Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Eduki publikatzailea
Atzealdea ONDO PASA ELKARREKIN

Hondarribian Ondo pasa baina ez pasa! kanpainak urte osoan zehar egiten duen lana borobilduko du Ondo pasa elkarrekin kanpaina berriarekin. Herri osoari zuzenduta dagoen kanpaina honek aurten protagonismo berezia eman nahi dizkie laster nerabeak izango direnei. Azken finean, prebentzioa egiteko zenbat eta lehenago hasi orduan eta eraginkorragoa izango da gure lana. Horregatik sortu da ONDO PASA ELKARREKIN.
Badira urteak Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuko hezitzaileak herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan prebentzio ekintzak burutzen dituztela. Tutoreekin batera, 10-12 urte bitarteko ikasleekin bizitzarako trebeziak lantzen dituzte. Batez ere, emozioak eta adinen arteko harreman osasungarriak.
Ondo pasa elkarrekin, lagunekin, familiarekin, bizilagunekin… izan ere, harreman aberatsak eta osasungarriak izatea indarra handia duen babes faktorea da. Hori da zabaldu nahi duten mezua. Nerabezarora begira, non lagunen arteko harremanak garrantzi handia hartzen duten, haurrei eta komunitate osoari helarazi nahi diote gogoeta hau. Drogen kontsumo eta adikzioa sortzen duten jokabideen aurrean, harreman onak duen pertsona batek baliabide gehiago izango ditu. Nahi badugu gure haurren ongizatea sustatu, heldu guztion lana da.
2022-2023 ikasturtean zehar egiten den lanak udako kanpainaren eragina bermatzen du gazteen artean. Izan ere, eduki garrantzitsuak gelan landu dituzte eta udako leloak laguntzen du hori guztia gogoratzen. Gogoratu nahi dute Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuko helburu nagusiena prebentzio eta osasunaren sustapena dela, hau da OHITURA ETA BIZIMODU OSASUNGARRIAK BULTZATZEA eta hemen kokatu behar direla egiten diren ekintza guztiak.
Alkohola eta gainontzeko drogei dagokionez, honako hauek dira udako kanpainaren helburuak;
18 urte baino gutxiago duten pertsonekin:
- Kontsumoa ez hastea edo ahalik eta beranduen hastea
- Kontsumoa dagoenean arduratsua izan dadila
Helduekin:
- Eredua dira
- Haur eta gazteen ardura komunitatearen pertsona heldu guztiena da
- Jarrera arduratsuak izatea orokorrean eta kontsumoekin ere bai
Beste eragile komunitario batzuekin: ostalariak, dendariak …
- EZ saldu ezta zerbitzatu ere edari alkoholikoak 18 urte ez duten pertsonei. Gauza bera tabakoarekin.
- Dispentsazio arduratsuari dagokionez, 18 urtetik beherakoei edari alkoholdunik ez zerbitzatzea. Intoxikatuta dauden bezeroei alkoholik ez zerbitzatzea eta gehiegi edaten ari denak mozkortuta ez amaitzeko ahalegina egitea. Bezeroak, gehiegi edan dutenean, jarduera arriskutsuei (esaterako, gidatzea) ez ekiteko konbentzitzea.
Irudi berria
Beti bezala, irudi berria landu da eta kartel berriak egingo dira kanpainaren leloarekin. Herriko ostalarien laguntzarekin, propio beraien lokaletan jartzeko egin dira non mezu hauek agertzen diren:
- Ez diegu 18 urtetik beherakoei tabakorik eta alkoholarik saltzen.
- Giro ona nahi dugu; errespeta itzazu pertsona guztiak eta jokaera eta kontsumo arduratsua izan ezazu.
- Edozein zailtasun edo eraso egoera gertatzen zaizula eska iezaiezu laguntza barran dauden pertsonei.
Kanpaina hau herriko pertsona guztiei zuzenduta dagoenez, udan zehar jarraituko dute informazioa helarazten.
Hondarribiko Udal Prebentzio Komunitario Zerbitzua Harresilanda Kalean 3 aurki daiteke. Harremanetan jartzeko: 943 11 12 13 – hpk@prebentzio.com
