Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Udalak San Telmo gaztelua herritarrei zabalduko die abenduaren erditik

Helburua hondarribiarrek orain arte ezkutuan egon den ondare historikoaz gozatzea da

2022·11·28

Hondarribiko Udalak San Telmo Gaztelua irekiko die hondarribiarrei eta interesa duten pertsonei, bisita gidatuekin eta Hondarribiko herritarrek parte hartzeko prozesu batekin, eraikin historiko bikain honen etorkizuna zehazten laguntzeko. Hala jakinarazi du Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk, gaztelu berean egindako prentsaurrekoan.

“Historia pixka bat eginez, gogoratu nahi dut Udalak San Telmo Gaztelua erosi zuenean, apirilaren 14ko Osoko Bilkuran alderdi guztien adostasunarekin eta 3'5 milioi euroko prezioarekin egin genuela, eta prozedura administratibo konplexu baten ondoren, Udalak sinatu egin zuela eta uztailaren 26an egin zela jabetzan gazteluarekin. Ondoren, ingurua segurtatzeko oinarrizko lanak egin ditugu, eta Udalaren asmoa da orain herritarrei zabaltzea, orain arte ezkutuan egon den ondare historiko hori ezagut eta goza dezaten.

“Hondarribiko ondarea berreskuratu eta kontserbatzearen aldeko apustu sendoa da” zehaztu du Alkateak. “Ondarea kohesio sozialaren eta garapen ekonomikoaren eragile gisa ikusten dugu, eta horretarako beharrezkoa da herritarrek parte hartzea, bai bertatik bertara gozatuz programatuko ditugun bisita gidatuekin, bai etorkizunean gazteluaren etorkizunari buruzko erabaki egokiak hartzen lagunduko duen kontsulta-prozesuarekin. Bere denbora beharko duen prozesua izango da, baina aldi berean, guztiontzat oso ilusionagarria den proiektu baten aurrean gaude”.

Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, gehienez 12 lagunekoak talde bakoitzeko eta ordubeteko iraupenarekin. Asmoa da bisitak abenduaren erdialdera hastea, ARMA PLAZA Fundazioaren bidez egingo dugu, eta helburua da hondarribiarrek bertatik bertara ezagutzea 1598tik Higer lurmuturrean dugun harribitxi hau, eta, hainbat arrazoirengatik, gehienok ezin izan dugu gozatu.

Asko eta azkar lan egin duten udal langileei eskerrak eman nahi dizkiet gaur egungo egoeran gaudelako. Eskerrak eman nahi dizkiet ere gainontzeko alderdiei, denok batera goazelako helburu berarekin” gehitu du Sagarzazu Alkateak.

XVI. mendean eraikia

San Telmo gaztelua, Piraten Gaztelua edo Higer Gaztelua bezala ezagutu izan dena, Uxando lurmuturrean (Higer lurmuturra) gotortutako barruti txiki bat da. 497m2-ko azalera du, hiru eraikinetan: dorrea, tropa-kuartela eta ofizialaren pabiloia, artilleriarako plataforma baten eta ur-tanga baten inguruan.

XIII. eta XVI. mendeen artean, gazteluaren egungo kokapenean talaia bat zegoen, eta, ondoren, San Telmori eskainitako ermita bat. XVI. mendean harresiz kanpoko lehen defentsa-gotorlekuak eraiki ziren, eta San Telmok defentsarako azpiegitura hori osatzen du. 1598an eraiki zen Felipe II.aren erregealdian, Juan Velázquez Gipuzkoako kapitain jeneral eta Hondarribiko alkaidearen agindupean.

Bere egitekoa portuko bokalea defendatzea zen, eta itsasoz egin zezakeen eraso batetik uxatzea. XVIII. mendean, Fernando VI.aren aginduz eta Feliper Cramer proiektuaren arduradun gisa, bolborategi bat berreraiki eta birmoldatu zen, kanpoko horma bat eta zaintzarako zenbait garita eraiki ziren.

XX. mendean (1957), berriz, bunker bat eraiki zen arroaren aurkako kanoientzat eta Higer lurmuturreko defentsa-bateria gisa. 1964tik 1980ra baserri bihurtu zen, eta 2022ra arte etxebizitza izan da.