Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Martxoak 8arekin lotuta ekitaldi zerrenda zabala osatu dute Udalak, EMEKI Elkarteak eta hainbat eragilek
Bertan dugu Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Udalak, Hondarribiko beste zenbait eragilerekin batera, ekitaldi agenda zabala prestatu du datozen egunetarako, eta horren berri emateko prentsaurrekoa eman dute gaur ’Martxoak 8 plazan’; han izan dira Txomin Sagarzazu Alkatea, Gotzone Larrarte Berdintasun arloko zinegotzia eta Maria Serrano, Gazteria eta Prebentzio Komunitarioko zinegotzia, baita EMEKI Elkarteko ordezkariak ere. Azken horien izenean, Maria Jesus Berrotaranek hitzegin du.
Txomin Sagarzazu Alkateak hartu du hitza. “Elkarlanean martxan jarri dugu aurtengo Martxoaren 8rako egin beharreko lanketa. Horregatik eskerrak eman behar dizkiet EMEKI Elkarteko kideei, baita Udaleko zenbait departamenturi ere, elkarlan horren bidez programazio txukuna aurkezten baitugu. Egun batez ari gara, baina ikusten denez programazio zabala prestatu dugu, eta zalantzarik gabe urte osoan aritu beharko genuke gai hau lantzen”.
Gotzone Larrarte Berdintasun arloko zinegotziak zera gehitu du. “Denen arteko lan egokia egin dela uste dut. Egitarau zabala prestatu dugu, denetatik egongo da: antzerkia, zinema, kirola, hitzaldiak… haur zein helduei zuzendu nahi izan diegu, denoi dagokigun zerbait da eta. Zentzu honetan, jakina den EMEKI Elkartearen laguntzaz gain, pozgarria da Marlaxka Xake Elkartearena izatea ere.
Gogoratu nahi nuke ‘Martxoaren 8’-ak zer esan nahi duen. Mundu mailako iniziatiba bat da, emakumearen ahalduntzea bilatzen du, gure eskubideen aldeko lana aldarrikatu nahi du eta. Gure aurretik emakume askok lan handia egin dute eta egun honek beraiek gogoratzeko ere balio du. Herritarrak gonbidatu nahi nituzke ekitaldietan parte hartzera” gehitu du Larrartek.
Maria Jesus Berrotaranek, EMEKI Elkartearen izenean honakoa esan du: “Emakumeak garenez, guk egunero lan egiten dugu emakumeon eskubideen alde. Baina Martxoaren 8aren inguruan aste oso bat antolatzen dugu. Ekintza batzuk Udalak antolatzen ditu, beste batzuk gu, eta gainerakoak elkarrekin. Nik uste dut egitarau polita dela, eta herritarrak deitu nahiko nituzke parte hartzera”.
Maria Serrano zinegotziak eman dio amaiera ekitaldiari. “Gazteria eta Prebentzio Komunitarioa udal zerbitzua ekimen guzti hauetan ere lan egiten da. Ezinbestekoa iruditzen zaigu ‘Martxoaren 8’arekin loturiko mezua gaztetatik barneratu behar dela, berdintasunaren gaia txertatuta daukagu gazteekin. Berdintasuna transbertsala den gai bat da, elkarlan handia egiten dela ikusten da, eta horrek epe luzera emaitza onak emango dituela ziur nago”.