Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Udal gobernuak hil honetako osoko bilkurara eramango du HAPOren behin-behineko onarpena, eta horrek 1.500 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du

2025-06-06
Etxebizitza horien gehiengo handia jabetza publikokoak izango dira, Hondarribiak bizi duen etxebizitza-larrialdia arintzeko

Udal gobernuak hilaren 19an egingo den osoko bilkuran aurkeztuko du Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra (HAPO) behin-behinekoz onartzeko; hiri-ereduaren epe luzerako plangintza egiteko tresna funtsezkoa da. Igor Enparan alkateak, Estitxu Urtizberea eta Garoa Lekuona zinegotziekin batera, eta gainontzeko Gobernu Taldeko kideen babesarekin. dokumentua aurkeztu du prentsaurrean; Hondarribiaren garapen urbanistikorako oinarriak ezartzen ditu, etxebizitzarako eskubidea, kohesio soziala eta jasangarritasuna bermatzea helburu nagusitzat hartuta. Alkatearen hitzetan, "pauso erabakigarria da, HAPO honek 2040ko Hondarribia marrazten baitu".

Hiri-antolamendu berriaren ardatz nagusietako bat da udalerrian dagoen etxebizitza-larrialdiari erantzutea. Alkateak emandako datuen arabera, azken hamarkadan 30 eta 45 urte bitarteko hondarribiarretatik gutxienez herenek –1.300 pertsona baino gehiagok– herria utzi behar izan dute, etxebizitza faltagatik edo prezio eskuragaitzak direlako. “Hori drama bat da, eta ezin genuen gehiago begirik itxi” azpimarratu du alkateak.

Diagnostiko horretatik abiatuta, Hiri Antolamenduaren Plan Orokor berriak 1.500 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko du, eta horietatik gehien-gehienak jabetza publikokoak izango dira. Igor Enparanen iritziz, hori da benetan etxebizitza babestuari lehentasuna ematea. “Gazteek eta familiek beren bizitza-proiektua hemen garatu ahal izatea nahi dugu, beren herrian. Ez Irunen, ez Hendaian, ez Lezon, ezta Pasai Antxon ere. Hondarribiko herritarrok badugu Hondarribian bizitzeko eskubidea”.

Alkateak jarraitu du esanez Hondarribian ez dela espekulaziorako tarterik izango: “Ez gara etorri gauzak lehengo moduan uzteko. Plan honek ere eten egin nahi ditu Hondarribia bi abiaduratako hiri bihurtu duten dinamikak. Guk gobernatzen dugun bitartean, eliteek ez dute pribilegiorik izango, eta espekulazioari ez zaio lekurik emango.”

HAPO berria aurreko legegintzaldiko azken osoko bilkuran hasieraz onartutako dokumentuan oinarritzen da, baina udal gobernuaren arabera, berrikusi eta egokitu egin da herritarren beharrei erantzuteko. “Gakoa gizarte-ereduan dago. Gizartea nola antolatzen den, hainbat Hondarribia posible dira. Udal gobernua osatzen dugun bi alderdiok oso argi daukagu zein Hondarribia mota nahi dugun, eta horren araberako HAPO bat egin dugu,” adierazi du Igor Enparanek.

HAPOk “Auzo-bihotzak” izeneko ekimenaren aldeko apustua ere egiten du; hau da, auzo guztiei zerbitzuak eskaintzea helburu du, herritar guztientzat bizitza duina bermatuz. Hiri-antolamenduaren ikuspegia ez da soilik etxebizitzak eraikitzea, baizik eta ondo bizitzeko moduko Hondarribia bat bermatzea. Zentzu horretan, Planaren diseinua auzoen arteko oreka, kulturaren sustapena eta komunitate-loturen sendotzea kontuan hartuta egin da.
Estitxu Urtizbereak zehaztu du Planak jasotzen dituen urbanizagarri izango diren eremuak zein eta nolakoak izango diren eta nola zeuden aurreikusita 2023ko maiatzean hasieraz onartutako HAPOn.

Basako zona naturala izaten jarraituko du. Hasierako HAPOk goi-mailako 236 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen, baina ez da bakar bat ere eraikiko. 

Montañenean eraikiko den etxebizitza kopurua honakoa hau izango da:

•    84 etxebizitza (lehen 45)
•    Babes ofizialeko etxebizitzak %30 (BOE) 
•    Prezio tasatuan %33 
•    Erregimen librean %33

Babes-etxebizitzen hornikuntzan proposatutako defizita Muliaten konpentsatuko da.

Kubo-Madalenan:

•     85 etxebizitza
•     Erregimen librean %65
•    Babes ofizialeko etxebizitzak %35

Karmeldarretan:

•    242 etxebizitza (lehen 187)
•    Babes ofizialeko etxebizitzak %55
•    Babes ofizialeko etxebizitza tasatuak %20
•    Erregimen librean %25

Tudelenea-Botikan:

•    422 etxebizitza (lehen 309)
•    Babes ofizialeko etxebizitzak %55
•    Babes ofizialeko etxebizitza tasatuak %20
•    Erregimen librean %25

Etxanikenean:

•    345 etxebizitza (lehen 250)
•    Babes ofizialeko etxebizitzak %55
•    Babes ofizialeko etxebizitza tasatuak %20
•    Erregimen librean %25

Etxebizitza hauetaz gain, udalerriko hainbat eremutan beste 300 bat eraikitzea aurreikusita dago. 

HAPOren elaborazioa gidatu duten beste elementuetako bat merkataritza lokalaren defentsa aktiboa izan da, merkataritza-gune handien edo makrooutleten mehatxuen aurrean. Garoa Lekuonak azaldu duenez, 2017an bertan behera utzitako HAPOk 38.000 m²-ko makrooutlet bat aurreikusten zuen. Egungo gobernu taldearen HAPOk, berriz, 40.000 m² aurreikusten ditu jarduera ekonomikoetarako. 40.000 m² horietatik, 15.000 m² bakarrik erabiliko dira jarduera komertzialetarako, eta bertan soilik merkataritza bereziak kokatu ahal izango dira: dekorazio-dendak, auto-saltokiak eta antzekoak… baina inoiz ez makrooutletak.

Herriko merkatari eta saltokiekin adostuta, garapenaren planifikazioa ez du sustatzaile posible batek egingo, baizik eta udalak berak. Beste 23.000 m² horiek erabilera industrialerako izango dira.

Zubietako campus teknologikoari dagokionez, Lekuonak azpimarratu du legealdi amaieran onartutako HAPOk Zubietan jarduera ekonomiko teknologikoki kalifikatuak ezartzea aurreikusten zuela, eta orain gaineratu dela jarduera horiek lehen sektorearekin lotuta egon behar dutela, berrikuntzarekin zerikusia duten ekintzak barne hartuz. Lotura horrek inguruko naturarekiko errespetu handiagoa ahalbidetuko du, eta onuragarria izango da, etorkizuneko gizarte-beharrei erantzuteko garrantzitsuak izango diren jarduerak garatzeko aukera emango baitu.