Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Mendi Tour jaialdiko filmerik onenak Hondarribian ostiral eta larunbatean

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera itzuliko da apirilaren 14ean eta 15ean, ostirala eta larunbata. Mendi Tourrak ibilbide oparoa du bertan, aurten 8. edizioa ospatuko du, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute. Hondarribiko Udala da ekitaldiaren babeslea, EITB taldeaz batera.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Hondarribiko programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat bezala baita zinemazaleentzat nahiz publiko orokorrarentzat.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 15. edizioan sarituak izandako 8 film eskainiko dira, Mendi Tour zirkuituko emanaldietan ikusleen harrera bikaina jasotzen ari direnak aurten. Jada 7.000 ikusletik gora bildu dira urtea hasiz geroztik eskainitako saioetan, Euskal Herritik abiatu eta Espainian ere zabaltzen den zirkuituan.
Sarrerak, 3€ saioko, Hondarribiko Arma Plazako leihatilan nahiz Kutxabank ticketing sarean erosi daitezke.
Saioak 19:00ean hasiko dira, eta 21:00erako amaituko dira. Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta.
Informazio gehiago: https://www.hondarribia.eus/eu/-/mendi-tour-2023