Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Plenoak gehiengoz onartu zuen Presa I-eko eremuan babeseko etxebizitzak eraikitzeko VISESA eta Udalak sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena

Abenduko Ohiko Bilkurak besteak beste Udalak eta VISESAk sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko proposamena onartu zuen. EAJ, ABOTSANITZ eta PSE-EEk aldeko bozka eman zuten, eta EH BILDUk abstentzioa.
Hain zuzen ere, babes ofizialeko etxebizitzak, horien eranskinak, merkataritza-lokalak eta txandakako aparkalekua egiteko Presa I eta II partzelak sustatzeko Udalak eta VISESAk sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko proposamena izan zen onartutakoa.
“Lortu dugun akordioaren arabera, Biteri Ikastetxearen aurrean dagoen Presa I eremuan, babes ofizialeko 66 etxebizitza eraikiko dira, gero Alokabidek kudeatuko dituenak. Etxebizitza bakoitzak bere garaje eta trastelekua izango du. 66 garaje horietaz gain, azalean 55 aparkaleku eraikiko dira, eta 260 metro koadroko merkatal lokal bat sortuko da. Berri oso pozgarria dela uste dut” esan zuen Txomin Sagarzazu Alkateak.
Gobernu Taldetik ilusio eta gogoz hartzen dugu akordio-proposamen hau. Eskerrak eman nahi dizkiot VISESAri izandako lankidetza giroagatik baita ere gaian ari diren udal langileei. Jakitun gara zer nolako garrantzia duen Hondarribian babeseko etxebizitzak eraikitzea, herritarrei bere beharretan laguntzeko dago Udala eta hau horren adibide da. Hitzetik ekintzetara pasa gara Gobernu Taldean.
ABOTSANITZ-ek alde bozkatu zuen. “Txominek edo EAJ-k negoziatu dute hitzarmen hau. Zeuden aukeren artean pobreena da eta ez dio herriak dituen beharrei erantzuten. Alkate jaunak gardentasunari ateak itxi dizkio eta irakurketa triunfalista bat egiten da hala ez denean.
PSE-EEk aldeko bozka eman zuen. “Eskerrak eman dizkiogu Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari Hondarribian ekiteagatik. HAPOa bertan behera uzteak kalte egin dio proiektuari eta nahi baina gutxiago eraikiko da”.
EH BILDU abstenitu egin zen. “Hondarribia Lantzen indartu edo birpentsatu beharko genuke, eta VISESA edo antzeko erakundeekin ez hainbesteko lanketetan aritzea.
Beste puntu batean, Panpinot kalean dagoen Rameri etxearen lagapena egiteko eskaera denen arteko babesarekin onartu zen.
Hiru mozio onartuak
Denen aldeko bozkarekin onartu zen ABOTSANITZek aurkeztutako Udalaren inbentarioa egin eta jakinaraztearen inguruko mozioa.
Jarraian ABOTSANITZ eta EAJ-k adostuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuei eskatu diezaiela Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sareko Hondarribiko zatia burutzeko falta den tartea -Amute eta Gabarrariko biribilgunearen artekoa- osatu dezan eskatu zuten EAJ, ABOTSANITZ eta EH BILDUren aldeko bozka eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Onartu zen beste mozioa, EH BILDUk aurkeztu eta EAJrekin adostuta, Espainiako Armadak Jaizkibel inguruan egindako maniobrei buruzkoa. Bi alderdi hauek eta ABOTSANITZek aldeko bozka eman zuten eta PSE-EEk aurkakoa.
Plenoa amaitzeko, guztien partehartzearekin omenaldia egin zitzaion Marisa Izquierdori, atzokoa izan baitzen 1989az geroztik Udal Idazkari bezala bere azken Osoko Bilkura, hil honen 31n hartuko du eta erretiroa.