Gaurkotasuna
Gaurkotasunaren xehetasuna
Udalak obra baimena eman dio VISESAri PRESA Iean alokairuko 66 etxebizitza publiko eraikitzeko
2023·03·08
Hondarribiko Udalak Visesari, Etxebizitza Sailburuordetzaren mendeko Sozietate Publikoari, Presa Iean, Biteri ikastetxearen parean, babes ofizialeko 66 etxebizitza, garaje eta eranskin eraikitzeko obra lizentzia eman dio. Hala adierazi du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Biteri kaleko orubean bertan emandako prentsaurrekoan.
“Oso berri ona da, etorkizunean Hondarribian etxebizitza publikoa eraikitzeko urrats berri bat. Gogoratu nahi dut Gobernu Taldearen Agintaldi Planean jasota dagoela Presa Iean etxebizitzak egitea. Hemendik aurrera, VISESAk bi urte izango ditu eraikitze-lanak egiteko.
Gogorarazi nahi dut 2021eko abenduaren 29an Udaletxeko Areto Nagusian Presa I eremuan babes ofizialeko 66 etxebizitza, horien garajeak eta eranskinak eraikitzeko hitzarmena sinatu genuela. Lur-sailaren xehetasun-azterketa onartu zuen Udalak, horren ondotik. Azkenik, VISESAren eraikuntza proiektuari obra-lizentzia eman dio Udalak joan den ostiralean.
66 etxebizitza horiek Alokabidek kudeatuko ditu, eta horiez gain beste 55 aparkaleku gehigarri eta 260 koadro inguruko merkataritza lokal bat eraikiko dira.
Prozesu luzea
Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez “oso akordio garrantzitsua da Hondarribiarentzat. Gogorarazi nahi dut 2021eko amaieran hartutako akordioa baino lehen 2018ko azaroaren 12an lankidetza hitzarmen bat sinatu zela Udalaren eta Visesaren artean 84 etxebizitza eta txandakako aparkaleku bat eraikitzeko eremu horietan. Hala ere, 2021ean hitzarmena eta proiektua 1996ko Arau Subsidiarioetara egokitu behar izan ziren azterketa geotekniko berrien ondorioak eta 2020ko ekainean Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra baliogabetu izana kontuan hartuta”.
Ordutik Visesaren eta Udalaren arteko lankidetza handia izan da proiektua baldintza berrietara egokitzeko. Datozen hilabeteotan ikusiko dugu nola hasten diren etxebizitza berriak eraikitzeko lanak. Oso jakitun gara Hondarribian etxebizitzaren egoera zein den, eta proiektu honek behintzat 66 familiari lagunduko die” amaitu du esanez Sagarzazuk.