Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Mota guztietako 96 ekitaldi aurtengo Jai Nagusietan

Hondarribiak prestatua du bere jaietako egitaraua. Egitarau zabala da, 96 jardueraz osatua, adin guztiei zuzendua. Txomin Sagarzazu Alkateak eta Juan Luis Silanes Kultura Zinegotziak aurkeztu dute Udaletxeko Areto Nagusian.

2022·09·02

Hondarribiak prestatua du bere jaietako egitaraua. Egitarau zabala da, 96 jardueraz osatua, adin guztiei zuzendua. Txomin Sagarzazu Alkateak eta Juan Luis Silanes Kultura Zinegotziak aurkeztu dute Udaletxeko Areto Nagusian.

Txomin Sagarzazu Alkateak zera adierazi du: “denok ospatzeko gogo bizia dugu, hori nabaria da pandemiako urte hauen ondoren. Espero dugu prestatu dugun egitarauak ondo pasatzeko behar horri egoki erantzutea”. 

Sagarzazuk honakoa erantsi zuen: “indarkeria matxistarik gabeko jaiak nahi ditugu. Segurtasun gailuak ditugu prestatuak eta ‘Hondarribia Eremu Segurua’ markaren bidez prebentzio lanak egiten ari gara”.

Alkateak amaitzeko gogorarazi zituen osasun krisi honetan gehien sufritu dituzten pertsonak: “Eskerrak eman nahi dizkiet bereziki herritarrei, izan duten jokaeragatik”.

Juan Luis Silanes Kultura Zinegotziak egitaraua zehaztu du. “Jaietako egitarauak behin betiko ixtear dagoen 310.000 mila inguruko aurrekontua izango du. Ezinezkoa da ehun inguruko jarduerak zehaztea; horien artean daude, hilaren 6an, 11:00etan gaztetxoentzako txupinazoa, Klinkek antolatutako margo lehiaketa 16:00etan Gipuzkoa Plazan, edo Mugiri Elkartearen mus txapelketa, ordu berean Bentan.

Eskaintza ederra aukeran

Eskaintza handiaren artean, Silanesek zera nabarmendu zuen: «Mendelutik aterako den eta Amutetik barrena erdiguneraino joango den haurren danborrada, hilaren 7an». Hilaren 9an dultzaineroen diana, edo «motor lasterketa txikienentzat, inklusiboa, 11:00etan Butroi pasealekuan». Harresietan, hilaren 9an eta 10ean, haurren parke erraldoia, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Eguraldi txarra eginez gero Jostaldi pilotalekuan egingo da.

Hilaren 10erako, larunbata, «Kuadrilen arteko jokoak Bentan, sokamuturra San Pedro kalean edo adinduentzako omenaldi bazkaria Ardora jatetxean». Hurrengo egunean, ‘Baserritar Eguna’k zumardia beteko du «bertako ekoizleekin, abere erakusketarekin edo Egaña eta Peñagarikano bertsolarien emanaldiarekin».

Jaietako azkeneko egunean «txokolatada izango da gaztetxoentzat Arma Plazan, eta Haurrentzako ikuskizuna Gernikako Arbolan Xaiborren kontura», besteak beste.

Juan Luis Silanesek gogorarazi zuen bi erakusketa daudela Arma Plazan. Bat Danborradaren ehungarren urteurrenari buruz –irailaren 30a arte-, eta bestea kartel lehiaketari dagokiona –irailaren 18a arte-.