Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Psilocybe Elkartearen 30. urteurrena ospatzeko bi jaialdi potente antolatu dira

2023 honetan, 30 urte betetzen dira Psilocybenea aretoak lehen kontzertua jaso zuenetik. Horren arira, zenbait ekitaldi antolatu dira, horien artean bi jaialdi potente.
Lehen hitzordua uztailaren 22an izango da, musika elektronikoa protagonista izango delarik San Marko plazan. Bigarrena berriz, abuztuaren 25 eta 26an egingo da Hondartza kiroldegiko aparkalekuan.
“Uztailekoa motorrak berotzen hasteko hitzordua izango da” esan du Egoitz Alcarazek Psilocybe Elkartearen izenean. Musika elektronikoa izango da nagusi. Abuztuko jaialdian, estiloari dagokionez, oso markatuta dago, rocka izango da batez ere. Elkartea bera ere beste estilo batzuetara zabaldu da azken urteetan, eta hutsune hori betetzea erabaki dugu.
Hitzordua Kasino Zaharreko lorategietan izango da, 16:00etan, musutruk. Mr Chubachuba, Gorks & Nafo, Mauli, Alffte, Costas, Red Moon eta Lola Mento DJek izango dira parte hartuko duten artistak.
Abuztuaren amaieran jai nagusia
Nestor Urangak eman du abuztuko ekitaldiaren Informazio zehatza. “Abuztuaren 25 eta 26an izango da jaialdi nagusia. Hondartza Kiroldegiko aparkalekuan izango da musika ekitaldia eta aurretik bazkari herrikoia egingo dugu. Aurrerago emango dugu Informazio zehatzagoa azken honen inguruan.
Mundu osotik etorritako taldeak igoko dira oholtza horietara. Kanpoko taldeak ekarri nahi izan ditugu, Los Angelesetik dator bat, adibidez. Baina ez ditugu hemengo taldeak alde batera utzi nahi izan. Azkenean jaialdiaren eta elkartearen oinarria beti izan dira bertako taldeak, bertako talderik gabe ez baitago elkarterik. Sasquatch, Joseba B Lenoir, Tzar, Txavvö, Imago 4, Bala, The Capaces, Lif, Naica, Horzdun eta Midnight Sinners taldeen txanda helduko da abuztukoan.
Igor Enparan Alkatea, Estitxu Urtizberea Lehen Alkateordea eta Ortzi Alonso Kultura zinegotzia aurkezpen ekitaldian izan dira. Alkateak Psilocybeneak dituen hiru balio nagusi aipatu ditu. “Sorkuntza, konpromisoa eta autokudeaketa. Guretzat eredu zarete, herri baliabideak herritarren ekienez funtzionatu dezaketela erakutsi duzuelako. Bidelagun izan nahi dugu datozen urteetan».