Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Mugikortasun Ordenantza behin-betiko onartzea jorratuko da biharko Udalbatzan

Bihar arratsaldez Udalean burutuko den Osoko Bilkuran jorratuko den puntu garrantzitsu bat Mugikortasun ordenantzaren behin betiko onarpen proposamena. Honen berri emateko agerraldia egin dute gaur Txomin Sagarzazu Alkateak eta Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak.
“Biharko Plenorako zenbait punturen berri atzo eman bagenuen ere, garrantzitsua iruditu zaigu gaur espreski Mugikortasun Ordenantzaren inguruan berri zehatzago ematea, daukan zeresana kontutan izanik” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.
“Ez da gai berria mugikortasunarena. Gure Agintaldi Planaren ardatzetako bat mugikortasun jasangarri eta iraunkorra egiten ari garen aldetik, 2019az geroztik ari gara lanean, gure konpromezua hor dago eta hainbat ekimen jarri ditugu martxan mugikortasunaren inguruan: Hondarribia Mugitzen ari da, Mugi Zaitez kanpaina, Hondarribia biziketaz, Kalez Kale hobetzen programa nagusia, 30 kilometroko hiria, Bitoriano Juaristi kalea, Talaia Alai… eta hori guztia modu formalean jasotzeko markoa da Mugikortasun Araudia. Udalerri Batzordetik pasa da, eta biharko Udalbatzan behin-betiko onarpena egin nahi da”.
Bide luzea egin duen araudia
Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eman ditu xehetasun gehiago. Aspalditik daramagu mugikortasun ordenantza lantzen Udalean. 2020ko irailean mugikortasun mahaiari ordenantzaren lehen zirriborroa bidali zitzaion, urte bereko irailaren 30ean mugikortasun ordenantzari buruzko saio bat egin genuen. Bertan mugikortasun mahaiko ekarpenak jaso genituen. Mahaiko ekarpenak ikusita, zirriborroari buelta bat eman behar geniola ikusi genuen: mugikortasun jasangarrirako ikuspegia txertatu behar genuen, eta baita HMIPren (PMUSaren) irizpideak ere.
2020eko urriaren 7an mugikortasun mahaitik ateratako ordenantzari buruzko aurrekontsulta publikoari hasiera eman genion. Ordutik, mugikortasun mahaiko zirriborro berria lantzen hasi ginen. Eskerrak eman nahi dizkiet, Ingurumen teknikariari, Udaltzaingoari, eta Mugikortasun mahai osoari egindako lanagatik. Txalotzeko modukoa izan da.
Helburu desberdinak
“Ordenantzaren helburuak desberdinak dira” zehaztu du Silanes zinegotziak. “Mugikortasun iraunkorrari buruz eta bide-segurtasunari buruz garatzen ari diren kontzeptu berriak txertatzea eta zabaltzea. Hortaz gain, bide-segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzen laguntzea, lehentasunak, eska daitezkeen jokabideak eta kaleak eta espazio publikoak erabiltzeko arauak argituz”.
Gainera, ingurumenarekiko arduratsuenak diren garraio-moduak sustatu nahi ditu, baita bizikidetza gehien sustatzen dutenak eta bidezkoenak direnak ere. Pertsona guztien joan-etorri seguruak erraztu nahi ditu, baina bereziki, haurren, adinekoen eta behar berezi duten pertsonenak.
“Beste helburu argi bat da eremu publikoa berreskuratzea, zirkulatzeko edo ibilgailuak aparkatzeko ez diren erabileretarako” amaitu du Silanesek.
Behin-betiko onarpena egin aurretik araudiaren alegazioen erantzunak onartuko dira.