Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Udal Gobernu Taldeak 2022ko aurrekonturako 24.363.525 euroko proposamena eramango du osteguneko Ogasun Batzordera

Gobernu Taldeak 2022. urterako 24.363.525 euroko proposamena aurkeztuko dio ostegunean Ogasun, Kontu eta Ondare Batzordeari. Proposamen hori eta gainerako udal taldeek batzorde horretan egindako zuzenketak aztertu ondoren, hurrengo urratsa abenduaren 2ko osteguneko Osoko Bilkurara eramatea izango da.

2021·11·23

Gobernu Taldeak 2022. urterako 24.363.525 euroko proposamena aurkeztuko dio ostegunean Ogasun, Kontu eta Ondare Batzordeari. Proposamen hori eta gainerako udal taldeek batzorde horretan egindako zuzenketak aztertu ondoren, hurrengo urratsa abenduaren 2ko osteguneko Osoko Bilkurara eramatea izango da.

“Gure aurrekontu-proposamenean, funtsezko elementu gisa sartu ditugu Agintaldi Planaren eguneratzean jasotako lehentasunak, hala nola pertsonak eta familiak, batetik, eta tokiko ekonomiaren sustapena, bestetik” nabarmendu du Txomin Sagarzazu alkateak. “2020ko martxotik, oso egoera aldakorra bizi dugu COVID-19aren pandemia dela eta, eta dena baldintzatzen ari da, baita Hondarribian eta udaletxean ere”.

Hori dela eta, Gobernu Taldetik mezu argi bat zabaldu nahi dugu: susperraldi ekonomikoko une batean gaude, eta 2022 haseratik abian egotea nahiko genukeen aurrekontu hauen bidez gure ekarpena eskaintzen diogu hiriaren bultzada ekonomikoari eta udal zerbitzuen hobekuntzari.

“Osteguneko batzordera eramango den aurrekontua 24'3 milioikoa izango da, Hondarribiaren historiako hirugarren handiena. Horietatik 2,44 milioi inbertsiorako erabiliko ditugu. 2021ekoa 24 '6 izan zen, 2020an 22' 7 milioi izan ziren, eta 2019koa, berriz, 21 '79 milioi euro. Oro har, goranzko zifra dugu; gure ustez, Udalak, bere herritarrei laguntzeko erakundea izateaz gain, motor ekonomikoa ere izan behar du” erantsi du Sagarzazu alkateak.

“Osteguneko Batzordean proposamenari buruzko irizpena eman ondoren, partida nagusiak jendaurrean banakatuko ditugu. Baina, oro har, nabarmendu nahi nuke gure proposamena 4 ardatz estrategikotan prestatu dugula: pertsonak eta familiak, alde batetik, bigarrenik Hondarribiko ekonomia suspertzea hiriko eragile ekonomikoekin batera, garapen jasangarria hirugarren ardatz gisa, eta administrazioa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzea laugarren puntu gisa. Lau ardatz estrategiko hauek administrazio honentzat ezinbestekoak dira”.

Gainerako udal taldeekin lan egitea eta herritarren parte-hartzea

Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak nabarmendu du “zirriborroa azaroaren 9an helarazi zitzaiela oposizioko alderdiei, eta azken aste hauetan alderdi guztiekin lanean ari garela proposamenak jasotzeko. Beren iradokizunak jasotzeko prest gaude, eta hala helarazi diegu, udal-aurrekontuan sartzeko aukera duten proposamen edo iradokizun errealistak.

Era berean, herritarrek aurrekontu hauetan parte hartzeko bide bat ireki dugu, datorren urtean garatzeko proiektu bat aukeratzeko prozesu baten bidez, laster zehaztuko dugun bezala” amaitu du Altunak.