Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Udalak 'Hondarribia zu zara' kanpaina jarri du abian, herriko merkataritza eta ostalaritzaren alde

Astelehenean hasiko da 'Hondarribia zu zara' kanpaina, Hondarribiko ostalaritzak eta merkataritzak dakarren aberastasun kulturala eta ekonomikoa herritarren aurrean balioan jartzen duen ekimena. Aurkezpena gaur egin da Udaletxeko Areto Nagusian, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu alkatea, Maria Serrano Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Turismo zinegotzia eta Hondarribiko hainbat ostalari eta merkatari.
"2020ko martxoaz geroztik, Hondarribian, beste herri eta hiri askotan bezala, COVID-19 pandemia izan da nagusi. Pandemiak urruntze sozialerako neurriak hartzera behartu du, askotan ostalaritzarekin, merkataritzarekin eta turismoarekin lotutako jarduera ekonomikoak nahi gabe ixtea eraginez", adierazi du Txomin Sagarzazu alkateak.
"Hilabete hauetan, gogorarazi nahi dut Hondarribiko Udalak hainbat ekimen jarri dituela abian zerbitzuen sektoreari laguntzeko, hala nola ITXEKI Hondarribia laguntza-plana, Euskadi Bono Denda (150.000 €) eta Bono Turismo (150.000 €) kanpainei atxikitzea, 2020an eta 2021ean bide publikoa okupatzeagatik ez kobratzea edo uren eta zaborren tasa (adibidez) hainbat hilabetez ez kobratzea. Gainera, aste gutxi barru laguntza planaren bigarren fasea martxan jarriko da".
Hondarribia zu zara
"Gaur 'Hondarribia zu zara' kanpaina aurkeztu nahi diegu herritarrei. Hondarribiko ostalaritzak eta merkataritzak dakarren aberastasun kulturala eta ekonomikoa herritarren aurrean balioan jartzen duen komunikazio-plana da. Astelehenean hasiko da eta ekainaren 30era arte jarraituko du. Plan honek hondarribiar guztiok kate honetan ematen dugun balio erantsia hurbildu eta ikusarazi nahi du. Balio horrek bat egiten gaitu Hondarribiarekin", gaineratu du Sagarzazu alkateak.
"Kanpainarekin ez dugu ostalaritza eta merkataritza sektorea bakarrik ikusaraziko. Gainera, egungo balio-kate osoa sartzen dugu, ekoizlearengandik hasi eta azken kontsumitzailearenganaino, tokiko eta kanpoko kontsumitzailearenganaino, hala nola ostalariak eta ostalaritza-establezimenduetako langileak, tokiko merkataritza, beste lanbide laguntzaile batzuk (saregileak), baina baita hondarribiar bezeroa eta turista ere".
Gobernu taldea gure bizitzan normaltasuna berreskuratzeko ahaleginetan ari da. Profesionalek pandemiaren aurretik eta pandemian zehar egindako lana aitortu nahi dugu; gure helburua gurearen eta hemengoaren alde egitea da, turismo eredu jasangarri eta herritarrekiko adeitsuari eutsiz.
Asmo handiko kanpaina
Maria Serranok kanpainari buruzko informazio gehiago eman du. "Hondarribiko sare ekonomikoaren ordezkaritza garrantzitsu batek parte hartu du: 50 pertsona, ostalariak, merkatariak, arrantzaleak, saregileak, baserritarrak, landetxeetako arduradunak. Benetan eskertu nahi dizuegu zuen inplikazioa. Esperientzia bikaina izan da".
5 totem jarriko dira, zehazki, Mendelun, Amuten, Zumardian, Kiroldegian eta Hondartzan, eta 18 panel Itsasoan. Prentsan eta sare sozialetan kanpainak egingo ditugu ekainaren 30era arte, eta publizitate-iragarki bat egin dugu, astelehenean bertan zabalduko duguna".
"Zerbitzuen sektorea funtsezkoa da Hondarribian" jarraitzen du Serranok. "Oso kontziente gara gaizki pasatzen ari direla, eta Udaletik buru-belarri ari gara, ahal dugun neurrian laguntzeko.
Bidasoa Bizirikek emandako azken datuen arabera (2020ko abendua), Hondarribian 4.973 lanpostu eskaintzen dituzten 1219 establezimendu daude. Zerbitzuen sektorean 949 establezimendu daude (%77,85) eta 4.185 lanpostu eskaintzen dituzte (% 84,15). Hondarribian dauden 610 langabeetatik 478 zerbitzuen sektorekoak dira".