Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribiko Udalak “Zuhaitzen hiri ibilbidea” aurkeztu du eta hiriko zuhaitz ondarea zaintzeko estrategia indartu du

2026-06-04
9 gunetan banatutako 18 zuhaitz berezi ezagutzeko ibilbide berriak hiriaren biodibertsitatea balioan jartzen du, eta zuhaitz ondarea modu arduratsuan zaindu eta etorkizunera begira indartzeko udal konpromisoa sendotzen du.

Hondarribiko Udalak “Hiriko zuhaitz berezien ibilbidea” aurkeztu du, hiriko natura-ondarea ezagutzeko eta biodibertsitatearen balioa herritarrengana gerturatzeko helburua duen oinezko ibilbide berria. Proiektuak hirian zehar banatutako 18 zuhaitz berezi lotzen ditu, 9 gunetan antolatuta, aisialdia, ingurumen-hezkuntza eta ondare naturalaren dibulgazioa uztartuz.

Ibilbidean zehar, herritarrek eta bisitariek hiriko parke, plaza eta etorbideetan kokatutako zuhaitz adierazgarriak ezagutzeko aukera izango dute. Bertan espezie autoktonoak zein exotikoak aurki daitezke —haritzak, ezkiak, platanondoak edo magnolioak, besteak beste—, ehun urtetik gorako ale historikoetatik hasi eta etorkizuneko hiri-paisaiaren parte izango diren zuhaitz gazteetaraino.

Zuhaitzek funtsezko eginkizuna dute hiri-jasangarritasunean: airearen kalitatea hobetzen dute, beroa eta zarata murrizten laguntzen dute, biodibertsitatearentzat babesgune dira eta herritarren ongizate fisiko eta emozionalean eragin zuzena dute”, azaldu du Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak.

Ibilbideak izaera interaktiboa ere badu. Zuhaitz bakoitzean QR kodeak jarri dira, mugikor bidez eskaneatuta espezie bakoitzaren inguruko informazioa eskuratu ahal izateko: jatorria, ezaugarriak, adina eta bestelako bitxikeriak.

Zuhaitzak ez dira hiriko apaingarri hutsak; gure eguneroko bizitzaren parte dira, nahiz eta askotan oharkabean pasatu. Ibilbide honekin, haiei begiratzeko modua aldatu nahi dugu”, gaineratu du Lekuonak.

Zuhaitz ondarea zaintzeko estrategia integrala

“Zuhaitzen hiri ibilbidea” ez da ekimen isolatua. Hondarribiko Udalak hiriko zuhaitz ondarea zaintzeko eta epe luzera indartzeko martxan duen estrategiaren parte da.

Horren baitan, udal lorezainek eta teknikariek hiriko zuhaitzen egoeraren azterketa sakona egin dute, zuhaitzen osasuna, egonkortasuna eta arrisku egoerak ebaluatzeko. Diagnostiko horretatik abiatuta, ekintza-plan bat prestatu da, arriskuan dauden zuhaitzen gainean jarduteko eta hiriaren zuhaitz ondarea modu integralean babesteko.

Egindako txostenaren arabera, San Pedro kaleko zenbait zuhaitzek kalte larriak dituzte. Adituen esanetan, urteetan zehar egindako urbanizazio-lanek sustraien garapena baldintzatu dute, lurpeko espazioa eta uraren zirkulazio naturala mugatuz.

Horregatik, eta herritarren segurtasuna bermatzeko, gaixorik dauden lau zuhaitz kenduko beharko dira neguan. Udalak azpimarratu du neurri hori ez dela zuhaitzak kentzeko politika baten ondorio, baizik eta zuhaitz ondarea babesteko diseinatutako plan integral baten barruko esku-hartze puntuala.

Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “zuhaitz bakoitzaren egoera aztertu dugu adituen laguntzarekin, eta hartu diren erabaki guztiak irizpide teknikoetan oinarritzen dira. Neguan kenduko dira ale hauek, urteko sasoi hori baita landaketa berriak egiteko eta zuhaitzak behar bezala errotzeko unerik egokiena, eta espezie egoki berriekin ordezkatuko dira”.

Bestalde, oraindik berreskuratzeko aukera duten zenbait zuhaitzetan kimaketa teknikoak egingo dira uda aurretik, haien egonkortasuna hobetzeko eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko.

Halaber, urtarrilean pikudo gorriaren presentzia atzeman zen zenbait palmondotan, eta egoera larrian zegoen ale bat kendu behar izan da egunotan.

Askotan zuhaitz bat kentzea porrot moduan ikusten da, baina zenbait kasutan hori da gainerako zuhaitzak eta etorkizuneko landaketak babesteko erabaki arduratsuena. Garrantzitsuena plan batekin eta ikuspegi orokor batekin jardutea da”, nabarmendu du Urtizbereak.

Hondarribiko Udalaren arabera, “Zuhaitzen hiri ibilbidea” eta zuhaitzak zaintzeko plana apustu beraren parte dira: hiri berdeago, bizigarriago eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa.

Zuhaitzen hiri ibilbidea

Zuhaitzen hiri ibilbidea