Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Zesta protagonista izango da ostiralero uztail, abuztu eta irailean

Udaletxeko Areto Nagusian egin berri da udako zesta puntaren sasoiaren aurkezpena. Jaialdiak uztail, abuztu eta iraileko ostiral gehienetan izango dira; aurkezpenean Lupe Queiruga Udaleko Kiroletako zinegotzia, Mikel Egiguren Jai Alive enpresako ordezkaria eta Ioni Amboage Hondarribiko Pilota Eskolako ordezkaria izan dira. Zenbait zestapuntista eta eskolako hainbat kirolari gazte ere bertaratu dira.
Lupe Queiruga zinegotziak esan duenez “gaurkoan, datozen asteetan gure herrian Jai Alai World Tour-aren barruan ospatuko diren ‘Master Series Hondarribia’ eta ‘Grand Slam Hondarribia’ txapelketei buruz berri emateko egin dugu deialdia.
Urteak dira, 17 oker ez banago, elkarlanari esker zesta punta jaialdiak ospatzen direla Hondarribiko Jostaldi Pilotalekuan, eta aurten ere hala izango da. Esker ona adierazi nahi diogu Jai Alive enpresari, jaialdia antolatzeko azaltzen duen prestutasunarengatik, baita Hondarribiko Pilota Eskolari ere herri mailan egiten duten lanarengatik. Lan horren emaitza, gaur egun herrian dugun ‘puntista’ harrobi ederra da.
Zesta punta, kirola izateaz gain, gure kulturaren eta ondarearen parte ere bada eta Udaletik, urteetan apustua egin dugu kirol honen alde. Urtero diru-partida bat bideratzen da jaialdi honen ospakizuna ahalbidetzeko, eta aurtengoa, 26.000 euro + BEZ da. Gainera, Jostaldi pilotalekuan hainbat egokitzapen lan egin ditugu zerbitzu kontratazioen bidez. Aukera hau aprobetxatu nahi nuke, hiritarrei ikuskizun honetaz gozatzera hurbil daitezen deia egiteko”.
Egigurenek zera adierazi du: “Hondarribia Jai Alai World Tourreko plaza nagusienetako bat izango da, ondorioz, ostiraletako plana oso interesgarria izango da. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari hasieratik izan duen inplikazioagatik, eta nola ez, Pilota Eskolari egiten duten lanagatik. Denon artean lan-sinergia egokia lortu dugu”.
Uztailaren 21 eta 28an, eta abuztuaren 4an, ‘Master Series Hondarribia’ jokatuko da; denak ostiraletan 19:00etan izango dira. Abuztuaren 11, 18, 25, eta irailaren 1 eta 16an aldiz, ‘Grand Slam Hondarribia’ jokatuko da; abuztuko ikuskizunak 19:00etan eta irailekoak 18:00tan izango dira.
Ioni Anboagek eskerrak eman dizkio “Udalari eta Jai Aliveri jaialdi eder hau posible egiten dutelako. Baina gaurkoan gure gaztetxoak jarri nahi ditut mahai gainean. Lan ikaragarria egiten ari dira eta ikusi besterik ez da zer nolako seriotasuna eta fundamentua duten egiten duten guztietan. Nik uste harro egotekoa dela”.