Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Udalak Alde Zaharreko aparkalekua mugatuko duen neurria jarriko du martxan

Hondarribiko Udalak ekainaren 15ean Alde Zaharrean egoiliarrek eta baimenduek bakarrik aparkatzeko ekimen bat jarriko du martxan, eta hala trafikoa murriztuko da eta oinezkoa lehenetsiko da. Hala adierazi dute General Leiba kalean emandako prentsaurrekoan Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eta Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak
“Azken urteetan hirietako mugikortasunaren garapenaren lekuko izan gara, eta Hondarribiak ere bat egin du mugikortasun iraunkorrago bat ezartzeko joera horrekin. Adostu dugun hiri mugikortasun iraunkorraren ereduan, oinezkoan oinarritu gara, lehentasuna eman diogu hirian mugitzeari dagokionez” adierazi du Juan Luis Silanesek.
“Gainera, ukaezina da Udal honek, eta oro har, erakunde publikoek azaldu duten sentiberatasuna eta eskaini dioten arreta azken hamarkadetan Hirigune Historikoa mantentzeari eta balioan jartzeari. Adibidez, gaur egun pentsa ezina da garai batean ibilgailuz beteta zegoen Arma Plazaren irudia.
Merkataritza jarduera urritu egin denez Hirigune Historikoan, Udalak duela urte batzuetatik Alde Zaharrean zerbitzu publikoak eskaintzearen aldeko apustua egin du: Zuloaga Etxean udal liburutegia berritzea, Kultur Etxea eraikitzea, Arma Plazako eraikina berritzea, plaza horretan bertan turismo bulego bat ezartzea… Era berean, kultur agendak jarduera asko programatzen ditu Hirigune Historikoan, eta azken urteetan jarduera handiago baten lekuko gara. Argi dago helburua Hirigune historiko bizia eta jardueraduna izatea dela. Eta eszenatoki horretan pertsonak dira protagonista, zalantzarik gabe, eta ez ibilgailuak.
‘Beharrezkoa ez den' trafikoa
Gure helburuetako bat Hirigune Historikoko kaleetan ‘beharrezkoa ez den ‘ trafikoa murriztea da, hau da, aparkatzera doazen eta aparkatu ezinik berehala ateratzen diren ibilgailuena, Horrek oinezkoak mugitzeko segurtasun handiagoa eskainiko du, ibilgailuen trafikoa murriztuko delako, eta aldi berean egoiliarrek aparkatzea erraztuko du. Egoiliarrei begiratu nahi diegu neurri honekin, baina beste kasuistikak ahaztu gabe.
Hirigune Historikoan 793 ibilgailu daude erroldatuta, 350 garaje plaza daude, eta azaleran 108 aparkaleku. Horri gehitzen badizkiogu egunero zirkulatzen duten ibilgailu guztiak, ikusten dugu beharrezkoa dela Hirigune Historikorako sarbidea murriztuko duen erabaki bat hartzea.
Egoiliarrek eta baimenduek bakarrik aparkatzea
“Ekainaren 15etik aurrera debekatuta egongo da Hirigune Historikoan aparkatzea, egoiliarrek eta baimenduek bakarrik aparkatu ahal izango dute”, gehitu du Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
“Egoiliarrek txartel bat jasoko dute egiaztatzen denean ibilgailua eta pertsona Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta daudela. Renting edo leasing ibilgailu bat duten egoiliarrek egoiliar txartela lortu ahal izango dute, betiere Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta badaude eta renting edo leasing-aren kontratuaren kopia aurkezten badute. Enpresako ibilgailua duten egoiliarrek ere egoiliar txartela lortu ahal izango dute, Alde Zaharreko etxebizitza batean erroldatuta badaude.
Era berean, aparkatzeko baimena izango dute komertzio, taberna, jatetxe, obra eta gremioetarako hornidura ibilgailuek, hoteletako bezeroek, alokairukoek, etxebizitza turistikoek, bigarren etxebizitza bat duten eta egiaztatzen duten pertsonek, eta nola ez, mugikortasun urritua duten pertsonek: alde zaharrean zirkulatu eta aparkatu ahal izango dute, betiere aurreko panelean Europako txartela urdina azaltzen badute.
Datozen egunetan atal berezi bat gaituko dugu udalaren webgunean (www.hondarribia.eus), eta herritarrei beharrezko informazio guztia helaraziko diegu. Informazio gehiagorako, idatzi mugikortasuna@hondarribia.eus postara.