Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Udal Liburutegiak eta Caser Betharram egoitzak erakusketa berezia antolatu dute
2022an Hondarribiko Udal Liburutegiak jarduera berri bat jarri zuen abian: Caser Betharram adinekoen egoitzara joaten hasi zen Nagusilan elkartearekin batera. Hala, irakurketa kluba martxan jarri zen: Liburutegiak liburu bat aukeratzen du, ozenki irakurtzen da, eta tarteka geratu eta adinekoen aipamenak eta jakintzak jasotzen dira. Elkar elikatzen dute, Liburutegiak beraiei irakurri, eta beraiek guri beraien ezagutza kontatu. Jasota gera dadin. Liburutegia osatzeko, eta altxorra handitzeko.
Iaz Jaime Rodriguez Salis-en “El niño republicano de Beraun” irakurri zen. Bertan, besteak beste, kontrabandoak eta jostailuen gaiek beraien arreta piztu zuten. Kontatu zigutena jaso, eta liburutegian, Gabonetan, Jostailu zaharren tailer bat antolatu zen gazteekin.
Bi helburu nagusi zeuden:
- Caser Betharramen zer egiten ari ginen ikusaraztea.
- Adinekoek ikustea beraiek kontatzen zigutena zerbaiterako balio zuela, ez zela soilik paperean geratzen.
Eta orain zirkulua ixteko garaia da eta Betharram Caser adinekoen egoitzan, liburutegian tailerrean egindakoaren erakusketa bat antolatu da. Horren helburua ere bikoitza da:
- Irakurketa klubekoak liburutegira ezin direnez etorri, guk beraiei eramatea beraien kontakizunean oinarrituta egindakoa.
- Eta adinekoen egoitzan familiarrek eta gainontzeko egoiliarrek ikustea zer lortu den elkarrekin.
Otsailaren 16an eguerdiko 11:30ean izango da inaugurazioa. Eta hilabete batez egongo da Caser Betharramen sarreran.
Proiektu hau, iaz Koldo MItxelenak, Donostia Kulturak eta Tabakalera Medialabek Nazioarteko Liburutegiaren egunean antolatu zuten jardunaldi batean aurkeztu zen eta bere babesa du. Dokumentatzen ari gara eta maiatzean (data zehatzik ez dago) aurkeztuko da.