Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Udalak Jaizkibelgo IV. eta V. dorreak sendotzeko eta kontserbatzeko lanak hasi ditu

2022-03-16
Aurrekontua 118.341,79 eurokoa da, Hondarribiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dutelarik.

• XIX. mendean mendi horretan bizitako gerra-jardueraren testigantza garrantzitsuenetako bat dira.


• Aurrekontua 118.341,79 eurokoa da, Hondarribiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dutelarik.


Hondarribiko Udalak Jaizkibel mendiko IV. eta V. dorreak sendotzeko eta kontserbatzeko lanak hasi ditu. Aurkezpena gaur egin da IV dorrearen inguruan, Txomin Sagarzazu alkatea eta Aritz Díez-Oronoz arkitekto hondarribiarra izan dira ekitaldian. Imanol Iparragirre arkitektoarekin batera obraren arduradunetako bat, ezin izan da bertaratu.

Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “aspalditik interes handia dugun proiektu baten aurrean gaude. Jaizkibelgo dorreak sendotu eta txukuntzeko ideia 2019an hasi ginen heltzen, baina zoritxarreko pandemiak bete-betean jo gaitu. Lehiaketa publikora atera ondoren, enpresa esleipenduna TEUSA izan da, 118.341,79 euroko aurrekontuarekin eta bi hilabeteko epearekin. Proiektuaren sustatzailea Udala da, baina Eusko Jaurlaritzak 63.986 euroko diru-laguntza eman digu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari Jaizkibel mendiarentzat eta, nola ez, Hondarribiarentzat garrantzitsua den proiektu batean parte hartzeagatik.

“Udaletik urte batzuk daramatzagu Jaizkibel mendia mantentzeko eta berreskuratzeko lanetan. Xehetasun handirik gabe, aipatu nahi nituzke, esate baterako, ‘Jaizkibel Amaharri’ liburuaren argitalpena, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera duela gutxi aurkeztu dugun errotarrien proiektua, bertako itsaslabarra eta itsasertzeko txilardia berreskuratzea, Aizporaundiko Cladium mariscus hezegunea berreskuratzea, Jaizkibelgo hainbat eremutako baso-leheneratze autoktonoa, Vandenboschia iratze espeziosoa kontserbatzea edo Iturrain, Txurtxipi, Aizporaundi, Erramudi eta abarretako errekastoen ondarea kontserbatzea”.

“Udaletik Jaizkibel mendia oso garrantzitsua da zentzu guztietan, horien artean ondare aldetik. Hori dela eta, lanean ari gara eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere”.

IV eta V dorreak

Obraren xehetasunak Aritz Diez-Oronozek eman ditu. “Jaizkibel mendiko IV. eta V. dorreak sendotzen eta kontserbatzen ari gara. Oso egoera txarrean dauden bi dorre dira; izan ere, duela urte askotatik ez da mantentze-lanik egin, eta, gainera, eurite eta haizeteen menpe beti. Egiturari dagokionez, bi dorreetako harlangaitzezko hormak sendotuko dira. Erraz eraman daitezkeen eta tamaina txikikoak diren materialekin egingo ditugu, sarbidea ez baita erraza”.

“Harresien egonkortasuna harlangaitzez eta karezko morteroz kolokan jartzen duten zati askatuak finkatuko ditugu, dagoen landaredia eskuz kenduko dugu, paramentuetan esku hartuko dugu, dauden pitzadurak josiko ditugu, barneko betelanak induskatuko ditugu, ura ateratzeko aukera emango dugu, eta bi dorreen egiturei balioa emango diegu.

Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena du ondarearen arloan, eta Foru Aldundiaren menpeko Mendi Departamentuaren koordinazioa era berean.

Bere historiari buruz

Jaizkibel mendiko dorreak XIX. mendean mendi horretan bizitako gerra-jardueraren lekuko garrantzitsuenetako bat dira. Jaizkibelgo mendikatearen gailurrean sei dorre eraiki ziren, eta horietatik bosten hondarrak bizirik daude. Hiru Hondarribian daude. Haietatik hegoalderantz Irun-Pasaia korridorearen lurralde osoa ikus daiteke, eta iparralderantz, berriz, Jaizkibelen hegalak, itsasorantz jaisten direnean.

Horien guztien oinplanoa hexagonala da, 3,3 eta 3,5 m bitartekoa, Guadalupetik hurbilen dagoena izan ezik, haren oinplanoa karratua baita. Bi solairu eta terraza zituzten guztiek. Perimetroko hormak soilik kontserbatzen dira, hareharrian eraikiak, eta barrualdea erabat hutsik dago.

Beheko solairuan zulo laukizuzen txiki batzuk zeuden, aireztatzeko eta behaketarako. Sarbidea ez zen beheko solairutik egiten, baizik eta lehenengo solairuan irekitzen zen, eta bertara eskailera batetik sartzen zen, sarbidea zailtzeko.