Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Udalak 29.053.752 euroko aurrekontua izango du Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko bozkekin, eta EAJ zein PSE-EEren abstentzioarekin

2023-11-24
UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen estatutuak onartzea eta Hondarribia elkarte-erakunde horretara atxikitzeko proposamena ere aurrera atera zen

Atzo arratsaldez hiru ordu pasatxo iraun zuen Ohiko Osoko Bilkurak gehiengoz onartu zuen 2024rako aurrekontua. ABOTSANITZ eta EH BILDUk aldeko botoa eman zuten, eta EAJ zein PSE-EE abstenitu egin ziren. Hala, orain legezkoa den hilabeteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatu ondoren jendaurreko epea igarota, Udalaren asmoa 2024ko urtarrilaren 1etik abian egotea da.

Plenoaren hasieran, Igor Enparan Alkateak duela egun gutxi zendu den Mikel Zuazabeitia zinegotzi ohia gogoratu nahi izan zuen.

Uztailean hasi genituen aurrekontuarekin lehen lanak. Hilabetetako lana egon da, udal teknikari, gobernu taldeko kideak, Udalbatza honetako hainbat zinegotzi… lan handia egon da. Bidelagun izan da Udal Kontuhartzailea, oso lan handia egin du eta herri honentzat lujo bat dela iruditzen zait."

Gobernu Taldearen aurrekontu proposamena zehaztu zuen Igor Enparan Alkateak. “Iazko kopurua %15’48an igo da, hiritarrari kobratzen zaizkion zerga eta tasak izoztu egingo direlarik. Horrek baliabideak maximizatzeko esfortzua eskatu digu. Aurrekontua egiterako orduan kontutan hartu dira Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agendarekin lerrokatuta dagoela esan nahi dut.

Guretzat klabea da aurrekontuaren exekuzioan aritzea ezinbestekoa da. Gure asmoa aurrekontu hau %100ean betetzea da, gainera horren inguruan araudi bat egingo dugu, eta hiru hilero exekuzioaren berri emango dugu. Horretarako web orrian atal berezi bat jarriko dugu hiritarrari informatzeko, era errezean gainera. Hartu ditugun konpromisoak betetzeko gai garela erakutsi nahi dugu, eta ongi gauzatzen ez den aurrekontu batek ez du balio.

Gardentasunez jokatu dugu, ahalik eta aurrekontu sozialena garatu nahi izan dugu, parekidean salto nabarmena emateko asmoa duena, eta denona den herraminta bat dela uste dugu. Argi utzi nahi nuke esfortzu handia egin duela Udal Gobernuak aurrekontu honen inguruko argibideak emateko. www.hondarribia.eus gunean dena oso argi ikus daiteke, orain arte gertatzen ez zen bezala” esan zuen Igor Enparan Alkateak.

Oposizioko alderdien ikuspegia

Gonzalo Carrionek EAJren ikuspuntua eman zuen. “5 milioiko aportazioak egin ditugu¸ uste dugulako inoizko aurrekontu altuena izanda hutsune asko ditu. Horregatik alor askotan egin ditugu proposamenak. Gobernu Taldeak inoiz baino aurrekontu handiagoak ditu, baina ez da egia esatea lan handia egin dela 4 milioi harrien azpian begiratuta lortu direla. Foru Funtsa inoiz baina altuagoa izan da, banketxeak orain hasi dira depositoengatik dirua ematea.

Arrantzale Auzoa, Pasaia kalea, Higer Bidea, Arkoll eta Mendelu aurrekontu horretatik kanpo geratu dira, nahiz eta EAJk horiek hobetzeko partidak eta ekimenak proposatu dituen. Abotsanitzek uko egin dio Kalez-kaleren bigarren faseari. Argi dago ez duela gurekin ezer jakin nahi izan, eta EH BILDUrekin akordioa argi izan du haseratik.

Herritarrekiko dugun erantzukizunagatik eta hiriarentzat garrantzitsuak diren proiektuekin aurrera egiteko, gure botoa abstentzioarena izango da. Uste dugu koherentzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela politikan, eta ildo eraikitzaile horretan kokatzen gara oposizioan."

PSE-EE abstenitu egin zen. Noemi Odriozolak jardun zuen bere proposamenaren inguruan. “Hainbat partida planteatu ditugu mugikortasunaren, Mendelu auzoaren birsortzearen, Muliaten erabilera publiko eta auzokideetarako espazio berrien zuzkiduraren edo hiriko autobusaren proposamen errepikatuaren inguruan. Guztira 44 proposamen aurkeztu dira 2024ko udal aurrekontuetan, 9.998.300 eurokoak. Aurrekontu hauek ez dira Talde Sozialistak planteatuko lituzkeenak. Ez dira hiritar guztien beharrak jasotzen, eta horregatik abstentzioa erabaki dugu, lehen urtea delako eta gure lana fiskalizazioa bada ere, baita da ulertzea ere."

Garoa Lekuonak EH BILDUren proposamena zehaztu zuen. “11 arlotan 82 proposamen egin ditu, guztiek batera 7 milioitik gorako aurrekontu bat superatzen zutenak. Anbizioz jokatu dugu bai, 2024ko aurrekontuez haratago, EH Bilduren legealdiko norabidea adierazten duten proposamenak jarri ditugulako mahai gainean Hondarribia bost ezaugarrietako herria izan dadin: XXI mendeko udala, berdea, berdintasuna helburu, bizia eta bertan bizitzekoa, eta noski, euskalduna”.

"Eskerrak eman nahi dizkiot ABOTSANITZi gure proposamenak aztertu eta asko onartu dituelako. 2024rako proposatzen diren aurrekontuek, udalaren aldaketarako nahia adierazten dute, urteetan Hondarribiak izan ez dituen aurrekontu feministenak, euskaldunenak eta sozialenak direlako, bizikidetzak eta memoriak ere pisu handia izanik. Guzti horrengatik, azaroaren 23ko aurrekontuen udalbatzan Hondarribiako EH Bilduk aldaketaren aurrekontuei baiezkoa eman diegu."

Udal Gobernu Taldeak EH BILDUri 8 proposamen onartu zizkion, 120.450 eurorengatik, PSEri 7 beste  112.600 euroren truke, eta EAJri beste 5, 76.300 eurorengatik. Guztira 309.350 izan ziren onartutakoak.

Onartutako mozioak

ABOTSANITZ eta EH BILDUk onartuta, EAJren eta PSEren abstentzioarekin aurrera atera zen Israel Palestinan egiten ari den sarraskiaren inguruko mozioa. Bertan, Israeldarren gobernuak palestinar herriaren aurka egindako biolentzia, bai eta Gizateriaren aurkako krimenak salatzen dira, baita Israelek Palestinari okupatutako lurraldeak palestinarrei bueltatzea, gatazkari aterabide justu bat ematea eta palestinar estatuak askatasunean bere etorkizuna eduki dezala. Azkenik, Palestinar herriari elkartasun irmoa adierazten zaio, inolako neutraltasunik gabe. Gaiarekin aurkeztu ziren beste bi mozioak alde batetara geratu ziren.

ABOTSANITZ eta EH BILDUk onartuta, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren aurkako bozkarekin aurrera atera zen ere EMEKI Elkarteak aurkezturiko azaroaren 30eko mugimendu feministek dei egindako greba egunari buruz, zaintza eskubide kolektiboaren alde.

UEMAra atxikituko da Hondarribia

ABOTSANITZ eta EH BILDUren aldeko botuekin onartu zen UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen estatutuak onartzea eta Hondarribia elkarte-erakunde horretara atxikitzeko proposamena. EAJ abstenitu egin zen, “nahiz eta proposamenarekin ados egon, ez baita honetarako batzorde bat egin eta horregatik hartu dugu erabaki hori”. PSE-EE aurka agertu zen “besteak beste, ez delako proportzionaltasunik gordetzen herrien populazio kopuruarekin eta errepresentatibitatearekin”.