Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Maiatzeko osoko bilkurak hainbat puntu garrantzitsu onartu zituen atzokoan

Atzoko Osoko BIlkurak onartu egin zituen hainbat puntu garrantzitsu. Horien artean nabarmenak izan ziren Montañenea baserriko hirigintza-hitzarmena onartzeko proposamena, eta Cubo de La Magdalena/Labreder eskuhartze eremuko hirigintza-hitzarmena onartzeko proposamena.
Haseran mozio bat aurkeztu zuen hiritar talde batek, “Bidasoak haurren sikiatria zerbitzua berriz eskaintzen jarraitzeko, egoera berezia da eta zerbitzua ez da egoki ematen, Donostira joan behar dugulako eta horrek eraginak sortzen dizkigu, bai haurrei zuzenean baita familiei ere. Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzua okerrera doa eta Plenoari bere babesa eskatu nahi diogu. ABOTSANITZ, EH BILDU eta PSE-EE agertu ziren, eta EAJk abstentzioa eman zuen, “denok batera lanean jarraitu behar dugu. Euskadiko Osakidetza erreferente bat da, bada lana hobetzeko eta denen artean egin behar dugu, baina ez alarma egoerak piztu. Otsailetik langile horrek baja hartu zuen eta Osakidetza saiatzen ari da, ekainean OPE bat abian jarriko da plaza hori eta besteak betetzeko”.
Osasun Bidasoa plataformak jarraian beste mozio bat aurkeztu zuen, “Bidasoko ospitalean pediatriako larrialdien arreta zerbitzua berreskuratzeko eskatzen. 36 urtez ongi funtzionatu ondoren apirilean kendu egin zen eta kalte handia ematen du. 2012 urterarte zegoen pediatria eredua bueltatzea eskatzen dugu." ABOTSANITZ, EH BILDU eta PSE-EE alde agertu ziren. EAJ abstenitu egin zen. “Osasun zerbitzua oso ona Euskal Herrian. Gauzak hobetzeko beti badaude, baina ezin da ukatu Osakidetzatik lanak egiten ari direla, itxarote-zerrendak jaisten ari dira. Kritikak beti dira onak, baina eskatu nahiko genuke zentzuz jokatzea. Bidasoako pediatrek ere mezua zabaldu dute arreta egokia ematen jarraituko dela, urgentzia orduak jaitsiko direla egia da baina PAC zentroetan atentzio handiagoa emango zaie, hori profesionalek esan dute eta ezin da ukatu
Lehen hiruhilekoaren informazioaren berri eman ondoren eta Pertsonal saileko beste hiru puntu jorratu ondoren, aurrera atera zen ABOTSANITZ eta EH BILDUren babesarekin partiden arteko transferentzien ondorioz kredituak aldatzeko onarpen proposamena. “Ditugun erronkak ditugun baliabideekin ordaintzen saiatu gara, horretarako teknikariekin adostuta, Udalaren egikaritzean efizientzia handiagoa lortzea espero dugu, 865.000 euroko aldaketa egitea proposatzen da.
EAJk esan zuenez, ‘lan egiteko forma aldatu egin da, ez zaigu proposamenak egiteko aukera eman. Gero guk egindako proposamenak onartuko dira edo ez, baina lan egiteko sistema aldatu egin da gurekin kontatu gabe eta aurka bozkatuko dugu”.
PSE-EEk ere aurka bozkatu zuen, esanez “ez zaigu aukerarik eman gure proposamenak egiteko. Gobernu Taldeak orain arteko sistema aldatu egin du eta ez du alderdien arteko elkarrizketa bultzatzeko aukerarik eman”.
Zazpigarren puntuan denen arteko adostasunarekin onartu zen prezio publikoaren ordenantzaren hasierako onarpenerako akordio proposamena. Hala, 0’55 euro kilowatio orduko bakoitzagatik ordainduko da ibilgailu elektrikoak kargatzeko 60 kilowatioko instalazioaren prezio publiko bezala.
Hirigintza proiektu garrantzitsuak
9, 10 eta 12. puntuak defendatzeko azalpen antzekoa eman zuen Estitxu Urtizberea zinegotziak. Montañenea, Cubo de la Magdalena/Labreder, eta Residencial Montañenea S.L-k Etxanikenea inguruan egin nahi den hirigintza-hitzarmenak aipatuz ta nondik norakoak azalduz. “Hasteko, sarrera bate gin nahi nuke egoera orokorraren inguruan. Etxebizitza babestuen eskatzaileen artean, Hondarribiaren populazioaren %9 dira, eta eskatzaileen artean %71k alokairu sozialekoa eskatzen du eta %64k gela bakarrekoa nahi du. Etxebizitza larruialdi egoera bat bizi du Hondarribiak eta hori argi utzi behar da” esan zuen Estitxu Urtizbereak.
Montañenea ingurua urbanizagarri izendatu da, eta promotorarekin hainbat elkarrizketa izan ditugu. Behartu genuen promotora aurretik hitzartuta zeuden 22 familiekin 2018ko prezioa mantentzera, eta etxebizitza gehiago egitea, Udalarentzat 30 babestutako etxebizitza emango zaiolarik. Cubo de la Magdalena/Labreder inguruan aldiz, beste 30 etxebizitza emango zaizkio, eta alokairu sozialekoak izatea ere egokia iruditzen zaigu. Etxanikenean aldiz %25 etxebizitza libreak izango dira eta %75 babesekoak, eta tasatuak izango dira. Hemen ere eraikigarritasuna igo egingo da. Orotara 240 babestutako etxebizitzetaz ari gara. Gu Gobernu Taldean interes orokorraren alde gaude eta hori izan da gure iparrorratza, eta aurreko gobernuak ez zuen hori egin” esan zuen Urtizberea zinegotziak.
9. puntuan, Montañeneko proiektuak (alegazio bat izan du bakarrik), ABOTSANITZ eta EH BILDUren bozkekin atera zen aurrera. EAJk aurka bozkatu zuen. “Bi proiektuetan ez da lehiaketa publikorik egin, eta enpresa bati zuzenean eman zaio. Zergatik ez lehiaketa publikoa egin? ziuraski dirua aurreztuko luke Udalak. Etxebizitza publikoen alde gaude, baina hau bezalako konbenio urbanistiko potolo bat ez dago argi lege aldetik, laino asko ditu. Gainera 45 orduko epean eman zaigu txosten juridikoa, ez da epea errespetatu”.
PSE-EEk ere aurka bozkatu zuen. “Jabeekin negoziazioa ez da ona izan, humiltasun falta ikusi dut propaganda asko egon da eta”.
10. puntuan Cubo de la Magdalena/Labreder proiektuak (216 alegazio jaso zituena) aurrera atera zen ere ABOTSANITZ eta EH BILDUren aldeko bozkekin. EAJk aurka bozkatu zuen. “Lehen bezala etxebizitza publikoen alde gaude, baina inseguridade juridikoa ikusten diogu hitzarmenari, prezioak puztuta daude, eta Udalak 365.000 euro emango dizkio enpresa eraikitzaileari. Zalantza asko sortzen dizkigu horrek, eta enpresa pribatu bati etxe hauek egitea konkursorik gabe ematea ez dugu ongi ikusten. Honetan ere dokumentazioa berandu jaso dugu”.
PSE-EEk aurka bozkatu zuen. “Zergatik Udalak SUKIA enpresari udal lur bat uzten dio 30 etxebizitza sozial eraikitzeko? Legea jarraituta portzentaiak ez dira horiek. Ez da gainera lehiaketa publikorik egingo. Iruditzen zaigu Udala ez dela gai etxebizitza publikoak eraikitzeko eta horregatik akordio horretara heldu dela enpresa batekin inongo konkurrentziarik gabe. Iruditzen zait Gobernu Taldeak kromoak aldatu dituela eta oposizioan zuen diskursoa erabat aldatu duela”.
Terrazen ordenantzaren behin behineko onarpena
11. puntuan Hondarribiko ostalaritza-establezimenduetako terrazak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onarpen proposamena.aurrera atera zen. “Sektoreak babesgabetasun juridikoa dauka araurik ez daukalako, eta herritar asko gogaituta daude” esan zuen Estitxu Urtizbereak, azalpen luze eta zehatz bat egin zuelarik. “Horregatik elkarrizketarako gune desberdinak sortu ditugu, kolektibo desberdinekin, entzute aktiboak eginez, denak entzunez, eta egin diren bilera guztien akta jaso eta web orrian publikatu dira.
Terrazen neurriak, azalerak, ordutegiak eta era guztietako informazioa dago ordenantzaren hasierako onarpenean. Onartuko balitz, behin-behineko onarpena izango da, alegazioak jasotzeko epea urriak 15 arte zabalduko da eta asmoa da gero berriz ere saio kolektiboak egiteko asmoa dugu, ahalik eta adostasun gehien izateko asmotan”.
EAJk aurka bozkatu zuen. “Ez gara sentitu prozesuaren parte. Aktak eskatu ditugunean esan zaigu web orrian zeudela, laguntzeko prest gaude uste dugulako denon arteko zerbait dela. Bilerak egin dira baina erabakia zuek hartu duzuela uste dugu eta horrek prena eman digu. Kontra horregatik egingo dugu, unilateralki egin duzute eta erabaki hartzea”.
PSE-EEK aurka egin zuen. “Prozedimendu aldetik ez da egoki jokatu. 48 ordu aurretik infomazioa jasota, iruditzen zait denbora gehiago behar dela eta atzeratzea erabaki ona dela. Ostalaritzari ez zaio erantzun, eta akordiorik eta kontsentsurik ez badago, gauzak zaildu egiten dira. Udan erabaki hauek hartzea ez da egokia, hobe ikusten dugu haserako onarpena atzeratzea”.
EH BILDUk esan zuen “prozesu partehartzaile batean oinarritu da, hitz egin da eta gure jarrera hori da, hitzegitekoa. Oreka bilatu behar da, Ostalaritza garrantzitsua da, herritarra baita eta herria zer esanik ez. Oraindik puntu asko falta dira behin betiko ordenantzara iristeko”.
Azkenik, Israel Palestinan egiten ari den sarraskia kondenatzea eta bertatik indar okupatzaileak alde egitea eskatzen duen mozio bat onartu zuen. PSE-EE eta EAJ-k aurkeztutako mozioak bederatzi puntu zituen baina lehen puntuan desadostasun nabaria izanda, bi botaketa egin ziren. Hala, lehen puntua ez zen onartu eta beste puntuak aintzat hartuta aurrera atera zen mozioa.