Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Udalak hiriko parke eta lorategien inguruko kezka azaldu du

Hondarribiko hiriguneko eta landa-eremuko lorezaintza zaintzeko eta mantentzeko zerbitzu kontratua du Hondarribiko Udalak ELAI Serbitzuak S.L. enpresarekin. Azken hileotan enpresa ez da zerbitzua eskaintzen ari, langileak greban direlako. Honen harira, Igor Enparan Alkateak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Udaletxeko Areto Nagusian, Udaleko Lehen eta Bigarren Alkateordeak diren Estitxu Urtizberea eta Lupe Queirugarekin batera.
“Udaletik oso arduratuta gaude herriko lorazaintza nola dagoen ikusita. Zailtasun hauen egoera aurretik jasotako egoera bat dugu eta bideratzeko lanetan ari gara. Zentzu horretan, ELAI Serbitzuak enpresarekin eta langileen ordezkaritzarekin hainbatetan elkartu gara eta egoera oker hau bideratzeko beharra transmititu egin diegu. Enpresari jakinarazi diogu zerbitzuaren ez emateak zenbait tokitan arrisku egoerak gertatzen ari direla, belarrak asko luzatzen ari direlako eta horrek ez du segurtasunean batere laguntzen” esan du Enparan Alkateak.
Zigorra ezartzeko prozedura
“Enpresari jakinarazi diogu Hondarribiko Udalarekin sinatuta daukan kontratua ez dela betetzen ari. Gogoratu nahi dut lehen greba deialdiak martxoaren 21, 22 eta 23an hasi zirela. Ordutik aurrera zerbitzuaren gauzatze maila ez da egokia izaten ari eta egoera zein den ikusita, Udal Gobernu Taldetik eta udal teknikarien aldetik hartu dugun erabakia enpresari Udalarekin daukan kontratuaren neurri zehatzaileak abian jartzea izan da. Lehen urratsa, dekretu baten bidez kontratuaren %4ari dagokion 18.192’77 euroko zigorra ezartzea izan da, kontratua gaizki betetzeagatik.
Espero dugu enpresa kontratistak beharrezkoak diren urratsak ematea, eta auzi hau bideratzeko urrats sendoak ematea. Udal Gobernu Taldetik ezin dugu onartu hiriko berdeguneak dauden egoeran egotea. Grebak aurrera jarraitzen badu, eta enpresa kontratistak ez baditu eman behar dituen urratsak ematen, prozedura zehatzaile horren ondorioak guztiontzat ekidin beharreko neurriak hartzera behartuko gintuke; prozedura honen amaiera lorazaintza kontratua etetea izango zelarik.”
Guzti honengatik, Igor Enparan Alkateak deia luzatu die “bai zerbitzuaren emakida duen enpresari eta baita langileei ere egin ahal guztiak egin ditzaten beraien artean ulertzeko eta parke eta lorategien zaintza zerbitzuari lehen bait lehen berrekiteko”.