Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Osteguneko Plenoak Udalak Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin bat egitea jorratuko du

Ostegun arratsaldez plenoa egongo da Hondarribiko Udalean. 13 puntu izango ditu, eta garrantzitsuenen inguruan azalpenak emateko agerraldia egin dute gaur Areto Nagusian Txomin Sagarzazu Alkateak eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “Bilkuran bozkatuko ez bada ere, aipatu nahiko nuke 2022. urterako Udalak kobratzen dituen tasa eta zergak izoztu egingo direla, 9. urtez jarraian. Aurreko urteetatik aldaketarik egin ez dugunez, ez du inolako tramitaziorik behar eta ez dugu Plenotik pasa behar. Urriaren bukaerarako hurrengo urteko Ordenantza Fiskalak onartu behar direnez, interesgarria iruditzen zaigu herritarrei jakinaraztea tasak eta zergak bere hortan geratuko dirala”.
“Hiriaren joera ekonomikoa hobera doa, baina jakitun gera jende askok oraindik denbora beharko duela pandemia aurreko egoerara itzultzeko, eta Udaletik egiten den presio fiskala ez areagotzea egokia iruditzen zaigu. Udal honen egoera ekonomikoak hori ahalbidetu egiten du gainera, eta horrela, 9. urtez jarraian tasak eta zergak ez ditugu igoko” gehitu du Sagarzazu Alkateak.
“Hortaz gain, Txingudi BHI ikastetxeko obrak direla-eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %95eko hobaria aplikatzeko interes orokorreko obra aitortzeko proposamena eramango dugu, baita Amute auzoko Villa Telleriaren xehetasun-azterketa behin betikoz onartzeko proposamena ere. ABOTSANITZ udal taldeak hiru mozio erregistratu ditu eta EH BILDUk beste bi. Asteazken goizez Bozeramaile Batzordea elkartuko da eta Bilkuraren inguruko lanketa egingo dugu”.
Migraziorako Euskal Itun Soziala
Eguneko Aztergaiaren seigarren puntuan, “Hondarribiko Udala Migraziorako Euskal Itun Sozialari atxikitzeko proposamena onartzera eramango dugu” esan du Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
“Tamalez gaiak zalantzarik gabeko gaurkotasuna dauka, eta mami handikoa dela uste dugu. Gobernu Taldetik Migraziorako Euskal Itun Soziala onartzea proposatuko dugu. Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da, gaur egungo migrazio erronkari pluraltasunaren, elkartasunaren eta beharraren ikuspuntutik erantzuteko.
Iniziatiba honen bidez, EAEn diskurtso partekatua eta batasun-irudia sendotu nahi dira, migrazio erronkei modu positiboan erantzuteko. Gainera, dokumentuak aurrerapen alderdi bat badu ere. Hau da, euskal gizarteak inmigrazioa beharrezkoa duela bere lan eta demografía beharrei erantzuteko” gehitu du Larrartek.
“Pasa den ostegunean batzordean jorratu genuen gaia, eta alderdi denek baiezko botoa eman zuten, eta orain osteguneko Plenoak erabaki beharko du”.