Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Martin Ugalderen mendeurreneko erakusketa zabaldu da Hondarribian

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, urtean zehar ekitaldi sorta zabala prestatzen ari dira hainbat eragileren artean. Horien artean, gaur Hondarribiko ARMA PLAZAko kultur eta informazio puntuan ireki den ‘Martin Ugalde Orradre: jaiotzaren mendeurrena (Andoain 1921 – Hondarribia 2004)’ erakusketa.
Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai eta Itsaso Ugalde Martinen seme eta alaba, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, eta Joanmari Larrarte, Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkaria.
“Gaurkoan Hondarribiarentzat oso berezia den erakusketa baten irekiera ekitaldian gaude” esan du Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak. “Ehun urte betetzen dira Martin Ugalde jaio zenetik eta horren harira, hainbat ekitaldi eder antolatu dira, eta hau horietako bat da. Eskerrak eman nahi nizkieke ekimen honetan lanean ari diran guztiei, bistan da lan ona egiten ari direla”.
“Guztiongandik ezaguna da Martin Ugaldek egindako lan eskerga. Horregatik nik Hondarribian egindakoan aipatu nahiko nituzke. Andoainen jaioa, ohorezko euskaltzaina (1921-2004), 1969an etorri zen gure artera Venezuelatik bueltan. Hiru urte igaro ondoren, frankismoak mugaz bestalde bizitzera behartu, eta 1976an kokatu zen behin betiko Hondarribian eta bertan idatzi ditu bere obra ugariaren hainbat ale” esan du Sagarzazuk.
Lan asko Hondarribian
“Aipatzeko modukoak dira, ‘Hondarribia’ euskarazko aldizkarian zenbait urtetan hilero-hilero argitaratu zituen artikuluak, gehienetan herri-bizitzaren hainbat alderdiri buruzko argibideak eskaini eta bere iduria emanez. 1986tik 1994 arte dozenaka artikulu idatzi zituen Ugaldek. 1984tik 1994ra ‘Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketen’ epaimahaikide izan zen. Hala, Udalak 1998an hiriaren Urrezko Insignia eman zion, “euskal kulturaren arloan egindako merituengatik eta gure hiriarekin lotura haundia izateagatik”.
Aipatu ere Zuloaga Etxean erakusketa egin zen 2004ean, Ugalderen lan garrantzitsuenak erakutsi zirelarik, eta 2014ko Neguko Jardunaldietan omenaldia egin zitzaiola, bere heriotzaren 10. Urtemugan.
Joan Mari Larrartek erakusketa mendeurreneko egitasmoen barruan kokatu du. “Erakusketak lau atal nagusi ditu. Batetik, sei ataletan banatu ditugun paneletan, bere bizitza eta obra ezagutuko ditugu hainbat argazkiz lagunduta (Ugalderen biografia, bere ekarpena politikan, literaturgintzan, kazetaritza alorrean, Martin Ugalde eta parkea eta Ugalde euskaltzale). Horrez gain, bitrina batetan Andoaingo udalak bere funtsetik utzitako zenbait elementu ikusiko ditugu: Ugaldek eskuratutako sarien diplomak, berak elkarrizketak egiteko erabiltzen zuen grabagailua…”
“Proiekzioa izango da uneoro ikusgai eta entzungai aretoko panel batetan. Bertan, ETBk 1992. urteko “Ispiluan” saioa ikusi ahal izango da, non Martin Ugaldek, bere azken urtetan, bere bizitzaz eta lanaz hitz egiten duen. Azkenik, mahai batetan Ugaldek bai kazetaritza, bai literatur alorrean idatzitako hainbat liburu jarriko ditugu ikusgai. Familiak utzitako liburuak dira. Eskerrak eman nahi dizkiet familiari, Hondarribiko eta Andoaingo Udalari, eta ekimenean lagundu duten guztiei” gehitu du Larrarte.
Ugalderen seme alabak pozik agertu dira ekimenarekin. “Gure aitak egindako lanaren zati handi bat ongi jasotzen da erakusketan, eta Hondarribian egitea guretzat garrantzitsua da. Oso eskertuak gaude eta erakusketaz gozatzera gonbidatu nahi genituzke herritarrak baita Hondarribira datozenak ere”.
Erakusketa ARMA PLAZAn ireki da gaur bertan, eta uztailak 4 arte zabalik egongo da. Astelehenetik igandera irekita egongo da, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00tara.