Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Pandemiari egokitutako eta ibilbide aldaketak izango dituen San Silbestre Solidarioa ostiralean Hondarribian

COVID-19aren ondorioz azken orduko zenbait aldaketekin dator ostiral honetan burutuko den “XiI. Sport Mundi San Silbestre solidarioa”. Aurkezpena Udaletxeko Areto Nagusian egin berri da eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea eta Sport Mundi Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariak diren Eneko Beldarrain eta Sara Amunarriz.
Txomin Sagarzazuk eskerrak eman dizkie “Sport Mundi Elkarteko kideei, Hondarribiko Urtezaharrean oso ondo errotuta dagoen lasterketa hau antolatzeagatik. Bizitzen ari garen egoera kontutan hartuta, Udalak eta Sport Mundik zenbait bilera mantendu ditugu azken egunotan, eta pandemiari egokitutako lasterketa bat izango dela argi utzi nahi dut. Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiet, uneoro zentzuz jokatu eta osasun neurriak erabat mantenduko dituen lasterketa bat antolatu dugulako denon artean”
Gure helburua, jende askoren pilaketak saihestea da, hori dela eta, besteak beste, irteera eta helmuga aldatu egingo dira eta lasterketa ez da Kale Nagusitik igaroko, Sabino Arana kalea erabiliko delarik alternatiba nagusi gisa. Nere azken hitzak, ikusleei zuzendutakoak dira. Udalak eta antolatzaileek lan handia egin dugu prebentzio neurriekin, orain ikusleei eskatu nahi diet nahitaez eraman behar duten musukoa eramatea, eta distantziak mantentzea. Denon arteko ardura dela argi daukat” gehitu du Sagarzazu Alkateak
Irteera eta helmuga hondartzako aparkalekuan
Eneko Beldarrainek eman ditu zehaztasun gehiago. “Irteera eta helmuga hondartzako aparkalekutik egingo dugu, eremu zabala baita parte hartuko duten 700 partehartzaileen distantziak egoki mantentzeko. Musukoa ezinbestekoa izango da irteeran eta helmugan, guk musuko kirurgikoak banatuko dizkiegularik. Irteera txandaka emango dugu, dortsalen arabera, eta aurten ez da Kale Nagusia igoko, asko baitziren bertan elkartzen ikusleak. Ibilbide osoa www.kirolprobak.com gunean dago. Dortsalak jasotzeko hilaren 29 eta 30ean egin beharko da”.
Sara Amunarrizek lasterketarren alor solidarioa azaldu du. “Aurtengo irabaziak Arnasa Elkartera bideratuko ditugu, Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea. Gaixotasun arraroa da, 150 pertsonek daukate soilik, eta gure asmoa, beronen ikerketan eta emaitzen lorpenean laguntzea da”.