Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Hondarribia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko ekintza plana

Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Hondarribia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko Ekintza Plana. Erabaki honekin, Udalak Eusko Jaurlaritzari dagokion dokumentazio osoa eta eskaera formala igorriko dio, Hondarribia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedura administratiboari jarraipena emateko.
Ekintza-plana onartu aurretik, Udalak jendaurrean jarri zituen bai diagnostikoa bai behin-behineko ekintza-plana, herritarrek, eragile sozialek eta udal taldeek ekarpenak egiteko aukera izan zezaten.
Jendaurreko epea apirilaren 13an itxi zen, eta jasotako ekarpen guztiak txosten tekniko batean aztertu dira, planaren helburu nagusia oinarri hartuta: egungo etxebizitza larrialdiaren testuinguruan, etxebizitza eskuragarritasuna ahalik eta epe laburrenean handitzea.
Jasotako ekarpen askok dagoeneko planean jasota zeuden neurriak berretsi dituzte, hala nola gazteentzako etxebizitza laguntzen lerroa sortzea, etxebizitza parkearen birgaitzea indartzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, alokairu eskuragarria sustatzea edo HAPOaren garapena lehentasunez bultzatzea.
“Pozgarria da beste talde politikoek ere norabide bera partekatzea; horrek planaren koherentzia indartzen du eta jada definitutako neurriak berretsi eta legitimatzen ditu”, adierazi dute Udal-gobernutik.
Bestalde, etxebizitza eredu berrien azterketa indartzea erabaki da, bereziki cohousing ereduei eta adinekoentzako bizitoki alternatiboei dagokienez. Azken urteetan 55 urtetik gorako biztanleriaren hazkundeak behar berriak agerian utzi ditu, hala nola irisgarritasuna, autonomia pertsonala, zaintza-sareak eta komunitatean oinarritutako bizikidetza. Testuinguru horretan, cohousing ereduek eta antzeko formulek aukera ematen dute bakardade egoerei aurre egiteko. “Etxebizitza eredu berrien azterketari ematen zaion lehentasun-maila handitu da, baina ikuspegi integratu eta inklusibo batetik: ez soilik adinekoei begira, baizik eta gazteak eta beste kolektibo batzuk ere kontuan hartuta”.
Halaber, estrategikotzat jo dira ekipamendu mistoen sustapena, azalera eskubideko etxebizitzen kudeaketa publikoa indartzea eta etxebizitza partekatzeko edo trukatzeko aukeren azterketa. Azken hauek, oraingoz, ez dira zerbitzu operatibo gisa garatuko, baizik eta etorkizuneko azterketa-ildo gisa jasoko dira.
“Etxebizitza eskubidea bermatzeko tresna sendoak behar dira, eta plan honek norabide argia markatzen du: merkatuaren tentsioari aurre egitea, alokairu eskuragarria handitzea eta herritarren, bereziki gazteen, emantzipazio aukerak erraztea”, adierazi dute. Era berean, Udal-gobernuak nabarmendu du eremu tentsionatuko izendapena ez dela helburu hutsa, baizik eta “politika publikoak indartzeko palanka bat”, eta horrek aukera emango duela neurri osagarriak aktibatzeko Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
Azkenik, Udalak berretsi du etxebizitza politika “lehentasun estrategikoa” dela eta etorkizuneko erronkei erantzuteko administrazio arteko lankidetza funtsezkoa izango dela.
Orain, Hondarribiko Udalak Ekintza Planaren dokumentazio osoa Eusko Jaurlaritzara bidaliko du, dagokion dekretua onartu dezan eta Hondarribia bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedura administratiboa amaitu dadin.