Osoko Bilkurak HAPOren irizpideak eta helburuak berresteko proposamena onartu zuen
Atzo arratsaldez hiru ordu eta erdiz luzatu zen Ezohiko Osoko Bilkurak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren irizpideak eta helburuak berresteko proposamena onartu zuen besteak beste. Hortaz gain, Talaia Biteri ikastetxearen aurrean dagoen Presako partzelaren Xehetasun-azterlana behin betiko onartzeko proposamena aurrera atera zen, baita Irungo Udalarekin batera Zaldunborda II eremuko Planeamendua Bateragarri egiteko Hitzarmenari hasierako onarpena emateko proposamena ere.
Bilkuraren hirugarren puntuan, 2022ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda aldatzeari buruzko proposamena onartu egin zen, EAJren aldeko bozkarekin, eta ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDUren abstentzioarekin.
EAJren botoekin aurrera atera zen HAPOren irizpideak eta helburuak berresteko proposamena, bai eta plangintzarako irtenbide orokorrak eta jendaurrean jarritako Aurrerapenari aurkeztutako iradokizun eta alternatibei emandako erantzuna ere, Erredakzio Taldeak emandako dokumentuetan jasotako baldintzetan. ABOTZANITZek, PSE-EEk eta EH BILDUk aurka bozkatu zuten.
Proposamena zehaztu ondoren, Txomin Sagarzazu Alkateak aipatu zuenez, “EAJko Udal Gobernuak hiru arrazoirengatik eraman du gaia Plenora. Lehenik, Hondarribiak premiazkoa duelako aurreko HAPOa baliogabetu zelako, dokumentua prestatu ahala partekatu dugulako eta hondarbitarrei Plan Orokorraren prozesuak gure jardunean erabateko lehentasuna duela adierazi nahi diegulako. Axola handiko pausua ematen dugu gaur, erabateko lehentasuna ematen diogu gaiari eta gaurko egunak aurrera begira jartzen gaitu”.
ABOTSANITZek aurkako bozka eman zuen. “Dokumentua idatzita zegoenean izan dugu lehen bilkura, eta horrekin ez gaude ados. Abiapuntua behar zuena helmuga izan da. Animo eraikitzaileekin egin ditugu gure proposamenak. Elite batentzat egiten ari da gure hiria Hondarribia, eta arazo handia da hori. Badirudi ez dela momentua EAJ ABOTSANITZekin akordioetara heltzeko, eta guk beraz aurka bozkatuko dugu”. Ondoren, boto partikularra aurkeztu zuen.
PSE-EE ere aurka agertu zen. “Aurkezten zaigun proposamena gutxi aldatzen da aurreko planarekin alderatuta, eta zehaztugabetasuna nabarmentzen da. Gure ustez, HAPOren gidalerroak etxebizitza publikoa, lurzoru industriala eta herritarrei arreta ona emateko eska daitezkeen zuzkidurak bermatzera bideratu behar dira, betiere hiri jasangarriaren eta inklusiboaren ikuspegitik. Prozesu parte-hartzaileagoa eta gogoetatsuagoa irekitzea eskatzen dugu”.
EH BILDU aurka agertu zen. “Berriz ere gobernuan dagoen taldeak bakarrik onartuko du, oposizioko alderdiek aurka bozkatuko dugu eta. Hausnartu beharko luke. Ez dugu parte hartzen erabakietan, dokumentua idatzita etorri zaigu eta. Defendatzen dugun eredua bestelakoa da eta aurka bozkatuko dugu”. Jarraian ere boto partikularra aurkeztu zuen.
Bi botu partikularretan, ABOTSANITZ eta EH BILDUk alde egin zuten, PSE-EEk abstentzioa eman zuen eta EAJk aurkakoa.
Jarduera ekonomikoa Zaldunborda II-an
“Irungo Udalarekin batera Zaldunborda II eremuko Planeamendua Bateragarria egiteko Hitzarmenari hasierako onarpena emateko proposamena dakargu Plenora. Helburua da jarduera ekonomikoak ezartzea bi udalerrien artean partekatutako eremu batean. Hondarribiko eta Irungo Udalak uste dugu ekimen interesgarria dela. Gobernu Taldeak uste du Hondarribiak gure hiriaren garapena eta etorkizuna bultzatuko duten jarduera ekonomikoetarako eremu bat behar duela, eta Irungo Udalarekin batera oso beharrezkoa den proiektu baten aldeko apustua egiten dugu” esan zuen Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.
ABOTSANITZek aurka bozkatu zuen, “Txomin Sagarzazu Alkateak zerbait badu Zaldunborda eremuarekin. Eremu honekin hankasartze berdina egin nahi duela dirudi. Zergatik lur-jabekide hauei baimena ematen zaie jakinda legedia urratu dutela? Eta beste batzuei ez? Norbait direlako izango da?”.
PSE-EE alde agertu zen. “Irun eta Hondarribia ados jarri dira industria sustatzeko, oso beharrezkoa dena kontutan hartuta turismoak gure hirian daukan indarra. Jarduera ekonomikoa zabaldu egin behar da, aukera bat da eta aprobetxatu egin behar dugu”.
EH BILDU aurka agertu zen. “Ez dugu ulertzen zergatik ari garen halako prisarekin orain. HAPOa eztabaidatzen ari garen honetan halako urgentziekin aritzea ez dugu ulertzen, eremu guzti hori erregulatzen ari gara eta”.
Presako partzelaren Xehetasun-azterlana behin betiko onartzeko proposamena aurrera atera zen. Maria Serrano zinegotziak esan zuenez, “66 etxebizitza babestu (garaje-plazak eta trastelekua barne), aparkatzeko beste 55 plaza eta 260 metro koadroko merkataritza lokal bat eraiki ahal izango dira”. EAJ, ABOTSANITZ eta PSE-EE alde agertu ziren, eta EH BILDU abstenitu egin zen.