Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea Hondarribiak memoria historikoari eta emakumeen aitortzari lotutako plaza berria izango du

2026-05-28
Hondarribiko Udalak beste urrats bat eman du memoria historikoa eta emakumeen aitortza uztartzeko bidean.

Atzo egin zen maiatzeko osoko bilkuran, Udalbatzak hasierako onarpena eman zion Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizaren alboan dagoen plazari “Maria Garro plaza” izena jartzeari, Abotsanitz eta EH Bilduren aldeko botoekin; EAJ-PNV eta PSE-EE abstenitu egin ziren.

Izendapen berriak helburu bikoitza du. Duela lau mende sorginkeriaz akusatu eta jazartutako Hondarribiko emakumeen memoria berreskuratzea eta, aldi berean emakumeek herriko espazio publikoan duten presentzia eta aitortza indartzea. 

Ekimen hau Hondarribiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren barruan kokatzen da, emakumeen ahalduntzea eta kale-izendegian duten presentzia indartzeko konpromisoaren baitan. Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, izendapenaren proposamena EMEKI emakume elkarteak egindako eskaeratik abiatu zen: “Elkarteak gaur egun izenik ez duen plaza horri aitortza izaera ematea proposatu zuen, duela lau mende baino gehiago jazarriak izan ziren emakumeen memoria herriko espazio publikoan txertatzeko helburuarekin”.

Azken urteotan, Hondarribiko Udalak eta EMEKI emakume elkarteak elkarlanean hainbat plaza eta espazio publiko izendatu dituzte emakumeen eta emakume kolektiboen aitortza egiteko. Horren adibide dira Martxoak 8 plaza, Agustiña Genua Saralegi plaza, Petra Laborda Zuzuarregui plaza, Sare Konpontzaileen plaza, Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza, Veronica Urkiola plaza eta Bienvenida Emazabel Susperregi plaza.

“Maria Garro plaza” izendapenak ildo horri jarraipena ematen dio. “Kaleen izenek ere istorioak kontatzen dituzte: nor gogoratzen dugun, nor omendu dugun eta nori eman diogun lekua espazio publikoan”, nabarmendu du Enparanek. “Herriko kale-izendegian emakumeen presentzia oso txikia izan da urte luzez, eta horrek agerian uzten du espazio publikoaren eraikuntzan egon den genero-desoreka. Kale-izendegiaren eguneratzea ez da izenak aldatzeko ariketa hutsa; memoria kolektibo inklusiboago eta berdinzaleago baten alde egiteko tresna ere bada, emakumeen ekarpen sozial, kultural, politiko eta historikoa aitortu eta ikusgarri egiteko helburuarekin”.

1611ko sorginkeria auziaren memoria berreskuratuz

1611ko maiatzaren 6an, hainbat emakume sorginkeriaz akusatu zituzten parrokia ondoko eremu horretan, eta San Telmo gazteluan preso hartu zituzten. Hasierako dokumentazioan lau emakumeren izenak jasotzen ziren arren —Maria Ilarra, Maria Etxegarai, Maria Garro eta Inesa Gaxen—, baina ondorengo ikerketek gutxienez beste bi emakumeren identitatea ere argitu dute: Maria Migel Oyanguren eta Katalina Bereasarra. 

Adingabeen deklarazioetan oinarrituta, emakume haiei deabruarekin lotutako erritualak egitea, gauez hegan egitea edo ekaitzak eta gaixotasunak eragitea egozten zitzaien. Testuinguru hartan, halako akusazioek ondorio oso larriak izan zituzten, bereziki emakume zaurgarrienentzat edo egoera sozial ahulean zeudenentzat”, azaldu du Enparanek. 

Plaza izendatzeko hainbat aukera aztertu ostean, “Maria Garro” hautatu da, besteak beste, akusatutako emakumeen artean ezezagunenetakoa delako. Modu horretan, historiak bigarren planoan utzitako emakume baten memoria lehen lerrora ekarri nahi izan da, herriko kale-izendegian bere lekua emanez. 

Plazaren izendapenarekin batera, Udalak gertakariak jasotzen dituen liburuxka bat argitaratu eta plazan informazio euskarri bat ere jarriko du. Bertan, 1611ko gertakariak labur azalduko dira eta sorginkeriagatik epaituak izan ziren emakumeen izen-abizenak jasoko dira, Hondarribian sorginkeriagatik epaituak izan ziren emakumeen omenez.

Hondarribiko Udalak nabarmendu du espazio publikoek ere memoria eraikitzen dutela, eta helburua dela emakumeen ekarpen sozial, kultural, politiko, zientifiko eta historikoa aitortu eta ikusgarri egitea, erreferente anitzak sortuz eta espazio publikoan berdintasunaren ikuspegia txertatuz. Ildo horretan, Udal-gobernuak azpimarratu du lanean jarraituko duela herriko espazio publikoetan emakumeen presentzia eta oroimena indartzeko, hiri justuago eta berdinzaleago baten alde.

Behin Udalbatzak hasierako onespena emanda, espedientea 30 lanegunez egongo da jendaurrean. Era berean, hartutako erabakia Euskaltzaindiari jakinaraziko zaio, dagokion irizpena eman dezan. Jendaurreko epean erreklamazio edo oharpenik aurkezten ez bada, eta Euskaltzaindiaren irizpena aldekoa bada, hartutako akordioa behin betikotzat joko da. Erabakia behin betikoa denean, Udalak herritarrei zuzendutako ekitaldi bat antolatzea aurreikusten du.

Talde politikoen ekarpenak

Garoa Lekuona, EH Bildu:415 urte behar izan dira Inkisizioaren eskutik eta bermerik gabe epaituak izan ziren emakume horietako baten izena Udalera ekartzeko. Maria Garro da, agian, ezezagunena. EH Bildutik ere lanketa ezberdinak egin ditugu gai honen inguruan, eta Maria Garroren izena jartzearen alde gaude, jakinda oraindik badirela aitortza merezi duten emakume asko, Inesa Gaxen kasu. Azken urteotan izenik ez zuten plazak izendatu dira, baina  ez da inoren etxeko helbidea aldatu. Gure ustez, kaleek ere emakumeen izenak izan behar dituzte. Mahai gainean jartzen dugu kale-izendegia berrikusi beharra dagoela: emakumeen izenak espazio berrietarako erabiltzeaz gain, erreparazio modura gizon izenak dituzten kale batzuk aldatzea ere aztertu beharko litzatekeela uste dugu”.

Maria Serrano, EAJ-PNV:Begi onez ikusten dugu emakumeen presentzia handitzeko kale-izendegian egiten ari den lanketa. Aurreko agintaldian abiatu zen bide hori, EMEKIren ekimenez. Hala ere, lanketa parte-hartzaileago baten beharra ikusten dugu, elkarte, eragile eta bizilagunekin elkarlanean; izan ere, gaur egun ditugun hainbat plaza modu horretan sortu ziren. Emakume horien historia eta ekarpena balioan jartzeko, memoria kolektiboa lantzeko eta herriarekin partekatzeko jardunaldi edo ekitaldiren bat egitea ere interesgarria litzateke. Gure ustez, erabakiak elkarlanean eraikitzea da bidea, eta kasu honetan halako parte-hartze prozesu bat faltan bota dugu. Proposamenaren funtsarekin ados gaude; positiboa eta beharrezkoa iruditzen zaigu emakumeek kale-izendegian presentzia handiagoa izatea. Horregatik, plaza izendatzen den unean testuinguru historikoa azaltzeko jardunaldi bat antolatzea proposatzen dugu”.

Noemi Odriozola, PSE-EE:Argi dago kale-izendegian desoreka handia dela gizonen eta emakumeen presentziaren artean, baina egia da azken urteotan egoera hori pixkanaka zuzentzen joan dela hainbat izendapenen bidez. Ulertzen ez duguna da zergatik lehenetsi den emakume hau epaitutako guztien artean; gainera, memoria teknikoan ere ez da gai hori behar bezala argitzen. Proposamenaren aurka egon gabe, gogorarazi nahi dugu badirela kaleei izena emateko proposatu diren beste emakume batzuk ere. Proposamena positibotzat jotzen dugu, baina interesgarria iruditzen zaigu izendapen hau baliatzea herritarrek 1611n ustezko sorginkeriagatik egin zen prozesua ezagutzeko ekitaldi edo jardueraren bat antolatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dugu plaza eta kale izendapenen proposamenak aztertuko dituen batzorde tekniko bat sortzea”.