortzik eramaten baitituzte hurrenez hurren.
Ibilbidea Elizan bukatzen da berriz ere eta bertan “Kristoren Ehorzketa” egiten da. “Zutik gurutze ondoan” abestiarekin amaiera ematen zaie Ostiral Santuko zeremoniei.