Udalak Arrantzale Auzoa eta Santiago kalearen lehen zatia berrurbanizatzeko lehen urratsak eman ditu
Hondarribiko Udalak Hiriaren erdian dauden Arrantzale Auzoa eta Santiago kalearen lehen zatia berriritartzeko proiektua idatzi eta geroko obrak zuzentzeko deialdiak egin ditu. Bi lehiaketen baldintza pleguak www.hondarribia.eus orrian daude, eta enpresek aurkezteko epea azaroaren 30ean itxiko da. Horrela adierazi du Gonzalo Carrionek, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak, Arrantzale Auzoan egin berri den prentsaurrekoan.
“Bi eremu desberdinetaz ari gara gaurkoan. Alde batetik Arrantzale Auzoa daukagu, eta bestetik, Santiago kalearen lehen zatia, 1etik 21era” zehaztu du Gonzalo Carrionek.
“Bi gune hauen berriritartzeekin, Portua auzoa deitzen dugun eremuan urteetan egin ditugun eraberritzeekin amaituko dugu. Gogoratu nahiko nuke eraberritze hauen helburu nagusia irisgarritasuna hobetzea eta hiri atsegin eta seguruago baten alde ekitea dela. Hala, lehenik Almirante Alonso kalean hasi ziren lanak, gero Matxin Artzu, Domingo Egia, Irailak 7, Beleztarren Markes, Bernat Etxepare, Zuloaga eta San Pedro kalera heldu ginen, baita esandako Santiago kalearen bigarren zatira ere” zehaztu du Carrion zinegotziak.
Deitu dugun lehiaketaren xedea bi fasetan bereizten da, alde batetik Arrantzale Auzoko obren proiektuaren idazketa eta obra horien zuzendaritza fakultatibo osoa bestetik.
Udalaren asmoa, Portu auzoan jarraitu den irizpide berekin aurrera egitea da. Hau da, oinezkoentzako segurtasunerako espaloiak handitzea, auzokoen bizi-kalitatea hobetzea, eta lurpean dauden bereizketa egitea, Portuko gainontzeko kaleetan egin den moduan. Lanak hasi aurretik bizilagunekin bilera publikoa egingo dugu, denon artean ahalik eta proiektu egokiena egiteko asmotan”.
Santiago kalearen hasieran
“Era berean, Santiago kalea (1etik 21 zenbakietara doan eremua) berriritartzeko proiektua idatzi eta geroko obrak zuzentzeko deialdia egin dugu Udaletik” gehitu du Carrion zinegotziak.
“Orain arte esandakoari jarraituz, irizpide bera jarraitu nahi dugu. Espaloi zabalagoak, oinezkoari lehentasuna emanez, dena altuera berean joango da irisgarritasuna bermatuz. Santiago kalearen bigarren zatian eta San Pedro kalean egindakoari jarraipena ematea da gure helburu nagusia.
Duela urte batzuk egin zirela Portuko gainerako kaleen egokitzapenak, hain zuzen ere 2009 eta 2016 urteen bitartean. Denborak eta kale hauek daukaten erabilpen maila oso altuak erakutsi digute asmatu egin zela hartutako erabaki gehienekin, eta zentzu horretan aurrera egitea da Udalaren asmoa” amaitu du Carrion zinegotziak.