Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Pandemiak baldintzatutako Erdi Aroko Azoka ekainaren 12 eta 13an

“Ez da azken urte hauetan ezagutu izan dugun Erdi Aroko Azoka izango, baina bai azoka egongo dela Hondarribian”. Hala esan du Maria Serrano Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Merkataritzako zinegotziak Kasino Zaharreko lorategietan egin den aurkezpen prentsaurrekoan. Berarekin batera egon dira Iosu Carrion, Adur Arrieta eta Amaia Urdangarin , Rafael, Tatapas eta Badia tabernetako ordezkariak.
“Jakinarazi nahi dugu ekainak 12 eta 13an egingo dugula aurten Erdi Aroko Azoka. Pandemia dela eta, formatu egokituan antolatuko dugu, soilik Kasino Zaharreko lorategietan izango da, aforoa neurtuta egongo da, uneoro sarrera eta irteera kontrolatuarekin” esan du Maria Serranok.
“Nahitaezkoa dugu osasun neurriak betetzea eta hala egingo da, Udaletik esfortzu berezia jarriko da horretan. Esfortzu horrekin batera, argi daukagu Udaletik ekitaldiak antolatzen jarraitu behar dela, eta hala, bi egunetan antolatuko da, 10:30-14:30 eta 17:00-21:00 ordutegiarekin”.
“Nahiz eta aurten ez den Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sareko pintxo lehiaketarik izango, beste urte batzuetan herriko lehiaketan parte hartu duten zenbait establezimenduk Erdi Aroko pintxoa eskainiko dute asteburu honetatik. Eskertu egin nahi dut bere jarrera. Horrekin batera, sare sozialetan zozketak egingo ditugu jatetxe bakoitzan bazkari edo opari bat izateko” gehitu du Serranok.
Parte hartuko duten tabernak: Larra, Tatapas, Badia, Andire, Danontzat, Mika eta Palacete Alde Zaharrean, eta Gran Sol eta Rafael San Pedro kalean.
Aurtengo azoka
Serranok aurtengo azoka nolakoa izango den azaldu du. “Denetatik izango dugu: barkilloak, produktu garrapiñatuak, txokolateak, gaztak, hestebeteak, marmeladak, eztiak, ahatearen produktuak, taloak, pastak, eta gehiagotaz gozatu ahal izango da.
Hortaz gain, buztinezko kazolak, eguzkiloreak, kremak eta ukenduak, larruzko zorroak, egurrezko jostailuak eta loreak, kosmetika eta xaboiak, artilezko zerrendak, olibondo ontziak eta egurra, mineralen indarra, xaboia, arropak eta koloretako jantziak, haurrentzako txotxongiloak…
Horrekin batera, Erdi Aroko Argazki Lehiaketa antolatuko dugu. Datozen egunetan zintzilikatuko dugu informazioa web gunean.