Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Udalak 69 bizikleta eman dizkio Balazta Elkarteari, bigarren bizitza bat izan dezaten

2026-03-03
Abandono zantzuak zituzten kaleko txirrindak jaso, legez ezarritako epeak bete eta ondoren egin da lagapena, elkatearekin sinatutako hitzarmenaren baitan.

Hondarribiko Udalak eta Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak sinatutako hitzarmenaren baitan, Udalak udal gordailuan zituen 69 bizikleta eman dizkio elkarteari, ‘BIR-ZIKLATU’ programaren bidez berreskuratu eta beharra dutenei banatzeko.

Bizikleten jabeek berreskuratzeko epea izan ondoren eta dagokion administrazio-prozedura amaituta, Udalak erabaki du baliabide horiei erabilera sozial berria ematea. Kalean abandonatuta edo luzaroan erabilerarik gabe egon diren bizikletak ez dira, beraz, hondakin bihurtuko; aitzitik, egokitu ondoren, premia duten pertsona eta familien esku jarriko dira. Ekimenak mugikortasun jasangarria eta ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, dimentsio sozial nabarmena du, baliabideei bigarren aukera emanez eta herritarren ongizatea indartuz.

Era berean, ADENDAS ONG erakundeari lau gurpileko 10 kotxe handi eta bi txiki eman zaizkio, baita bide-heziketarako erabiltzen ziren 10 bizikleta ere. Material hori Senegalera bidaliko da, bertan hezkuntza eta gizarte-proiektuetan erabil dezaten.

Estitxu Urtizberea zinegotziak azpimarratu duenez, ekimen honek “udal kudeaketa arduratsua eta ikuspegi soziala uztartzen ditu”. Bere hitzetan, “jasangarritasuna ez da ingurumen-kontzeptu hutsa; dimentsio soziala ere badu. Bigarren bizitza ematen diegun bizikleta hauek aukera bihurtzen dira beste batzuentzat”.

Prozedura

Abandonu zantzuak dituen bizikleta bat atzematen denean, Udaltzaingoak ohartarazpen-pegatina jartzen dio. Hamabost eguneko epea igarota ibilgailuak leku berean jarraitzen badu, udal gordailura eramaten da.

Behin han, bizikletari argazkia atera, identifikazio-kodea esleitu eta Udalaren webgunean argitaratzen da, herritarrek beren jabetza identifikatu eta berreskuratzeko aukera izan dezaten. Bi hilabete igaro ondoren, eta aurrez Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitalpena egin eta hilabeteko epea emanda, bizikleta administratiboki hondakin bihurtzen da. Une horretatik aurrera, Udalak bigarren erabilera ematea erabaki dezake.

Datozen asteetan, Udaltzaingoak abandonu zantzuak dituzten bizikletak atzemateko eta dagokien ohartarazpen-pegatina jartzeko kanpaina abiatuko du. Hondarribiko Udalak herritarrei dei egin die euren bizikletak berrikusi eta, hala badagokio, jasotzeko ardura har dezaten.